Hizkuntzalaritza esperimentala jorratuko duen katedra bat ireki dute UPPA Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean, Euskal Ikasketekin eta Iker zentroarekin harremanean. Arrate Isasi Isasmendi ikerlari eta irakaslea izendatu dute egitasmoa eramateko. Haur elebidunen hizkuntza jabekuntza aztertzeko helburua izanen duen AHAL Akitaniako Hizkuntza Aniztasun Laborategia proiektuarekin bat egiten du katedrak.
Ikusi gehiago
Haur elebidunen hizkuntza jabekuntzaren prozesua ikertzea izanen da katedraren helburua, begirada berezia jarrita euskarari. «Interesatzen zaigu euskara eta frantsesa ikasten ari diren haur elebidunen hizkuntza jabekuntza aztertzea», esplikatu du Isasik, baita «elebitasun maila desberdinek hizkuntza jabekuntzari nola eragiten dioten» ikertzea ere.
Bost urteko ibilbidea izanen du katedrak lehenik, eta hizkuntza jabekuntzari buruzko ikerketen lehen emaitzak karrikaratu ondotik, etorkizunari begira «egonkortzea» da helburua.
Isabelle Baraille UPPAko ikerketa arduradunak erran du ikastetxe batentzat beti dela baliotsua «ibilbide eredugarria» izan duen ikerlari bati harrera egitea, Isasik orain arte egin duen lana nabarmenduta. Iker zentroak egiten duen lana ere goraipatu du. «UPPA atxikia zaio biltzen duen lurraldearen berezitasunari, eta, beraz, atxikia zaio euskarari».