Euskal Hirigune Elkargoak behin-behinean eten du emisio gutxiko eremua ezartzeko prozedura, eremu horiei begira Parisen zer erabakitzen duten jakin bitartean. Izan ere, Frantziako Asanbleako batzordean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalak ezarritako zuzenketak onartu zituzten asteartean, emisio gutxiko eremuak kentzeko. «Zuhur» aritzeko beharra nabarmendu du Martine Bisauta Euskal Elkargoko Klima Trantsiziorako lehendakariordeak. «Ez dugu gasturik eginen neurria ezarriko den ala ez jakin gabe».
Ikusi gehiago
Hirigune Elkargoko hautetsiek otsaileko batzarrean erabaki zuten ekainaren 1ean sartuko zela indarrean emisio gutxiko eremua. Lapurdiko 27 herrik osatzen dute elkargoak ezarritako eremua. Erabaki hori ez dute zalantzan jarri, baina prozedura behin-behinean etetea erabaki dute, hala nola eremua iragartzeko bi seinaleak egiteko agindua —500.000 euro inguruko gastua du— eta herritarrei emanen dizkieten laguntzei buruzko erabakia. Gaurko biltzarrean bozkatu beharra zuten, baina deliberoa gai ordenatik kentzea erabaki dute.
Haserre mintzatu da Bisauta Parisen diputatu batzuek hartutako erabakiari buruz. Erabilitako argudioak «aski miserableak» direla erran du. «Ez dakit posible den Frantziako Estatuan emisio gutxiko eremurik ez izatea, ikusita inguruko herrialdeetan abiatuak direla. Frantziako hainbat lekutan ere plantan dira jadaneko».
Collette Capdevielle PSko diputatuak eskuinari eta eskuin muturrari egotzi dio neurria atzera botatzeko borondatea, eta jakinarazi du hainbat diputatuk zuzenketa bat aurkeztuko dutela neurria berriz ezartzeko. «Zure adiskide politikoekin mintzatu beharko zenuke», erran dio Jean Rene Etxegarairi. «Eta nork erraten dizu ez dudala egin?», erantzun dio Etxegaraik. Euskal Elkargoko lehendakariak erran du emisio gutxiko eremua berriz ezartzeko PSko diputatuaren ekinbidea babesten duela.