Euskal Hirigune Elkargoak 580 milioi euroko aitzinkontua bozkatu du

Aitzineko urteetan baino babes zabalagoa izan du aurrekontuak, baina zenbait kritika egin dituzte talde politikoek. Eztabaida eramateko eta erabakiak hartzeko metodoa gaitzetsi du Bil Gaiten-ek.

Etxegarai eta Ezenarro Euskal Hirigune Elkargoko biltzarrean. PATXI BELTZAIZ
Etxegarai eta Ezenarro Euskal Hirigune Elkargoko biltzarrean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko martxoaren 29a
14:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken urteetan baino babes zabalagoa izan du Euskal Hirigune Elkargoaren 2025erako aurrekontuak. 147 hautetsik bozkatu dute alde, zortzik bozkatu dute kontra, eta 53 abstenitu dira. Estatuaren diru laguntzen eta bestelako partaidetzen apaltzea pairatu behar dituzten testuinguru batean, «egoerari egokitzeko beharra» aipatu du Kotte Ezenarro finantza arloko lehendakariordeak, zergarik emendatu gabe eta politika publikoei buruzko helburuak apaldu gabe. 580 milioi euroko aitzinkontua izanen du Ipar Euskal Herriko erakundeak; horietarik kasik berrehun milioi lurraldean zehar inbertsioak egiteko.

Hautetsien gehiengoak proposatutako norabideak ontzat eman badituzte ere, izan da kritikarik egin duenik ere. Nicole Etxamendi Bil Gaiten talde politikoko eledunak salatu du ez dagoela aurrekontuaren lehentasunei buruzko eztabaida eta erabakirik, eta horiek eramateko metodo falta egotzi dio exekutiboari. «Non erabakiak dira proiektuak? Zer irizpide objektiboren arabera sailkatuak dira? Zer adierazleren arabera egiten da proiektu horien jarraipena?», galdetu du. Oroitarazi du urteak direla elkargoaren proiektuei buruzko eztabaida eskatzen dutela. «Dirudienez, gogoeta bat antolatuko dute batzorde exekutiboan, baina aurrekontua bozkatu ondotik. Zer erabakitzeko?». 

Horrez gain, azterketaren beharra ere nabarmendu du Etxamendik, elkargoaren aurrekontuaren, politika publikoen eta lurraldeen arteko lotura egin ahal izateko. «Funtsezko dokumentua da, eta badu funtzio pedagogiko bat: balio du bermatzeko baliabideak behar bezala bideratuak direla markatutako helburuei begira». Kritikatu du iaz berandu jaso zutela, eta aurten ez dutela halako dokumenturik eskuratu. Oro har, politika publikoak ebaluatzeko mekanismoak ere eskatu ditu.

Izan ere, Elkargoak bozkatzen dituen inbertsioen obratze tasa %60,9koa da gaur egun. Are apalagoa da bigarren mailako proiektu batzuen kasuan. «2025erako %80ko obratze tasa aurreikusten dugu. Galdera bakarra hau da: nola?». Azkenik, erran du aurrezkiaren egoera «okertzen» ari dela. Abstenitzea erabaki dute Bil Gaiten taldeko kideek.  

Funtzionamendu gastuak neurtzeko egindako indarrari babesa eman dio Philippe Massek, Elkarrekin Herriarentzat taldearen izenean. «Baikorra da, baina gure finantza osasuna ez da aski ona». Erran duenez, Elkargoaren aurrezkia «kezkagarria» da, eta iradoki du oraindik indar gehiago egin litekeela. Elkargoak 40 milioi mailegatzeko asmoa izatea ere ez du ontzat jo. «112 milioi euroko inbertsio aurreikuspen batean oinarritzen da; alta, iaz 70 eta 80 milioi arteko inbertsioa egin genuen».

«Diskurtso dogmatikoa»

Ezenarrok erantzun die lehenik talde politikoek egindako galderei. Erran du dokumentu anitz eman dituztela orain arte, eta errealizazio tasei baino gehiago «inbertsio masei» begiratu behar zaiela: «milioi anitz inbertitu ditugu lurraldearentzat». Hala ere, onartu du elementuak komunikatzen denbora gehiegi hartu dutela. «Emanen dizkizuegu azterketa guziak», iharduki dio Etxamendiri.

Metodoari buruzko diskurtsoa «dogmatikoa» kritikatu du Jean Rene Etxegarai lehendakariak. Erran duenez, batzorde exekutiboan lurralde guziak ordezkatuak dira eta bakoitzak badu aukera informazioa eskatzeko. «Edozein dokumentu eskatzen denean, ematen dugu, eta horri buruz eztabaidatzeko aukera eskaintzen dugu». Etxamendiri leporatu dio iradokitzen dutela «zerbait ezkutatzen» ariko liratekeela exekutiboan. «Baina zer ezkutatzen dugu?». Erran du metodoa «perfektua» ez bada ere metodoa badagoela.

Aurrekontuari buruz kritikak edo zalantzak plazaratzen diren bakoitzean ematen duen erantzuna eman du Elkargoko lehendakariak. «21 politika publiko ditugu; egin beharko genukeena baino gehiago egiten dugu». Erran du fiskalitatea ezinbestekoa dela horretarako. «Mailegurik ez egitea edo zergak ez emendatzea Euskal Herriarentzat anbiziorik ez izatea da».

Arbonan, laborantza lurren inguruko kezka

Arbonako (Lapurdi) hirigintza plana aldatzeko deliberoak ere eztabaida sortu du Euskal Elkargoko biltzarrean. Bere horretan erabakiak erronka gutxi izan balezake ere, herriko oposizioak salatua du Marie-Josephe Miallocq auzapezak promotore batekin egindako tratua duela gordea, eta, haien hitzetan, laborantza lur batzuk arriskuan egon litezke. Hori bera aipatu du Emmanuel Alzuri Bidarteko (Lapurdi) auzapezak ere elkargoko eztabaidan. Horrez gain, Paueko Administrazio Auzitegian helegite bat ezarria izan da hirigintza planaren aldaketaren kontra. Bil Gaiten taldeak deliberoa bertan behera utzi eta geroago bozkatzeko eskatu du egoera argitu bitartean; Etxegaraik ez du onartu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.