Euskal erle beltza babestu

Mizel Setoain (Erle Beltza elkartea)
2024ko abenduaren 13a
05:05
Entzun

Erle beltza elkartea 2013 inguruan sortu zen, Iparraldeko erlezain ttipi batzuek lekuko erlea babestea deliberatu zutelarik.

Zergatik zaindu lekuko erlea? Erle hazkuntzan ez zen gehiago erabilia —edo guti—, kanpotik etorri erle arrazak ibiltzen baitziren, ezti gehiago egiteko, eta merkatu bat baitzegoen erle horiei buruz Europa osoan. Baina lekuko erle beltza bere ingurumenari lotua da: klimari eta landaretzari, bereziki. Orduan elkartu ginen gure helburu bera zuten Gipuzkoako eta Nafarroako erlezain batzuekin, eta ERBEL taldea osatu genuen haiekin. Orain zazpi probintzietako euskal erlezainak biltzen ditu elkarte horrek. Europan den lekuko erle arrazen sare batean parte hartzen du ERBELek (hor bana bertze: alemanak, estoniarrak, portugesak, poloniarrak, italiarrak, eta abar), eta bakoitzak bere jakitatea partekatzen du bertzeekin. Genetikari buruz lan bat egina da, baita selekzioari eta formakuntzari buruz ere. Euskal erlearekin lan eginez, Europako bertze erlezainei ireki gara.

Erle beltza lore ezberdinetan ibiltzen da, kanpoko bertze arrazak baino gehiago. Hola eginez, bioaniztasuna sustatzen du; landareei buruz, partikularki.

Erle beltza lore ezberdinetan ibiltzen da, kanpoko bertze arrazak baino gehiago. Hola eginez, bioaniztasuna sustatzen du; landareei buruz, partikularki, horiek ernalduz.

Elkarlan bat egin nahi izan dugu kalitatezko erleak eskuratzen edo erlezaintzan ikasteko. Azken puntu hori garrantzitsua da. Ez da erlezaintzan hasten ahal erleari buruzko ezagutza batzuk menperatu gabe. Horretarako, erlezaintzan hasi nahi dutenei erlezaintzako kurtsoak proposatzen dizkiegu, eta adituei azken jakitateei buruzko informazioa, urtean behin edo bitan. 

Erle beltzarekin erlezaintzaren bertze ikusmolde bat ere badugu: hazkuntza intentsiboari uko egiten diogu, eta hori ere bada gure filosofia. Behar da jakin erlezaintza intentsiboetan kanpotik etorri erle arraza batzuekin ehun kilo eztira hurbiltzen ahal dela erlauntza bakarrarekin; guk gehienik 30 kilo egiten ditugu. Baina hazkuntza horietan azukre gehiago ematen zaie erleei, egiten duten eztia baino: hor, erlezaintzaren helburu nagusia galdua da (kalitatezko elikadura bat, lekuko mozkinekin). Erle beltzak laguntza gutirekin egiten du eztia.

Urte guztiz, Erle Beltzaren Eguna antolatzen du elkarteak, erakusketak, mintzaldiak eta informazioak emateko besta giro batean, eta lotura bat atxikitzeko erlezain eta erlezaleen artean. 2025ean martxoaren 16an izanen da, Itsasun. Baina gertakari horren aipatzeko parada ukanen dugu oraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.