Nagusiki emazteek lan egiten dute etxez etxeko laguntzaile gisa. Pertsona zaurgarriak laguntzen dituzte, etxean ahal bezain autonomo egon daitezen. Elbarriak, adinetakoak ala eritasunen bat dutenak dira gehienetan, eta eguneroko zeregin batzuetarako norbaiten laguntza behar izaten dute: otorduak prestatzeko, jaten laguntzeko, etxeko garbiketa egiteko, erosketak egiteko, ikuzten laguntzeko... Biziki zabala izaten ahal da haien egitekoen zerrenda. Alta, baldintza prekarioak dituzte, gehienek oren gehigarri anitz egiten dituzte, nahiz eta denbora partzialetara lan egitera behartuak izan. LAB sindikatuak etxez etxeko langileen lan baldintzei buruzko ikerketa bat egin zuen 2023ko abenduaren eta iazko uztailaren artean; 53 langilek erantzun dute, eta horietarik bi baizik ez dira gizonak. Asteartean gizarte eta zaintza arloko langileek greba egin zuten Baionan, baita mugimenduan parte hartzera deituak ziren etxez etxeko langileek ere. Baionako Departamendu Kontseiluaren aitzinean bildu ziren.
Sektore publikoan lan egiten dute LABen ikerketan parte hartu duten langile gehienek —41ek—, baina sektore pribatuko enpresetan edota elkarteetan ere lan egiten ahal da etxez etxeko langile gisa, eta baita autonomoki ere. Nolanahi ere, sindikatuak jomugan izan ditu egitura batendako lanean ari direnak. LABeko ordezkaria da Evelyne Mouesca etxez etxeko langilea, Kanboko Gizarte Ekintzarako Herri Zentroan egiten du lan, eta salatu du beren lana ez dela «sekula seriostzat» hartzen. «Ez gaituzte behar bezala kontsideratzen, lan gogorra da fisikoki eta moralki, eta molde isolatuan egiten dugu lan. Edozein hobekuntza lortzeko bataila izugarri luzeak egin behar dira, eta den mendrena lortzeko ere etengabe borrokatu behar dugu», salatu du Mouescak. Hogei urte dira arlo horretan lan egiten duela, eta iruditzen zaio, oro har, mespretxuz begiratzen zaiola egiten duten lanari. «Zenbat aldiz entzun dut garbitzailea naizela!». LABeko kideak uste du mespretxu horren eraginez ez dizkietela hobetzen lan baldintzak, eta esan du gero eta gehiago eskatzen dietela.
«Ez gaituzte behar bezala kontsideratzen, lan gogorra da fisikoki eta moralki, eta molde isolatuan egiten dugu lan. Edozein hobekuntza lortzeko bataila izugarri luzeak egin behar dira, eta den mendrena lortzeko ere etengabe borrokatu behar dugu»
EVELYNE MOUESCALABeko etxez etxeko langileen ordezkaria
Izan ere, gero eta jende gehiagok behar du etxeko laguntzaile bat: batetik, populazioa zahartzen ari da, zahar etxeetan lekua lortzea zaila da eta biziki kario da, eta familia batzuentzat ezinezkoa da horren ukaitea. Bestetik, jende anitzek etxean egoteko nahikeria dute, baina laguntza bat beharrezkoa zaie horretarako. «Zentzugabea da, baina laguntzen ditugunen etxean ez dugu denborarik gauzak behar bezala egiteko. Gure ordutegiak kudeatzen dituztenek kargatzen dizkigute egunak, eta egiten dugun gauza ororendako denbora neurtzen dute», erran du Mouescak. Iritzi berekoa da haren lankide Lison Pignol ere, uste baitu oroz gainetik lanbide hori zailtzen duena «bulegoetako kudeaketa txarra» dela. «Sekulako desberdintasunak izaten ahal dira gure ordutegietan aste batetik bestera. Koordinazioa falta da, eta bulegoetako informazioa ez zaigu beti ongi arribatzen», deitoratu du Pignolek.
DATUAk
%94Zenbat langilek egiten dituzten oren gehigarriak, ehunekotan. LAB sindikatuak egin duen ikerketaren arabera, etxez etxeko 53 langiletik 50ek kontratuan aurreikusi baino ordu gehiago egiten dituzte. Sindikatuak esplikatu duenez, hitzarmen kolektiboan adostua da erregularki aurreikusi baino oren gehiago eginez gero kontratua aldatu behar zaiola langileari.
%49Zenbat langile publikok ez duten Segur saririk. LABen ikerketan, etxez etxeko 41 langilek lan egiten dute sektore publikoan, eta horiei Segur saria aplikatzen ahal zaie, Frantziako Gobernuaren dekretuen arabera. Egitura publikoen ia erdiek, ordea, ez diete hautuzko sari hori banatzen etxez etxeko langileei.
Hala uste du etxez etxeko laguntzaile Jeromek ere —asmatutako izena da, anonimoki mintzatu nahi baitu—; bere ordutegiak azken momentuan errezibitzen ditu, eta, oren biziki gutiko kontratua duenez, «malgutasun handia» ukan behar du enplegatzailearen plangintzak betetzeko. Ipar Euskal Herriko egitura publiko batean lan egiten du, astean hamar orenez. «Kontratu ttipiak ditugunok prekaritate egoeran gara, zinez azpiko maila batean. Giza baliabideen zerbitzuarekin harremanak ukaitea biziki konplikatua zaigu».
Baldintza zailek eta ordutegien aldaketa etengabeek pazienteen zaintza «kaltetzen» duela uste du Jeromek. «Ordu guti lan egiten dugunok, kontratu handiagoen betelana egiten dugu, eta horrek eragiten du askotan jende anitzekin egiten dugula lan. Baina egoera batzuk delikatuak dira, eta pertsonek egonkortasuna behar dute. Eskaintzen diegun laguntza zailtzen du horrek», erran du. Pignolek gehitu du autonomia galtzen ari diren pertsonekin lan egitea ez dela «sinplea», eta, gainera, batzuetan haien «haserrea pairatu» behar izaten dutela. «Adineko pertsonez gain, patologia larriak dituztenekin lan egiten dugu batzuetan, eta haietako batzuentzako zaila da laguntza behar dutela onartzea. Hortaz, ez gaituzte beti ongi hartzen beren etxean. Hori ere kontuan hartu behar litzateke; ez da edonor edonora bidali behar».
Departamenduaren ardura
Departamenduaren esku da etxez etxeko langileei lan egin ahal izateko baimenak banatzea, eta departamenduak kudeatzen ditu, gainera, pazienteen diru laguntzak. izan ere, APA Pertsonen Autonomiarako Laguntza galdetu behar da laguntza hori eskuratzeko; Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan, iaz 12.947 galde ukan zituzten —horietarik erdia, Ipar Euskal Herrian—. Annick Trounday departamenduko gehiengoko hautetsiak segurtatu du «adinekoen autonomia lehentasuna» dela instituzio hartan. «Gu ez gara sartzen egitura bakoitzaren kudeatzeko maneran, arazo larririk ez bada, bederen. Egitura bakoitzaren zuzendarien esku da langileak kudeatzea. Dena den, segur da lan hori biziki zaila dela fisikoki eta humanoki, eta ari gara lantzen lanbide horien erakargarritasuna», erran du Troundayk. EH Baiko departamendu kontseilari Annie Povedak eta Iker Elizaldek, berriz, arrangura agertu dute departamenduaren aurrekontuari dagokionez: pertsonen autonomiarako eragileen buxeta apaldu du departamenduak, EH Baiko kontseilariek agiri batean salatu dutenez.
«Gure baldintzak gero eta okerragoak dira; berriki, pazienteen etxean zenbat denbora pasatzen dugun neurtu dute, eta minutu kopuru jakin bat pasatzen ahal dugu hor, ez bat gehiago, ez bat gutxiago. Ahantzi dute jendeekin lan egiten dugula»
LISA PIGNOLEtxez etxeko langilea
LABen ustez, Pirinio Atlantikoetako departamenduak funtsezko rola du etxez etxeko laguntzaileen lan baldintzei begira. «Departamendua da etxeko laguntzaileen ihardukitzailea, eta, hala ere, hautetsi gutiegi arduratzen dira gure lan baldintzez», salatu du Mouescak. Beren lanbidea «guti» ezagutua denez, «eskumenei, soldatei edo lan baldintzei dagokienez» ezagutza urriak dituzte instituzioek. LABek eskatu du etxez etxeko langileen baldintzak hobetzeko «neurri zehatzak» behar direla, eta departamenduari galdetu dio segurta dezan eragile publikoek eta pribatuek etxez etxeko langileen lan baldintzei dagozkien araudiak betetzen dituela.
«Dena egiten jakin behar dugu, etengabe egokitu behar dugu, eta, hala ere, jendeek ez dute ezagupenik gure lanbidearentzat. Denek uste dute nornahik egiten ahal duela lan hori, baina zin dagit ez dela hala», jakinarazi du Pignolek. Salatu du instituzioek arlo soziala arrunt bazterrera uzten dutela. «Gure baldintzak gero eta okerragoak dira; berriki, pazienteen etxean zenbat denbora pasatzen dugun neurtu dute, eta minutu kopuru jakin bat pasatzen ahal dugu hor, ez bat gehiago, ez bat gutxiago. Ahantzi dute jendeekin lan egiten dugula». Instituzioek beren ardurak hartzeko, Pignolek uste du lehen urratsa gizarteak etxez etxeko langileez duen «ikuspegia aldatzea» dela. «Jendeek autonomia atxikitzeko beharrezkoak gara, eta horren kontzientzia hartu behar du gizarteak; bestela, deus ere ez da aldatuko», ondorioztatu du.