Ortzaizeko ikastolako eta eskola publikoko buraso batzuk joan ziren Euskaltzaleen Topaguneak astelehen arratsean Ortzaizen antolatu gaualdira. Euskara biziberritzea helburu, burasoen eta haurren arteko hizkuntza usaietan nola joka daitekeen aztertzea zen xedea. Horretarako, Plazara kooperatibako Xan Aire eta Elorri Garat psikologoa juntatu zituzten.
Xan Airek oroitarazi zuen halako gaualdia aita-amek berek bizi duten grina baten ondorioa dela: «Buraso bezala ez dugu beti gure tokia errexki atzematen, eta ez dakigu beti zer egin». Galdera baita haurrekin nola joka euskara ez dadin arrunt bazter egon. Aire lanean aritua da Seaskan Elorri Garat psikologoarekin, korapilo horien inguruan. «Ikusi genuen ezin zirela euskara alde batetik eta haurraren garapen emozionala bestaldetik hartu; sekula gurutzatzen ez diren bi zutabe balira bezala», aipatu zuen Garatek, lan horietarik jalgi ondorio gisa.
Autoestimua
Abiatzeko, Airek lan ttipi bat eman zien egiteko jinak ziren entzuleei. Paper zuri batean bat-bederak bere bizian, baita lanean ere, euskararekin nolako ibilbidea ukan duen behar zuen irudikatu marrazkiz. Horretarako, ibaiaren metafora zuten oinarria. Ur anitzeko ibilbidea izan zenez ala desertu erdiko ur liska; ur-jauzi nasaia ala xirripa, eta abar. Marrazkia saihetseko lagunari erakutsi eta esplikatzeko, gero.
Denetarik atera da. Harreman guti batetik emendatuz joan dena, horren kontrakoa, joaira handiagoko ibilbide erregularra. «Ariketa hau eginarazten dugu gaian sartzeko; geure burua euskararekiko berriz kokatzeko», erran zuen Airek. Baita autoestimurako puntu baten egiteko ere. «Gai gara errateko gaur arte iraun dugula».
Euskarak bizi duen kinka zailari buru egiteko autoestimua berriz lantzeak badu munta, bakoitzaren autoestimua kolektiboarena bezala. Horretarako, euskal kultur eragile ezagun batzuen aipuak ekarri zituzten: Koldo Mitxelena, Kike Amonarriz, Maialen Lujanbio eta Juan Carlos Etxegoien Xamar. Euskarak orain arte iraun duela, eta iraun badu, hain segur euskaldunek garai bakoitzari egokitzen eta olde berrien integratzen jakin dutelako dela, diote. Hori, euskaldunek beren burua izendatzeko izan daitekeen definiziorik irekiena ukanez: nornahi bilaka daiteke euskaldun, euskara ikasten duen ber. Eta horri esker iraun dutela. «Mito bat da populu biziki hetsi eta isolatua izan garela», dio Xamarrek. «Ezinezkoa da, Europa mendebaldeko autopista nagusi batean baikara».
Hori guzia erakusteko, haurren hizkuntza ibilbidea landu daitekeela, goxotasunean. «Gure haurrak euskaraz ariko baldin badira etorkizunean —horiek ere beren ibaia baitute eramateko—, elkarrekin prestatua izanen dugulakoz da», erran zuen Airek. Argi ukanik euskara mintzaira gutiagotua dela, tokiak murriztuak zaizkiona. «Espazio guti dugularik, erakutsia izan da hiztunak galtzen ditugula». Biziberritze eginahalak espazioen berreskuratzea du xede.
Burasoak eragile
Garatek dio biziberritze hautu hori tresna arras baikorra dela haurrei buruz. «Esplikatu behar diegu haurrei zendako egiten dugun euskararen hautua. Haurrek badute malgutasun sozial bat, eta biziki ohartzen zaizkie gauza horiei».
Gehiago dena, hizkuntza gutiagotuko haurrek hizkuntzari lotu emozioak bizi dituzte, helduen gisan. Emozio horiek hitzetan ezarri behar direla dio Garatek. Euskararekin den harremanak, gainera, ezinbestez familiako historiaren aipatzerat ekartzen duela dio. «Aitzakia bat gehiago esplikatzeko zergatik mozturak izan diren. Haurrak kontzienteago izateko». Aipatzea bera hezkuntza tresna bilakatzen da, «zeren-eta emozioak lantzen dira, arrazoinamenduan aberatsago dira, eta malgutasuna lortzen dute». Garatek haste-hastetik hitzetan ezartzea gomendatzen du, haurrak denborarekin barneratuko badu ere.
Airek, buraso-haur harremanean eta ingurugiroan baliagarria izan dakiekeen eskema bat erakutsi zuen ondotik: «Bainua», «mintzoa» eta «helduak» hirukotearen arteko plomuaren eskema. Paula Kasaresen eta Jone Miren Hernandezen ikerketa lanak ditu oinarrian. Biek esplikatu dute hizkuntza baten biziraupena ez dela bakarrik belaunaldi batek besteari pasatzearen afera. «Ez da bakarrik transmisio istorio bat, baina bada sozializazio istorio bat ere», laburbildu zuen Airek. Kasaresek eta Hernandezek aztertu dute zergatik haur batzuk sozializatuagoak diren euskaraz beste batzuk baino, alta «eskola berean eskolatuak» direlarik, «murgiltze ereduan» izanik ere. Azterketa horretarik jin da hirukoaren eskema.
Lehenik «hizkuntza bainu bat segurtatzea» inportantea dela diote: «Zer liburu dugun, zer musika entzuten, zer bainu kultural dugun». Munta handia du helduek zer kultur irudimen ekartzen duten egunerokoan euskararekin. Bainu horri mintzoa gehitu behar zaio. «Bainuak ekartzen ahal du haurra euskaraz igeri egitera, baina igeriketa hori lantzen da etxean ere». Denen arteko euskarazko mintzo hori funtsezkoa da jokoan, kirolean, apairuetan. Dena da mintzo hori nola sortu eta bermatzen ahal den haurren artean, haur eta helduen artean. Ekosistemak funtziona dezan, helduek hartzen dituzten usaiek munta handia dute. «Haurrak handitu ahala, geroz eta kontzienteagoak dira helduak zer hizkuntzatan ibiltzen diren».
Denbora eta erritualak
Bainu, mintzo eta helduen arteko jokoan, denborak garrantzia badu, Kasares eta Hernandezen arabera. Gauzak, molde iraunkorrean pentsatzeak, hots, Airek esplikatu duenez: «Gauzak gehiago erritualizatzea gomendatzen dute. Gauza sinpleak iraunkorki egitea».
Garatek zehaztu du egun guzietako erritual horiek zer ondorio dituzten haurraren eraikuntzan. «Erritualak antolatzen ditugularik gure haurrekin, horien segurtasun psikikoa dugu xerkatzen; momentu goxo bat, gogoetatua dena, lasaitasun bat eskaintzen duena». Euskararen biziberritzean sekulako inportantzia dute erritual ttipi horiek. «Erritualen errepikatze sistemak goxotasuna ekartzen duten usaiak sortzen ditu. Haur-buraso harremana sendotzen dute, eta euskaraz egiten delarik, lasaitasun bat sendotzen da, eta harekin, hizkuntza horrekiko lotura emozionala».
Etxekoen arteko aldiek duten munta azpimarratzeko datu bat eman du Airek: Europan, haurrek ikasgelan pasatzen duten urteko denbora %15 da. Aise denbora gehiago pasatzen dute, beraz, lagunekin eta inguruko helduekin.
Egoeren araberako galdeak
Airek eta Garatek etorri ziren burasoei galderen egiteko arte zabala utzi zieten bururatzeko. Etxeko hizkuntza egoeren araberako arrangurak aipatu zituzten.
Bi burasoetan euskaldun bakarra zen ama batek «sistema desorekatua» bizi duela zioen, dena beren gain zuelako eta «beti frantsesera lerratzen» direlako. Beste batek laguna euskaldun berria duela, eta haurra handitzearekin «mugak aski fite heldu» zitzaizkiola lagunari, haurraren euskara maila goratzearekin. Holako egoeran diren burasoak, haurra «ama eskola sisteman delarik ari dira euskaraz, baina haurra handiagoa delarik frantsesera lerratzen dira», gehitu zuen.
Beste buraso batek, haatik, zioen ama eta aita biak erdaldun hutsak direla etxean, eta tresnak falta dituztela euskaraz harreman bat egiteko haurrarekin.
Airek esplikatu zuen hizkuntzaren erabilpena bi ardatzeri lotua zela: ezagutza eta motibazioa. Batak bestea bazkatzen duela. Dena da buraso gisa «zer motibazio sustatzen segitzen ahal dugun», zioen. «Buraso erdaldunak nola motibatuko duen haurra euskaraz segi dezan». Horretan, zioenez, erritual ttipiek ekarpen handia egin dezakete.
Azkenik, ikastolako buraso batek beste arrangura bat partekatu zuen: buraso batzuen grinarik eza euskararekin; ikastolaren gain utzi dutela haurraren euskalduntzea, haiek frantsesez aritzeko. Hizlariek azpimarratu zuten burasoei mezu argiak hedatu behar zaizkiela berriz, hastapenetik, «ikastolak ez zaitu sekula ordezkatuko buraso gisa» erranez, haur eta nerabeentzat, helduen koherentziak duen inportantzia gogoratuz.