Etxeetako beroa atxikitzeko

Samuel Paulet obralariak etxebizitza pasiboak eraikitzen ditu, gutieneko berogailu sistema bat, isolatzeko material «naturalak» eta leiho zabalak dituztenak. Erran duenez, oraino kario dira halakoak.

(ID_17367804414605) Etxe pasibo bat, Garazin.
Etxebizitza pasibo bat, Donibane Garazin, iazko maiatzeko irudi batean. HITZA
Xalbat Alzugaray
2025eko urtarrilaren 18a
05:05
Entzun

«Hiru litroko etxea». Nahiz eta izenak bitxia dirudien, 1930eko hamarkadan Ludwigshafengo (Alemania) BASF kimika enpresa saiatu zen langileen etxebizitzak energetikoki hobetzen, sorturiko beroa ahal bezain guti xahutzeko, eta, hala, 2000ko hamarkadan, lortu zuten hiru litroko etxea deiturikoa eraikitzea. Hain justu, etxeko metro koadro bakoitzak urtean hiru litro fuel olio baizik ez erretzea izan dute helburu. Hortik abiaturik, etxe pasiboaren kontzeptua zabaldu zen: etxeak gastu energetiko ahalik eta apalena izateko gisan eraikitzea. Alemaniatik AEBetara jauzi egin ondotik, Asiara eraman zen etxeak eraikitzeko teknika hori. Ipar Euskal Herrian, Samuel Paulet obralaria  etxe pasiboak eraikitzen aritzen da, Donibane Garaziko Euskadi Eko enpresaren bidez. Obralariaren enpresako bulegoak pasiboak dira eta 2014an eraiki zituen. Etxe mota hori oraino «gutiegi» zabaldua dela erran du Pauletek. Hala ere, zehaztu du etxebizitza pasibo bat eraikitzea tresna «baliagarria eta eraginkorra» dela energia aurrezteko eta denbora berean etxeko beroa atxikitzeko. 

Obralariaren arabera, etxe pasibo batek ez luke ohiko etxeetan erabiltzen den berogailurik behar. «Ingurumenak ematen digun guzia erabili behar da. Eraikinak ongi orientatuz gero, eta berinazko irekidura handiak egiten badira, eraginkortasun energetikoa lor daiteke». Pauletek adierazi du irekidurak egiteaz gain beharrezkoa dela etxea eraikitzeko zureria «eraginkorra» izatea. Etxea ongi orientatzea, irekidura handiak egitea eta isolatzeko material eraginkorra erabiltzea, horiek dira etxebizitza pasibo bat eraikitzeko gakoak. 

«Ehun metro koadroko etxe pasibo bat berotzeko, urtean 150 litro fuel olio behar dira. Ohiko etxe bat berotzeko, berriz, 2.000»SAMUEL PAULETObralaria

Datuetan oinarrituta, Pauletek segurtatu du halako etxe bat eraikitzeko parada izanez gero ekonomia «franko» egiten direla eta energia «anitzez gutiago» xahutzen dela. «Ehun metro koadroko etxe pasibo bat berotzeko, urtean 150 litro fuel olio behar dira. Ohiko etxe bat berotzeko, berriz, 2.000 litro». Horrela, behar energetikoak ttipitzea helburu harturik, etxe pasibo batek manera ematen du neguan etxea 20-22 gradu artean izateko, eta udan, berriz, 24-26 gradu artean. Izan ere, etxebizitza «ongi» eraikia bada, aireztatze sisteman sartzen diren «gutieneko» erresistentzia elektrikoak aski dira barne tenperatura egokia lortzeko. 

Euskadi Eko enpresako eraikina.
Euskadi Eko enpresa, Donibane Garazin. Eraikin pasiboa da. PATXI BELTZAIZ.

Arraberritzearen erronka 

Euskadi Eko enpresako kideak ohartarazi duenez, ahal bezain energia guti xahutzeko eta etxeko beroa barnean atxikitzeko, «errazagoa» egiten zaio etxebizitza bat hutsetik eraikitzea zahar bat arraberritzea baino. Kasurako, Lasan borda bat arraberritzen ari da, eta erran du desafio «handiak» dituela. Gaineratu du eraikin zaharrak berritzean mugak atzeman dituela. «Etxe zaharretan, hezetasun arazoei aitzin egitea da erronkarik handiena. Badu urte bat arraberritze proiektua aztertzen ari naizela muga teknikoak gainditzeko».

Esplikatu du material naturalak «lehenetsi» behar dituela, arraberritzearen mugak gainditurik. «Isolatze ona egiteko, gisua edota artelazkia erabiltzen ditugu; hots, material naturalak». Eta gehitu du etxe zaharretako irekidura ttipiak handitu behar direla eguzkia barnera sartzeko. Lasako etxearen kasuan, berriz, irekidura orientatu batzuk egin beharko ditu, erran duenez.

Etxe pasiboa, karioagoa

Pauleten irudiko, prezioa da etxebizitza pasiboak eraikitzeko arrasta nagusia. Hain zuzen, etxebizitza pasiboek kalitate «hobea» dutenez, ohiko etxe bat baino %15 karioago dira, haren arabera. «Etxebizitza pasibo bat eraikitzean, metro koadroa 400-500 euro gehiago kostatzen da». 

Dena den, baieztatu du etxebizitza mota hori «zabaldu» beharrekoa dela. Haren iritziz, nahiz eta jendeak uste duen Ipar Euskal Herriko klima desegokia dela etxebizitza pasibo bat izateko, aurreiritzi hori hautsi nahian ibilki da. «Nahiz eta Euskal Herrian euri anitz egiten duen, leiho zabalak berogailu gisa balia daitezke. Nahiz eta aroa tapatua den, berotasuna sar daiteke leiho handiak eginez. Edozein gisaz, negua eztia izateak parada ezin hobea ematen du etxebizitza pasiboak egiteko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.