Agronomia ingeniaria

Amaia Costa: «Etxaldeen dibertsifikatzea ekartzen ahal du laborari saltegiak»

Amaia Costa agronomia ingeniaria da ofizioz, eta laborantzak erakarririk hasi zen Euskal Herriko Etxeko Ekoizleen Elkartean lanean. Berriki Maulen ireki den Xüxenka laborari saltegiaren xedea lagundu du, hastapenetik.

Amaia Costa Euskal Herriko Etxeko Ekoizleen Elkarteko langilea, Mauleko Xüxenka dendan, abenduaren 13an. J.E
Amaia Costa Euskal Herriko Etxeko Ekoizleen Elkarteko langilea, Mauleko Xüxenka dendan, abenduaren 13an. J.E
Joanes Etxebarria.
2025eko otsailaren 15a
05:05
Entzun

Okzitaniako Tolosan Agronomia ingeniaritza ikasi zuen Amaia Costak (Irisarri, 1995). Ez du argi egun batean eginen duenetz, baina beti buru xoko batean ukan du laborari izatea, nahiz gurasoak ez diren batere horretan ari. Erabaki artean, Euskal Herriko Etxeko Ekoizleen Elkarteko langilea da, eta hark lagundu zituen Mauleko Xüxenka ekoizle saltegiko laborariak proiektua burura eramaten.

Xüxenka saltegia ireki zen iragan urte hondarrean.

Zinez, plazer hartu dut horien lagunduz sortzetik bukaera arte. Bi urte iraun du laguntza horrek: hastapenean, enegana jin ziren erranez bazutela denda baten ideia, lokala bazutela baina ez zekitela batere nola izaten den, zer egin behar den eta zer fase diren. Guk aski argi dugu, gure elkartean, holako proiektuetan hiru fase handi direla lantzeko. Ene lanpostuan izan diren guztien esperientzia kontuan harturik, badakigu taldea definituz hasi behar dela beti: zer diren taldearen balioak, konkretuki zer nahi duten. 

Haien proiektua zehazteko ere hor zinen gero.

Badugularik nahi dugun horren ideia konkretu bat, ondoko fasean zehazten dugu ekonomikoki, juridikoki eta arlo sanitarioan egingarri denetz eta zer baldintzetan eginen den afera. Azkenik, hirugarren fasean, zinez haien proiektua plantan ezartzen da. Ez dut erranen errazena denik, baina ez da gehiago gogoeta handirik.

«Kontsumo joeretan argi ikusten da jendeek tokian tokikoa nahi dutela. Supermerkatuek ere ontsa ulertua dute, eta laborariak xerkatzen dituzte»

Balioak aipatu dituzu. Kanpotik ikusirik, iduri luke ekoizle saltegietan balio berak direla beti.

Desberdintasun batzuk esplikatzen ahal ditut. Xüxenkakoek hautu bat egin dute: denda horretan bakarrik laborari ekoizpenak atzemanen dira. Erran nahi du mozkin edo ekoizpen horiek etxaldeetatik heldu direla. So egiten badiezu beste laborari denda batzuei, badituzte laborari mozkinak, baina handizkariei erosi mozkinak ere bai. Balio bat da: gure mozkinak bakarrik nahi ditugu, edo gama zabal bat? 

Hori laborarien erabaki hutsa da? Ala, nonbait, merkatu ikerketa baten ondorioa?

Bien arteko zerbait da, arrunt. Laborariek ikusten dute zer nahi duten, baina ingurunean zer duten ere bai. Maulen bada Xibero Bio saltegia, hemengoak ez diren mozkinak dituena. Bada Xirikota gasna saltzailea... Helburua ez da konkurrentzia egitea, eta laborari ekoizpenak bakarrik proposatuz desberdindu dira.

Saltegi horien balioak ezagutarazteko, saltzeko, marketina egiten da. Alta, laborantza mota horren izpiritua zinez urrun da saltegi handien komunikazio izpiritutik.

Uste dut egun Frantzian jendeen %89 supermerkatuetara joaten direla, eta argi dugu alimaleko pisua dutela komunikazioan, jende anitz hara abian dela erraztasunez. Komunikazio aldetik behar dugu ezberdindu, eta laborari saltegiek ere behar dute erran hor direla. Guk gako batzuk ematen ditugu, baina laborariek dute hartzen komunikazioaren saila, haien lana da.

Zer mezu erabiltzen dute?

Mezuetan bada zerbait biziki argi ikusten dena kontsumo joeretan: jendeek tokian tokikoa nahi dute. Supermerkatuek ere ontsa ulertua dute, laborariak xerkatzen baitituzte. Horri esker ere bizi dira laborari dendak; beraz, argumentu hori anitz erabiltzen dute. Euskal Herrian bada sentsibilitatea, gainera: jendeek nahi dituzte laborariak biziarazi. Ikusten da, halere, badela desberdintasun bat nahi dugunaren eta egiten dugun horren artean; anitzek diskurtso jakin bat badugu eta, halere, anitz abian gara supermerkatuetara. Xüxenkaren adibidean, hastapena da, eta ez da irabazia, baina ikusten da lekuko jendeen sostengu handia badutela. Bada publiko bat denda horientzat: haurrak ukan berri dituzten gazteak, erretretadunak...

 DSC6823 00001
Amaia Costa, Mauleko Xüxenka saltegiaren aitzinean, abenduaren 13an. J.E.
Saltegi desberdinetako bezeroek erosketa gehienak hor egiten dituzte, ala noizbehinkako erosketak dira?

Bada denetarik. Badira laborari dendak, eta Xixtroak-en gisako eredua: Interneten bidez saskia egin, eta gero eskuratzen duzu. Hor jendeek ez dute astero manatzen, baina manatzen dutelarik, saski handia egiten dute. Dendetan desberdina da: gutiago erosten da, baina erregularkiago. Kaiku Borda aipatzen badugu Ortzaizen, jendea hara joanen da, eta gero Leclerc supermerkatura, Kaiku Bordan atzeman ez dutena erostera; ez da dena denda batean erosten.

Etxalde anitzetan, bestalde, zuzeneko salmenta egiten da. Saltegiekin gerta daiteke konkurrentzia sortzea?

Laborariek badakite ez dela dena zirkuitu bakar batetik saldu behar. Biziki argiki ikusi dute COVID-19aren garaian: merkatuan bakarrik zirenak lanjerean izan dira. Beherakada bat baldin bada, edo zirkuitu hori hesten bada, lanjerean izanen dira. Badakite behar direla zirkuitu bat baino gehiago, eta laborari dendak zirkuitu berri gisa heldu dira.

Uste duzu saltegi horiek manera ematen dietela laborariei beren lanetik bizitzeko?

Uste dut baietz, baina haiek lukete erantzun beharko. Dena den, gauzak esperimentatzen ahal dira halako saltegietan, eta zeharka, etxaldea garatu. Kaiku Bordan bada laborari bat ardi gasna bakarrik egiten zuena; dendan entseatu da gauza berriak egiten eta saltzen. Ez bada martxan, uzten ahal duzu, eta martxan bada, garatu. Etxaldeen dibertsifikatzea ekartzen ahal du, eta anitzek erraten dute dendak horretarako parada eman diela. Ekonomikoki ere badu ondorioa: hastapenean gasna bakarrik, gero mamia, esnekiak, baita gasna zuria ere...

Iduri luke dena eder dela.

Alde txarra denbora da. Laborari denda batean bi maila badira: mozkinak ekartzen dituzten laborariak, eta zinez kudeaketan direnak, etxalde kideak. Horiek dena kudeatzen dute, eta denbora anitz ematen dute. Zerbitzua emateko txandak egiten dituzte kontsumitzailearekin lotura atxikitzeko, hilabetean behin bederen kolektiboarekin biltzen dira, eta badira batzordeak. Badute lana etxaldean, produktuak transformatzen dituzte, merkatuetara joaten dira, eta, gainera, beste lan bat badute, enpresa ttipi bat kudeatzeko. Badituzte gauza anitz egiteko.

Zure ikasketetan zerbait hurbiltzen zen logika horretara?

Eskolan erraten ziguten ez garela deusetan berezituak baina pixka bat denetatik badakigula. Hori da. Ikasten duzu egokitzen; hori alde ona da. Alde txarra da zure lanean duzula ikasten; ez duzu trebakuntza zehatzik zinez eginen duzun horri buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.