Oilarrak abesbatzaren 30. urtebetetzea ospatzeko, ez du bere ibilbidean ohikoa izan den maneran ospatuko; kantuz bai, baina pastoralaren formatuan. Musik’alde musika taldearekin bat egin dute Etxahun Irurik idatzi zuen Matalaz pastorala eskaintzeko. Bi taldeak juntatzea ez da gauza berria, halere, «Musik’alde talde erdia Oilarrak taldean ari baita, kantatzen ala soinu egiten», Battitta Berrogain pastoraleko errejenta edo taula zuzendariaren erranetan. Martxoaren 23an eta apirilaren 6an eta 13an eskainiko dute, Urdiñarben, Mitikilen eta Baigorrin, hurrenez hurren.
Ideia Berrogainek ekarri zien taldekideei, aspalditik gogoan baitzuen pastorala hori egun batez taularatzea: «Bekatu atzematen dut, Zuberoan behin baizik ez baita emanik izan; badu orain 70 urte. 1964an Parisen emana izan zen, Parisko euskaldunek emanik». Berrogainek esperientzia badu pastoraletan, errejent eta idazle gisa eraman baititu pastoral desberdinak. Baina taldekideetan ez da esperientzia duen bakarra; besteak beste, lau pastoraletako sujet edo pertsonaia nagusi izan zirenak ariko dira aldi honetan.
Adiskide artean
Formatu bereziko pastorala izanen da martxoaren 23an Urdiñarben lehen aldiz emanen dutena. Etxahun Irurik idatzi zuen, 1955ean, Eskiulako herriak eman zuen Matalaz pastorala, eta, gero, Frantziako hiriburuan ere eman zuten. «Denbora haietan aktore guti zen; haboroxetik 30 bat. Aktore gutirendako idatzia izan zen». Bi taldeen artean berrogeitara heltzen» zirenez, egokia zen Oilarrak eta Musik’aldeko kideen artean eskaintzeko, Berrogainen ustez.
Errejent gisa, udan herri batek eskaintzen duen pastorala prestatzeko, Berrogainek abantzu ehun pertsonako taldeak kudeatzea zer den badaki. Aldi honetan, arrunt bestelako esperientzia bizitzen ari da: «Hor errejent naiz, baina ber denboran aktore ere bai. Biak joanaraztea ez da aisa, baina talde ttipi batean aritzea goxoago da, hori segur». Pastoral bat izanik ere, «antzerki giro batean» emanen dute Beñat Goihenetxe Matalaz-en historia, leku mugatuak ukanen dituzten hiru emanaldietan. «Uste dut bi taldeei on egin diela proiektu kultural bat inguruan arra tinkatzea; zinez, baikor da», ondorioztatu du Berrogainek.
«'Matalaz' ez zen zaldun zuri bat, baina denborak halakoak ziren: gaitzak, eta bortizkeria egun orotakoa zen».
BATTITTA BERROGAINPastoral errejenta
'Matalaz', «ezezaguna»
Beñat Goihenetxe Matalaz mitikildar erretorea, errejentaren ustez, «ez da batere ezagutua», bereziki gazteen artean. XVII. mendean lekuko jaunttoen pribilegioen kontra zuberotarren altxamendua gidatu zuen pertsonaia haren alde desberdinak agerian ezartzeko nahia agertu du Berrogainek: «Ez zen zaldun zuri bat, baina denborak halakoak ziren: gaitzak, eta bortizkeria egun orotakoa zen... Ez dugu guk jujatuko, kontatuko baizik», iragarri du.
Pastoraletan usu historiaren momentu eta pertsonaiak ezagutarazten direnez, Etxahun Iruriren testuan atzeman du errejentak beste gisaz ikusten ez zuen parada, Matalazen inguruko gertakariak oroitarazteko: «Pastoraletan ez nuen ikusten Matalaz aipaturik nehon ere, eta ez nuen ikusten Matalaz pastoralik jiten», zehaztu du.
Zuberoak pastoral arizaleak dituen bezala, publikoa ere handia da; lehen bi emanaldietarako lekuak amaituak dira. Azkena, apirilaren 13an Baigorrin emanen da, Irulegiko Irratiak antolaturik. Horren ondotik, Berrogainek ziurtatu duenez, kantaldien formatura itzuliko dira.