Estatu Kontseiluak arrazoi eman dio Lurzaindiari Etxetako aferan

Lurzaindiak salatu du auzitegien erabakiei kasurik egin gabe eraiki dituztela etxeak Arbonan, eta erakundeen «inpunitatea» agerian ezarri dute. «Ebatsitako» laborantza lurren ordaina galdegiten dute.

Laborantza lurren salmentaren kontrako protesta bat, Irisarrin, duela bi urte. GUILLAUME FAUVEAU
Laborantza lurren salmentaren kontrako protesta bat, Irisarrin, duela bi urte. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko urriaren 26a
05:00
Entzun

Zazpi urteko prozedura korapilatsua izan da Arbonako Etxeta lurrena, eta Frantziako Estatu Kontseiluak arrazoi eman dio Lurzaindiari: ez du onartu Euskal Hirigune Elkargoak kasaziora eraman zuen Tokiko Hirigintza Planaren moldaketa. Hortaz, Etxetako lurretan eraikiak izan diren etxeak ez dira baimenez egin. Dena dela, etxeak eraikiak dira, eta Lurzaindiak konpentsazio bat nahi du: «Laborantzari ebatsi zaion lurraren ordaina itzultzea» eta elkargoa eta Arbonako Herriko Etxea zigortzea nahi dute.

Herriko etxeak 2017an erosi zituen lur horiek, zortzi etxe eraikitzeko asmoz. 2013ko Tokiko Hirigintza Planak laborantza lurtzat zeukan eremua, eta, lurrak erosita, herriko etxeak antolatzeko baimen bat ezarri zuen, eraikigarriak izateko. Lurzaindiak, bere garaian, salaketa ezarri zuen erabakiaren kontra, eta, geroztik, hainbat prozedura eta helegite izanik ere, etxeak eraiki dituzte lur horietan. Azkenekoz, elkargoaren kasazioa atzera bota du Estatu Kontseiluak, irailean, elkargoak duelako Tokiko Hirigintza Planen ardura, eta kasaziora jo zuen iazko abenduan, Arbonako Herriko Etxearen desmartxei jarraikiz lurrak eraikigarriak zirela baieztatzeko. Lurzaindiko Dominique Ameztoik salatu du elkargoa eta Arbonako Herriko Etxea Etxetako lurren aferan «tematu» direla, eta «berriz ere laborantza lurra sakrifikatu» dela.

Ameztoien arabera, «lege erabaki guzien kontra» aritu da Arbonako Marie Josee Mialocq auzapeza, eta, errekurtsoen «gainetik», antolatzeko baimena eta eraikitzeko baimena izenpetu ditu. «Ez dugu ulertzen zerendako hainbestetaraino tematu den, erabaki guziak kontra izanik ere. Nola da posible?», kexatu da Ameztoi. «Eta, harekin batean, elkargoa ere tematu da. Entseatu dira berriz ere Tokiko Hirigintza Plana egokitzen, baina hori ere ez du onartu auzitegiak; kasazioan ere ez. Nolaz herri elkargoa sartu da joko horretan? Ulertezina da!». Gainera, Ameztoiren erranetan, Lurzaindiak ez du elkargoarengandik esplikaziorik ukan. «Hasteko, sustengatzen dute legez kanpoko eraikuntza bat, eta, gainera, ez dute asumitzen», erran du. «Frantziako justizia bi abiaduratan ari da, eta bi justizia mota badira: bata hautetsiena, eta bestea jende xehearena».

«Frantziako justizia bi abiaduratan ari da, eta bi justizia mota badira: bata hautetsiena, eta bestea jende xehearena»

DOMINIQUE AMEZTOI Lurzaindiko kidea

Etxetako laborantza lurrak «laborantzari ebatsiak izan» zaizkionez, «herriko etxea zigortu» behar dela uste du Ameztoik, eta, ordainean, «Euskal Herriko laborantzari» galdu bezainbat lur zor zaiola; hots, hektarea bat eta erdi. «Baina erabakia jinik ere justiziak ez du prisarik; auzapez bat hunkia da, ohointzan eta gezurrean ari da, eta ez da justiziarik horren kontra», salatu du. 

Erakundeen defentsa 

Marie Josee Mialocq Arbonako auzapezak ez du bat egiten Lurzaindiaren «azaleko» analisiarekin. Prentsari igorritako agiri baten bidez, segurtatu du eraikuntza horiei esker «lehen aldiz erosten duten hamar gaztek» etxebizitza eskuratu ahal izan dutela merkatuaren prezioaren herenean. Gainera, azaldu du lur horiek «aspaldi» ez zirela laborantzarako erabiltzen; «dirudienez, lur horiek ez zuten laboraririk interesatzen», adierazi du. Bestalde, etxebizitza horiek eskuratu dituztenek hemezortzi urtez «espekulaziorik ezin» dutela egin erran du, eta hori «bertutezko neurria» dela Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoera ikusita. 

Euskal Hirigune Elkargoak, berriz, Ipar Euskal Herriko Hitza-ri segurtatu dio gisa horretako afera guzietan maila juridikoan «bururaino» eramaten duela kasua, eta, beraz, ez dela Etxetako lurren aferan «bereziki tematu».   

Dominique Ameztoiri «damugarri» zaio erakundeek ematen duten erantzuna, eta uste du «inpunitate osoz» laborantza lurren «ohointzan» ibili dela Arbonako Herriko Etxea, eta orain «gezurretan aritzea» leporatu dio auzapezari. Erraterako, Mialocqek dioenez, eraikuntza baimena errekurtsoen erantzuna errezibitu aitzin emana zuen; Ameztoik segurtatu du ez dela hala eta «eraikitze baimena eman aitzin» bazuela erabaki horren berri. Bestalde, Ameztoik berak erran du elkargoko hautetsi gehienek Lurzaindiaren lanarekin «bat» egiten dutela, eta, beraz, Lurzaindiak ez duela ulertzen nolaz elkargoak gehiengo horren kontrako erabakiak hartzen dituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.