Azken urteetan lo zen Ipar Euskal Herriko Prentsaren Kluba, eta urtarrilean berriz piztu zuten. Elkarteko idazkari izendatu dute Carole Suhas (Baiona, 1991). Le Journal du Pays Basque eta Sud Ouest egunkarietako langile izan ondotik, gaur egun AFP agentziako eta Libération egunkariko berriemailea da bereziki, kazetari independente gisa. Prentsaren Kluba «denei irekia» izanen da, haren erranetan, eta, horretarako, Ipar Euskal Herriko kazetari guztiak zerrendatzen ari dira. Eramaileen talde berriak hitzordua zabaldu du gaurko: 18:30ean mahai inguru bat eginen dute Biarritzeko mediatekan: Konfiantza ukaiten ahal ote da lekuko prentsan?. Galdera horren inguruan ariko dira Mediabask-eko Willy Roux, Euskal Irratietako Marga Forestier, France Bleu Euskal Herriko Bixente Vrignon eta France 3 Euskal Herriko Perrine Durandeau.
Klub hitzak zerbait itxiaren ideia ekar lezake.
Prentsaren klub guztiek izen hori dute; izendapen aski globala da. Gure ideia ez da kazetari klub bat egitea: publikoari zabalik izanen den zerbait nahi dugu. Horregatik, gure lehen hitzordua konferentzia bat izanen da, denei irekia. Ez dugu gure artean mintzatzeko kolektibo ttipi bat egin nahi. Badu bokazio profesionala: lekuko kazetarien zerrenda bat osatzea, gure artean formakuntzak segurtatzea beharbada, kazetari independenteen eskubideen ezagutzan baliabide izatea... Bokazio hori ere badugu, baina publiko zabalari irekitzea da gure nahia. Beti hola deitu da, eta ez dugu aldatu nahi izan.
Kazetarien klub horretan zer leku ukanen du euskarak?
Euskara barne izatea nahi dugu, baina hilabete guti batzuk dira abiatu garela, eta ez dugu aski landu puntu hori. Kluba aitzinatzen eta egituratzen ahal da horko kazetariekin, bilkuretara heldu direnekin. Igortzen ditugun mezu elektronikoetan eta bestelako komunikazioentzat badugu euskarazko kazetarien zerrenda bat, eta, hizkuntzaren gaian aitzinatzeko, kazetari euskaldunen presentzia beharrezkoa izanen da klubean. Hori nahi nuke, eta hori nahi genuke denek, baina, oraingoz, ez gaude horretan. Biarritzeko konferentzian hizlari euskaldunak izanen dira, eta itzulpen zerbitzua izanen da, baina gure komunikazio lanketan, oraingoz, ez dugu nehor aldi oroz komunikazio elebiduna bermatzeko. Espero dut laster aldatuko dela.
«Iduri zait kazetariek elkar laguntzeko joera dugula lanean elkar gurutzatzen dugularik»
Ofizioaren egoeraz ikuspegi zabala baduzue?
Hori egin nahi dugu, eta lurraldean ari diren kazetarien zerrenda osatzen ari gara; besteak beste, kazetari independenteena. Kasu prekarioak, kanporatuak diren kazetariak... Badira sindikatuak haien defendatzeko, baina sostengua izan gaitezke. Gure arteko elkartasuna sustatu nahi dugu, ofizioa prekarioa izan baitaiteke. Ikuspegi zabala ukaiteko ez dugu oraindik aski distantzia, ez gara oraino aski denboraz aktibo izan panorama hori marrazteko. Baina klubak horretarako balio lezake.
Kioskoetan egunkariak lehian izanik ere, kazetarien artean badea elkartasunik?
Iduri zait elkar laguntzeko joera dugula lanean elkar gurutzatzen dugularik. Beharbada, prentsa lokalaren errealitatea izan daiteke; nik hala bizi izan dut, hasteko. Beti lehia bada, halere, informaziorako lasterketan, baina emulazio sanoa izan daiteke. Hasteko, ez dut sekula ikusi kazetari bat joko txarrean beste bat trabatzeko. Ez dut halakorik ikusi, eta ez dut uste gertatzen denik.
Mahai inguruak galdera bat du abiapuntu: Konfiantza ukaiten ahal ote da lekuko prentsan?
Prentsarekiko konfiantza urtu da azken urteetan, kazetaritza praktika batzuen eraginez, besteak beste. Galdera pausatu nahi genuen prentsa lokala ardatz harturik, ez duelako hainbesteko konfiantza mentsaz sufritzen; hala dio ikerketa batek. Lekuko kazetariak ikusten ahal dituzu, idazten ahal diezu ez zaudelarik kontent... Lotura hertsiagoa da publikoarekin, [Frantziako] prentsa nazionalean ari zarelarik baino, horretaz ohartu naiz. Gainera, esplikatu behar dugu nola lan egiten dugun: nola biltzen dugun informazioa, nola egiaztatzen dugun, nola eraikitzen dugun artikulu bat, zer deitzen dugun iturri eta zer den iturri fidagarri bat... Barne saltsa hori ez da aski ezaguna publikoak jakin dezan informazioa nola ekoizten den. Jaka Horiekin agerikoa zen kazetari manipulatzaileen arbuio orokorra bazela, eta prentsa lokalak sufritzen du ikuspegi orokor horrengatik. Zer lotura dute BERRIAk eta BFM telebistak? Alta, denak zaku berean sartzen gaituzte. Uste dut fabrikazio horren elementuak ezagutarazi behar direla.
Geroan lantzeko beste gai batzuk finkatu dituzue?
Ez. Ideia da partaide izanen den kazetari orok parada ukanen duela proposamenak egiteko. Bilkuretan aipatu dugu, adibidez, zientzialari bat ekartzea bere lanaren bulgarizazioa aipa dezan, kazetariek usu sinplifikatzen baitugu. Gai hori interesgarria zaigu, adibidez. Baina ideia da lekuko kazetariek eztabaida irekiak ekartzea.