Espartingintzaren geroa jokoan

Mauleko espartingintzak sasoi gogorra bizi izan du uda honetan, aro txarraren eta erosahalmenaren apaltzearen eraginez. Mauleko auzapezak botere publikoei laguntzeko deia luzatu die.

 DSC6589
Langile bat, Mauleko Don Quichosse lantegian, espartinak eskuz josten ari, uztailean. J.E.
Joanes Etxebarria.
2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Agorrileko lehen egunetan, bakan ikusten da hain jende guti Mauleko Don Quichosse espartin lantegian. Krisia aipatu dute, egoera konplikatua baita enpresa horren kasuan ere: iazko datuei konparaturik, lekuko espartin egileak fakturazioaren erdia baizik ez zuen egin iragan ekainean. Uztaila eta agorrila ez dira anitzez hobeak izan; agorrilaren 15eko espartinaren bestak saldo handiak Maulera ekarri bazituen ere, tailerretako bisitetan ohi baino jende gutiago ikusi dute aurten aro txarraren eta erosahalmen apalagoaren eraginez. Alta, udako bisita horietan dituzte, normalki, neguan bizirik iraun ahal izateko kutxak betetzen.

Iazko ekainean fakturazio doblea egin zuen Don Quichossek, eta Timothee Cangrang enpresako nagusiarentzat, oreka mentsa neguan sentituko duela argi da: «Manatzeak urria edo azaroan egiten dizkigute, eta martxoan entregatu behar zaizkie marka handiei». Pagatuak izateko, normalean, hilabete batzuk gehiago itxoin behar dituzte, gainera. Diru sartzeak bi partetan egiten dituzte: Mauleko lantegiko ekain eta abuztu arteko salmenta zuzenaren bidez lehenik, eta irailean eta urrian arropa markek manatzen dizkieten espartinen bidez gero, ondoko urtean fakturatzen dituztenak. Neguko lana berant fakturatua denez, beraz, udako sasoiak baldintzatzen du enpresaren iraupena ondoko hilabeteentzat, langileak pagatu ahal izateko. 

Mauleko Don Quichosse lantegiko espartinak. J.E.
Mauleko Don Quichosse lantegiko espartinak, artxiboko irudi batean. J.E.

Louis Labadot Mauleko auzapeza azken asteetan anitz aipatzen ari da espartingintzak momentu gogorra bizi duela, lantegi batetik baino gehiagotik heldu baitzaio oihartzuna «halako sasoi txar bat gehiagorekin ateak itxi» beharko direla. Don Quichosse ttipia da, baina, handiagoa izanik ere, Tauzin lantegian berrogei langileetarik bederatzi kanporatu dituzte, aste anitzetan langabezia partzialean aritu eta gero.

Beheiti doan industria

1978an 1.800 langile ari ziren espartingintzan Zuberoan. Lantegi handiak desagertuz joan dira, 1984an Biga enpresa hetsi, eta 2002ko urtarrilean Komertzio Auzitegiak Etxandi lantegia itxiarazi zuen; garai batean 1.200 langile zituen, baina itxi zenean ehun bat langile baizik ez ziren gelditzen. Asian egin espartin merkeagoak izan dira Zuberoako industriaren arazo nagusia. Mauleko auzapezak CGT sindikatuko ordezkari gisa ezagutu du industria horren bilakaera: «Masa kanporaketak ikusi genituen. Emeki-emeki, apalduz joan zen. Pariseraino joan izan gara, ministroekin genituen arazoez mintzatzera», oroitu da Labadot.

Hamahiru milioi espartin pare egitetik, 1,3 milioi pare egitera pasatu zen ofizioa. «Ekoizpen bat gisa horrez erortzen denean, segur da ondorioetan lanpostu galtzeak badirela», Labadoten erranetan. Gaur egun espartinak egiten dituzten lantegiak, bi merkatu nagusitan ari dira: ohiko pareak egiten dituztenek supermerkatuetan saltzen dituzte, eta beste enpresa batzuk modako markentzat edo beren markarekin ari dira «kalitatea» saltzen. 

«Parisko saloi batera joan ginen duela lau urte, eta egoerak berriz horretara bultzatzen gaitu»

TIMOTHEE CANGRANGDon Quichosse enpresako jabea

«Marka handiekin produktu ederrak egiten ditugu. 200 bat eurotan saltzen direnak. Saltegi handietan kantitatearekin ari dira», laburbildu du Cangrangek. Supermerkatuetan, aldiz, arropa saila beheiti doa, eta, gainera, Maulekoak baino merkeagoak dira Asiako espartinak, eta konkurrentzia gogorra ekartzen dute. Don Quichossek Frantziako Estatuko bikaintasun agiri bat badu, markak erakartzeko baliagarri zaiona, Cangrangek zehaztu duenez: «Marka onek xerkatzen dutelarik espartin onak non egin, guregana jotzen dute, gu baizik ez baikara agiri horrekin hemen».

Markekin aritzeak, halere, ez du egonkortasun bermerik ematen, manatzeak itxoiten baitituzte sasoi batetik bestera; urte batez pare anitz manatzen dituen marka bat ez da bortxaz engaiatzen ondoko urtean horrenbeste eginaraztera. Uda honek sortu duen kezkak pusaturik, Cangrang Parisera joanen da, saloi batera, enpresa ezagutaraztera: «Parisko saloi batera joan ginen duela lau urte, eta egoerak berriz horretara bultzatzen gaitu». 

Botere publikoei deia

Uztail hondarrean, espartin egileek deiadarra jo eta gero, Labadot hasi zen ofizioaren arrangurak plazaratzen. Lehenik, hedabideetan aipatuz, eta bigarren urratsa botere publikoak interpelatzea izan da: «Lehenik, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari, Jean Rene Etxegarairi idatzi diot, espartingintzak dituen zailtasunen berri emanez. Eta galdetu diot nirekin batean Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetari dei egitea zailtasunaren errealitatea kontuan har dezan». 

Prefetari, estatuko ordezkari gisa, Labadotek ez dio soilik sostengu morala eskatu nahi: «Botere publikoen sostengu morala ez da aski izanen, diruz ere lagundu beharko dute. Estatuak badaki enpresa handiak diruz laguntzen, kontrolik gabe; beraz, zergatik ez lagundu merezi duten enpresa ttipiak». Kutxak betetzeko laguntzarik ez bada ere, «bederen saloiak egitera joateko gastuak ordaintzea» urrats baikortzat hartuko luke Mauleko auzapezak.

«Botere publikoen sostengu morala ez da aski izanen, diruz ere lagundu beharko dute. Estatuak badaki enpresa handiak diruz laguntzen, kontrolik gabe; beraz, zergatik ez lagundu merezi duten enpresa ttipiak» LOUIS LABADOT Mauleko auzapeza

Elkargoko lehendakariari igorri gutuna eta iniziatiba desberdinak ez dira soilik Mauleko Herriko Etxetik jalgi, azken asteetan bilkura zenbait egin baititu auzapezak espartin egileekin. Cangrang baikor da urrats horiekin, nahiz eta enpresa desberdinetan lan desberdina egiten duten: «Ez ditugu modelo berdinak eta fabrikazio berdinak egiten, baina normalki zerbait aldatuko da Louis Labadoten iniziatibarekin», Don Quichosseko jabearen ustez.

Museoa baztertua

Duela zenbait urte, Mixel Etxebest Mauleko auzapeza zelarik, espartinaren etxearen egiteko xedea agertu zen, espartinaren museo batekin. Labadot beti kontra agertu izan da, eta 2020an Euskal Hirigune Elkargoak xedea baztertuko zuela iragarri zuen Jean Rene Etxegaraik, prentsa bidez. «Ez genuke nahi espartina Historiaren museora pasatzea», trenkatu du Labadotek. Horren partez, espartina balioztatzeko zentro bat plantan ezarri nahi luke gaur egungo auzapezak. 

Urteetan elkargoaren eta herriko etxearen artean aipagai izan bada ere, espartinaren balioztatzeko zentroarentzat presa guti sentitzen du Labadotek: «Espartinaren Etxearen xedea 3,6 milioi euroko aitzinkontuarekin pentsatua zen, baina proiektuak porrot egin zuenean, ez zen gehiago krediturik balioztatzeko zentroaren egiteko». Uda honetako errealitateak sortu egoerak xedea aitzinarazteko balioko duela espero du orain: «Espero dut igorri diodan gutunaren ondotik Etxegarai larrialdiaz ohartuko dela eta urratsak eginen ditugula».

Baina espartinaren balorazio etxearen xedea «elementu ttipi» bat da auzapezarentzat, ez baita segidan egina izanen, eta urgentzia espartinaren «sustapena egitea» baita, Labadoten ustez. Espartin egile baten hitzak errepikatuz azpimarratu du larritasuna auzapezak, «azken hogei urteetako sasoirik txarrena» izaten ari delako aurtengo udakoa. Don Quichosse enpresa bezala, hamar langilez peko enpresak badira, eta Cangrangek argitu du ez dela berrogei langile ukaitea bezala, «ez baita ber gauza berrogei pertsona pagatzea hilabete oroz». Ez da, beraz, lantegi guztietan beldur bera ondoko hilabeteentzat.

Sindikalista gisa, auzapez izan aitzin, Louis Labadotek harreman zuzenagoa ukan zuen espartingintzarekin; familia anitzetan bezala, haur zelarik etxean egiten zituzten espartin pare batzuk. «Espartina gure familia da. Ttipia nintzelarik, eskolatik ateratzean espartinak egiten genituen etxean, Mauleko familia anitzek bezala. Espartinari esker hobeki bizi ginen». Hedabideetan deiadarra jo ondotik, Labadotek sustapen fasera pasatu nahi luke orain: «Arrangura handia da. Batzuek urte bat atxikitzen ahalko dute, ez gehiago. Beraz, bada beharra sekula baino gehiago produktu horren sustapena egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.