Eskuin muturra, nolaz hain gora?

Hotzikara eragin du ikusteak Europako bozetan eskuin muturrak zer emaitza izan dituen Ipar Euskal Herrian: 92 herritan lehen indarra izan da. Emaitza horren gibelean hainbat arrazoi dira, Ferran eta Sainte-Marieren arabera.

Jordan Bardella RNko lehendakariaren kontrako afixa bat, ekainaren 15ean, Baionako manifestazioan. GUILLAUME FAUVEAU
Jordan Bardella RNko lehendakariaren kontrako afixa bat, ekainaren 15ean, Baionako manifestazioan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko ekainaren 25a
12:00
Entzun

Ordre Nouveau mugimendu faxistaren bilkura batean erabaki zuten Fronte Nazionala sortzea, 1972an. Sortzaileen artean zen Jean-Marie Le Pen, gero urte luzez FN alderdiko buru izandakoa; sortzaileen artean ziren Waffen-SSetan aritutako batzuk ere. Egun, Batasun Nazionala (RN) du izena alderdiak, eta Jordan Bardella du lehendakaria. Hain zuzen ere, Bardella izan zen RNren zerrendaburua ekainaren 9ko Europako Parlamenturako bozetan, eta Ipar Euskal Herriko 92 herritan lortu zuten lehen indarra izatea —Frantziako Errepublikan boto gehien bildu zuen alderdia ere izan zen—. Lehen aldia da eskuin muturrak hainbesteko emaitzak lortu dituela Ipar Euskal Herrian. Faktore anitzek eragina da gorakada hori, Jean Jo Ferran Ekonomia irakaslearen eta Panpi Sainte-Marie ELB sindikatuko eledunaren ustez.

Europako hauteskundeen ondorioz, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Asanblea Nazionala desegitea erabaki zuen, eta hogei eguneko epea eman du Asanblearako bozak egiteko. Horiek horrela, ekainaren 30ean eta uztailaren 7an bozak izanen dira Ipar Euskal Herrian; hiru hautesbarrutietako hautagaiek hautagaitza pausatu zuten iragan igandean. Laugarren eta bosgarren barrutietan RNren izenean aurkeztuko dira eskuin muturreko hautagaiak; seigarrenean, hau da, barnealdearekin batean Biarnoko zati bat biltzen duen barrutian, berriz, Eric Ciottiren sokako Errepublikanoekin eta Errekonkista alderdiko Marion Marechal Le Penen ildokoekin elkarturik aurkeztuko da RNko hautagaia.

Nola emendatu ote da Ipar Euskal Herrian eskuin muturraren aldeko boza? Azken urteetan, eskuin muturreko alderdiek —Eric Zemmourren Errekonkista alderdiak, besteak beste— lortu dute lehen halako bi boz biltzea Ipar Euskal Herrian. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan, Le Penen alderdiak 13.256 boz lortu zituen 2014ko Europako bozetan, 17.415 2019koetan eta 29.529 aurtengoetan —bozen %22,4—. Etenik gabe egin du goiti, beraz. Azken bi hamarkadetan FNk bere burua lausotzeko estrategia bat eraman du, eta, aldi berean, ultra aberatsen eskuetan diren hedabide batzuek —Frantziako Cnews telebista kateak, besteak beste— alderdiaren ideologia hedatu dute, immigrazioaren beldurra eta arrazismoa zabalduz. 

Dena den, ertz anitz ditu eskuinaren gorakadak, eta, gainera, ez da manera berean esplikatzen ahal hazkunde hori eskualde guzietan. Gorakada hori xeheki aztertu dute Hitza-n Ferranek eta Sainte-Mariek. Ferranek emaitzak kontu handiz hartu ditu, eta, «kezkagarriak» bazaizkio ere, uste du erlatibizatu behar direla. Sainte-Marieren ustez, laborantza munduko boza partez esplika lezake azken hilabeteetako laborarien protesta mugimenduak. 

Gorakada urtez urte

Ekainaren 9ko Europako bozek Ipar Euskal Herrian utzi emaitzen mapak harridura eragin du: herri gehienek Batasun Nazionalaren kolorea hartu dute, herriko etxe ezkertiarrak dituzten herriak barne. Lehen kolpeko harridura pasatuta, Ferranek uste du «mapari so egitea tranpa» izan daitekeela. «Pixka bat erlatibizatu behar da; ez da bat-batean Iparralde osoa faxista bilakatu. Ezin da ukatu emaitza kezkagarria dela, baina saiatu behar da testuingurua ezartzen», zehaztu du. Haren iritziz, Frantziako Asanblearako bozek «irudi errealago bat» ematen ahal dute.

Nolanahi ere, ukaezina da eskuin muturraren aldeko bozak anitz emendatu direla Ipar Euskal Herrian. 2002ko Frantziako Asanblearako bozetan, Baionan bozen %6,8 bildu zituen Le Penen alderdiak, adibidez, eta 2004ko Europakoetan, %6. Aurten, bozen %27,8 bildu ditu. Ipar Euskal Herriko Hitza-k aztertu dituen herrietan —Hazparnen, Hendaian, Baionan eta Donapaleun— joera bera da azken 24 urteetan. 2007an ttipitu zen gehienik garaiko Fronte Nazionalaren emaitza: zehaztekoa da garaiko UMP eskuin errepublikanoko burua Nicolas Sarkozy zela, eta, adituen arabera, eskuin muturreko hautesle zenbaitek haren alde egin zutela. Geroztik, etengabekoa izan da eskuin muturraren aldeko bozen gorakada, baina bereziki adierazgarria da 2022ko Asanblearako hauteskundeen eta 2024ko Europako bozen artean izandako gorakada: 12.000 boz gehiago, denetara. 

Fenomeno hori esplikatzeko faktore anitz badirela uste du Ferranek. Batetik, «arrazoi estruktural bat» tartean dela pentsatzen du. «Erraten dugularik eskuin muturrak irabazi duela edo mapen koloreari so egiten diogularik, efektu estruktural bat bada: hautagai anitz direnean, lehena izatea errazagoa da». Baigorrin izan diren emaitzekin argitu du gogoeta, ez duelako babes handi-handia jaso: «Adibidez,'Baigorrin RNk irabazi du' diogu; bai, baina bozen %17rekin. Eta beste hiru zerrendek bozen %10 eta %15 artean eskuratu dituzte. Beraz, emaitza erlatiboa da. Gainera, Frantziako batezbestekoa so eginez, apalagoa da Iparraldekoa». Egoerari eskuin muturrekoen ikuspegitik begiratuta, ondorioz, Ferranek dio «emaitza eskasak» direla. Alde horretatik, Serge Rosso Ipar Euskal Herriko RNko buruak France Bleu irratian adierazi zuen Iparraldea «misio eremu» bat dela haientzat.

Gainera, Ferranek oroitarazi du Ipar Euskal Herrian Le Penen alderdia ez dela biziki egituratua. «Ez dakigu zer gertatuko den segur, baina pentsatzekoa da Frantziako Asanblearako hauteskundeetarako ez dela gauza bera izanen, tradizionalki faktore pertsonal handiagoa badelako; bereziki barnealdean, Beñat Intxausperekin edo Jean Lassallekin». Horren ondorioz, uste du Europako hauteskundeak «desberdinak» direla, Parisera buruz bideratuak direlako. Ekainaren 30ean aurkeztuko diren eskuin muturreko hautagaiei begira, azaldu du «faktore pertsonala» ez dutela alde: «Ez dute egiturarik hemen, eta hautagaiak ez ditu nehork ezagutzen».

Bizimodu aldaketa

Gizarteak izan dituen aldaketek bozetan eragina badutela esplikatu du Ekonomia irakasleak: «Bizimodua aldatu da. Gero eta indibidualistagoa da, herri anitz lo egiteko leku bilakatu dira, eta bizimodu horrek eskuin muturreko botoa indartzen laguntzen du. Jendea 24 orenez ari diren telebista kate horiei lotua da, eta kontzientzia politikoa ez da gehiago eraikitzen plazan eta herriko karriketan, ezta tabernan ere; telebistaren aitzinean eraikitzen da».

Iparraldean demografikoki garatu diren udalerriak Frantziako joerekin lerrokatzen diren galdetuta, Ferranek uste du ñabardurak egin behar direla: «Beti bada arriskua pentsatzeko kanpotik etorritakoek ez dutela gure kontzientzia, eta eskuin muturrari boza ematen diotela. Ez dakit zinez hala denetz. Partez, seguruenik bai, baina ez du dena esplikatzen: bizimodu indibidualisten eragina ikusten dut gehiago».

«Jendea 24 orenez ari diren telebista kate horiei lotua da, eta kontzientzia politikoa ez da gehiago eraikitzen plazan eta herriko karriketan, ezta tabernan ere; telebistaren aitzinean eraikitzen da» JEAN JO FERRAN Ekonomia irakaslea

Eskuin muturraren aldeko hirietako boza esplikatzeko, Ferranek dio «jende bakartu» anitz badela RNren alde bozkatzen dutenen artean . Baiona inguruko herrietan —hala nola Urketan, Mugerren eta halakoetan—, euskal kontzientzia apala dela argi du, eta, horren ondorioz, «sare kulturalak» ez direla iristen. «Sare horiek jendea sozializatzera bultzatzen dute, baina ez baldin bada halakorik, errazagoa da jendearentzat egun osoa telebistari so pasatzea».

Erlazionatzeko sareen galera eskuin muturraren mesedegarri da, beraz, Ferranen ustez. Frantziako Pikardia eskualdean gertatutako fenomeno bat ekarri du gogora: herri batean RNk zituen boz gehien eskuratzen luzaz, eta ohartu ziren baxoa ukan ondotik gazte guziak joatean zirela, eta, beraz, gelditzen zen jendea diploma anitzik gabea zela eta horrek lotura zuela hauteskundeetako emaitzarekin. «Garazin irakaslea nintzelarik, ikusten nuen gazteek ez zutela joateko gogorik; kontent ziren, sare azkar bat baitzuten, kulturala, EHZ, besta komiteak...».

Laborantza munduan, ordea, ez da baitezpada arrazoi berengatik gertatzen eskuin muturraren gorakada. Sainte-Mariek, lehenik, azpimarratu du Jean Lassalleren Landatar Aliantza alderdiak, berriz ere, emaitza onak lortu dituela barnealdean. «Lassallerena aski sinpleki esplikatzen ahal da: hemengoa da, ondokoa, ezaguna, haren anaia ardi sailean ari da, harreman ona du jendeekin. Aurten, gainera, anitz boz ekarri dio ehiztariekin aurkeztu izanak, gure herriotan anitz ehiztari badelako. Baserri munduko populismoa ordezkatzen du, aspaldiko hautetsia da, jauntxo bat, klientelismoarekin funtzionatzen duena». Lassalle Frantziako Asanblearako bozetara ere aurkeztuko da.

Aldaketak barnealdean

Lassallerena alde batera utzirik, zehaztekoa da barnealdeko herrietan ere boz franko lortu dituela eskuin muturrak. «Jendeek uste dute RN ez dela sekula boterean izan, ez dugula sekula entseatu», azaldu du Sainte-Mariek. «Ahantzia dute faxismoa zer den, eta ahantzia dute Hitler boterera heldu zela bozen bidez», gehitu du. Ferranek bat egin du azterketa horrekin, eta uste du erreferentzia historikoak aldatu izanak eragina izan dezakeela: «Sekula entseatu ez dugula erratea argumentu faltsua da, baina erreferente historikoak ez dira gehiago existitzen».

«Jendeek uste dute RN ez dela sekula boterean izan, ez dugula sekula entseatu, eta, beraz, zergatik ez? Ezkerrak ez du deus ere egin, eskuinak ere ez... Ahantzia dute faxismoa zer den, eta ahantzia dute Hitler boterera heldu zela bozen bidez»

PANPI SAINTE-MARIE ELBko eleduna

Laborantza munduko bozaren esplikatzeko, preseskiago, urte honetan izandako protestak aipatu ditu Sainte-Marie ELB sindikatuko kideak, eta horietan sindikatuek izandako rola. Coordination Rurale eskuin muturreko sindikatuak izan arrakastarekin lotu du, partez, emaitza hori. «Coordination Rurale sindikatuaren eskakizunetan da gasolina merkeago behar dela, paper administratibo gutxiago bete nahi dituztela, ez dela kanpoko produkturik jinarazi behar... Sinplismo horrek badu arrakasta, eta horri gehitzen zaio jendea ez dela kontent FDSEA sindikatuak egin duenarekin, multinazional baten burua dela FDSEAko buru, eta tantoak galdu dituzte. Kexu hori dutenek ikusten dute CR sindikatua badela, hurbiltzen dira, hortaz, eta gero erraza da RNrantz joatea, ideia berdintsuen inguruan harmonia bat badelako».

Aurtengo protestak ez dira, nolanahi ere, barnealdeko bozaren bilakaeraren arrazoi bakarra. Ferranek esplikatu du azken urteetan barnealdean «aldaketa kulturalak» izan direla eta urte luzez barnealdean indarra izan duten demokristauek eta eskuin tradizionalak behera egin dutela. «Kristautasun aurrerakoia nahiko presente ukan dugu Ipar Euskal Herrian, baina iduri luke ez dela hain iraunkorra. Ezkerrezko kristauen seme-alaba gehienak ez dira gehiago sinestunak».

Dena den, Frantziako Asanblearako bozek azterketa xeheagoak egiteko aukera emanen dutela uste dute Sainte-Mariek eta Ferranek. Sainte-Mariek dio eskuin muturraren ideien kontra egiteko «jendeak boza zergatik ematen dien» ulertu behar dela. «Jendeekin lan egin behar da, lagundu behar dira jendartean funtzio bat ukaiten, kapitalismoan ez diren parametro batzuetatik pentsatuz hori guztia. Orduan ohartuko dira kolektiboki antolatuz esperantza bat badela, mundu hobea izatea posible dela...». Era berean, ELB sindikatuko kideak erran du jendea «etsiturik» dela, eta atzerritarrei egozten diela etsipen hori: «Jendea zailtasunetan bizi da, gutieneko soldata batekin dena pagatu behar... Eta telebistan entzuten dute kanpotik etorritakoek haiek baino sos gehiago badutela laguntzen bidez . Horregatik bozkatzen dute RNren alde. Behar zaie esplikatu gauzak ez direla horrela, eta pentsatzeko molde sinplista horretatik ateratzen lagundu behar dira». 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.