Maite Urmeneta Historia-Geografia irakasleak XIX. mendeko Historia liburua argitaratu du Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuarekin. Kolegioko laugarren mailako ikasleen programarako pentsatua da, eta Euskal Herriko erreferentziekin egina. Horrez gain, ustiapen pedagogikorako tresna bat baino gehiago pikoan eman dituzte irakasleentzat.
«Frustrazio luze baten ondorioa» izan dela salatu du Maite Urmenetak. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ditu programak finkatzen. Azkenean, Historia, Frantziako Estatuaren ikuspegitik ekarria zaie ikasleei irudimenean. Urmenetak erabaki zuen lanari lotzea, Euskal Herriko ikuspegira ekartzeko. «Ohartu naiz nehork ez zuela eginen; guhaurrek egin behar genuela». Urteetako buruhaustea zuen, gainera: «Nola uztartu programa ofiziala eta gure Historia?». Lortu du, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak ontzat eman du. «Ikuskariak prezatu du, eta begi onez ikusi. Hemendik goiti, ikusiko».
Mendeari lotuak zaizkion Euskal Herri guziko elementuak sartu ditu, horra arte Ipar Euskal Herriko ikasleei erakusten ez zitzaizkienak: «Eman dezagun, XIX. mendean, karlistaldiak; hemen ez dira ikasten».
Industria, nazionalismoa
Industrializazioaren garapen mendea da XIX.a. Euskal Herriak ere ezagutu du, nahiz desberdintasun handiak izan Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren artean. Halere, Hazparneko eta Mauleko zapatagintza, Baionako olak eta Bizkaiko meatzegintza elkartu ditu liburuan Urmenetak. «Bistan da Iparraldeak ez duela Europa mailako eta Bilboko industrializazio maila ukan, baina, halere, Hazparneko zapatagintza biziki inportantea izan da hemengo».
Orduko beste errealitate bat aipatzen da liburuan, adin bertsuko ikasleentzat gogoetagai izan daitekeena: haurren lana. Hor ere, Euskal Herriko irudiak bildu ditu. «Betidanik banuen irudi klasikoa, liburuetan agertzen dena: Ingalaterrako eta Eskoziako haurrak ehungintzan lanean ari, ortutsik». Euskal Herriko irudiak xerkatzean, laster ohartu da ez zela hain urrun joaterik, Zuberoan eta Bilbon ere bazirela argazkiak. «Ohartu naiz aski errazki idealizatzen dugula norberak bere Historia. Badira errealitate gordina erakusten duten puntu batzuk». Gainera, Frantziako Hezkuntza Ministerioak behartu programetarik irudimena handik ekarria da liburuetara. Euskal Herriko irudimen bat ekarriz, gaia ez du «erakargarriago» baizik egiten. «Ez da batere gauza bera; bestenaz iruditzen zaigu dena biziki urrun gertatu dela».
XIX. mende erditsuan gizarte oldartzeak gertatu ziren Europan gaindi. Karlistaldiei buruzko atala sartu du liburuan egileak, Euskal Herria ez baitzen oldarraldi horietarik aparte bizi. «Nihaur ohartu naiz zentzua zuela Frantziako Iraultzatik landa aipatzea. Frantziako Iraultzak Frantziako Historian leku anitz hartzen du, eta, azkenean, horren segida da; ez da, esplikatu ziguten bezala, errege ondorengoan kalapita bat. Europako mugimendu orokorrago batean sartzen da», ondorioztatu du Urmenetak.
Kapitulu berean, Agosti Xahoren eta Sabino Arana Goiriren figurak ekarri ditu; Europa zeharkatu zuten nazionalismoen inguruko gogoeten seinale. «Gaurko nazionalismoa eta egoerak ulertzeko horraino joan behar da; ikusteko noiz galdu ditugun gure antolaketa propioak, eta noiztik hasi ziren horien aldarrikatzen».
Europatik kanpoko inperioen kolonizazioak ere aipagaietan dira. Irakasleen arabera, ezberdina izan daiteke aipua. «Gehiago sartu naiz konkistan eta horren ondorioetan», esplikatu du Maite Urmenetak. Gaur egungo itxuratze batzuk baliatzeko parada izan zaio liburua, gainera, «jakin-mina pizteko». Jean-Louis Davantek idatzi eta berriki eman den Abdelkader pastoralaren azala jarri du kolonizazioaren ilustrazioetan. «Historia ondarearen balorizatzea ere bada, eta saiatu naiz ahal den guzietan lotura egitea aktualitatearekin, kultur eragileekin; interesa pizten ahal duen kasu guztiekin». Ber gisan egin du euskararen debekatzea aipatzeko atalean, Josu Martinezen Anti film laburreko irudi bat txertatuz. «Gure ikasleek halakoak ikusten dituztelako».
Liburua ezagutarazi
Orain, bigarren mailako Historia-Geografia irakasleei ezagutarazi behar die liburua Ikas-ek. Urmenetak ez du baztertzen formakuntza edo aurkezpen egun bat egitea erakusteko. Azpimarratu du berrikuntza bat dela liburuarekin proposatuak diren euskarriena. «Liburua paperean edo formatu digitalean badute, eta horrekin ustiapen pedagogikoa, gehi bideo batzuk, irudi bankua. Gaur egun, irakasle batentzat frantses munduan diren erraztasun horiek guziak Historian ez ziren orain arte, euskaraz».
Ez dira horretan gelditzekoak Urmeneta eta Ikas, XIX. mendearen ondotik, XX. mendeari lotuko baitzaizkio urte hondar honetarik goiti. «Abentura handia izan da, eta pentsatzen du fiteago joanen dela aldi honetan».
Liburuaren aurkitegia
Europa eta Industria Aroa. Industriaren hastapenak; garraioen iraultza; kapitalismoa; ideologia berriak; emigrazioa; ingurumenaren suntsiketa hasten; industrializazioa Euskal Herrian.
1848ko udaberria. Herrien udaberria; Frantziako II. Errepublika; karlistaldiak; Xaho eta Arana.
Kolonizazioa. Mundua Europaren mende; kolonien konkista; gizarte kolonialak; esplorazio zientifiko eta kulturalak.
Frantziako III. Errepublika. Hasiera zailak eta Parisko Komuna; nazio laikoaren eraikuntza; Euskararen debekua; emazteen eskubideen aldeko borroka; Dreyfus afera.