Kolegioetako erreforma ez da arrunt zehaztua, baina eskola inklusiboaren inguruan Frantziako Gobernuak iragarri neurriek kezka sortu dute; bereziki, ez delako baliabide gehigarririk aipatu oraino. Atharratzeko kolegioan gela bat eta Amikuzekoan bi gela zerratzeko iragarpenek profesionalen kezkak handitu dituzte, irakasleei lan gehiago galdetuko dietelako gela handiagoetan. Beraz, uste dute zailtasunak dituzten ikasleak segitzeko baldintza gogorragoak izanen direla.
Eskola inklusiboaren egituraketan, gaur egun, eskola publikoan eta pribatu katolikoan Ulysse eta Seaskan Iep (Inklusiorako Egitura Pedagogikoa) dispositiboek leku handia dute kolegioetan. Administrazioak hala deliberatzen duelarik, laguntza berezia behar duten ikasleek dispositibo horren barruan atzematen dute, behar dutenean, laguntza pertsonalizatua. Baina «ideia da klaseetan egon daitezen ahal bezainbat besteekin», zehaztu du Kattalin Intzagarai Mauleko Argia kolegioko Ulysse koordinatzaileak. Seaskako pedagogia arduradun Egoitz Urrutikoetxeak gehitu du «zailtasun gehiago dituzten ikasgai horietan buruz buruko saioak edo aparteko laguntza» dutela egitura horri esker, «ez daitezen galduak izan eta beren lekua atzeman dezaten besteekin».
Zailtasunak dituzten ikasleei laguntza emateko, eskola laguntzailearen, Iep edo Ulysse egiturako koordinatzailearen eta irakasleen lana artikulatzen da, baina horretarako ahalak eskas direla begi bistakoa zaio Intzagarairi: «Irakasleek ere ez dute denborarik ikasleak aipatzeko, lan orenez kanpo egin behar dugu», zehaztu du.
Mailaka bereiziak
Kritikak ez dira erreformaren iragarpenekin isilduko: matematika eta frantses klaseetan ikasleak mailaren araberako taldeetan biltzea aipatu du Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Hots, errazki ari direnak errazki ari direnekin, eta zailtasunak dituztenak zailtasunak dituztenekin. Urrutikoetxearen ustez, «jendarte banaketaren erreprodukzio bat» litzateke, «egoera sozial zaurgarrietan direnek eskolan zailtasun gehiago ukaitea» baita ohikoena, haren erranetan. «Bada kezkatzekoa».
Seaskan gogoeta betean dira hezkuntza ereduaren inguruan, eta «inklusioa zentroan» ezarri nahi dute, pedagogia arduradunaren arabera. Praktikan ere, kolegioetan, aste bereziak egiten dira seigarrenetik hirugarrenerako ikasleak nahasiz. «Eragin baikorra baduela ikusten da», Urrutikoetxeak dioenez. Ikastoletako norabidea eta erreformarena, haren erranetan, «filosofian, bi muturretan» kokatzen dira. «Gogoeta norabide horretan eraman nahi dugu, eta erreformak beste puntara eramaten ditu».
Mailaren araberako taldeak gauzatzea behartuko zaienez ez badakite ere, Urrutikoetxeak argi du baliabideak ez direla hobetuko: «Atharratzen gela bat kenduko dute, Amikuzeko kolegioan bi gela kenduko dituzte, eta baliabide horiekin egin beharko dute mailakatze hori. Aski deigarria da». Intzagaraik, lehenik, azpimarratu du ez dela argitua izan plantan nola ezarria izanen den, baina eskola mailaren araberako taldeak egitearen eragina argi ikusten du: «Konfiantzarentzat eta autoestimarentzat, katastrofikoa izanen da!».
Laguntzaileen egoera okerrera
Iragarri den beste neurrietarik bat elbarritasun bat duten haurren eskola laguntzaileen —AESH frantsesezko sigletan— antolaketari lotua da. Zuberoan, 27 ikasle segitzen dituzten hamahiru eskola laguntzaileren ordutegia antolatzeaz axolatzen da Intzagarai, baina heldu den urtean utziko du, administrazioaren logika ez duelako bere egiten: «Baionan erraten didate oren sobera ematen dudala ikasle bakoitzeko. Idauzen hamalau oren ezarri ditut, adibidez, laguntzailerik gabe egoten ahal ez den ikasle batentzat». Marraztu duen egoera okerrago izateko lanjerra ikusten du Ulysse koordinatzaileak: «Eskola inklusiboa ontsa da, baina kalitatezkoa behar du. Ororendako denez, ez naiz segur», trenkatu du praktikari so eginez.
Joanago eta ikasle gehiago geletan, zenbait ikasle laguntzailearekin... Borondate onarekin ere ikasle guztiei egokitzea zaila ikusten dute, baldintza horietan, hezkuntzako bi profesionalek. Beharrezkoak liratekeen baliabideen aipamena egin du Urrutikoetxeak: 30 ikasleko klase batean bi irakasle izatea. «Hori litzateke ideala, eta ikasleek dituzten beharren araberako esku hartzeak bideratzea».