Erreferentziak sortu, bertsolariak trebatzeko

Bertso eskoletan baliatzeko materiala sortzen ari dira, eta, horren karietara, Iparraldeko doinu zaharrak berriz eskuratzeko grabaketak egin dituzte hamasei bertsolariren bertso idatziak musikatuz. «Hurbileko erreferentziak» beharrezkoak direla uste dute.

Iparraldeko bertsolari gazteen txapelketako saio bat, 2021ean, Senperen. HITZA
Iparraldeko bertsolari gazteen txapelketako saio bat, 2021ean, Senperen. HITZA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Mikro baten aitzinean bertso bat kantatzeko, erratz baten aitzinean kantatzera trebatu behar omen da. Horretarako dira bertso eskolak, eta, egun, Ipar Euskal Herrian hirurehun bat ikasle ibiltzen dira bertsolaritza ikasten. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ikasmateriala sortzeko lan egiten du irakasleei eta ikasleei euskarri bat eskaintzeko xedearekin, eta ikasturte honetarako, Ipar Euskal Herriko hamasei bertsolarik idatzitako bertso sortak musikatu eta grabatu dituzte. Helburua izan dute «Iparraldeko haur eta gazteen errealitatera egokitua» den materiala sortzea, Aimar Karrika bertso irakaslearen erranetan. 

Bertsozale Elkartean badu denbora anitz material pedagogikoa sortzen dutela, baina, Karrikak esplikatu duenez, orain arte bereziki ikastetxeetan ematen dituzten saioetara begira prestatua zen, ez aisialdiko bertso eskoletarako. Gainera, sortutako materiala, sustut, «Hegoaldeko euskalkiekin eta erreferentziekin» egina izan da, eta elkarteak argi zuen «Ipar Euskal Herrirako egokitzapenak» egin behar zituela. 

Horren ondorioz, Ipar Euskal Herriko irakasleekin elkarlanean, materiala diseinatzen hasi ziren aisialdiko bertso eskoletan erabili ahal izateko. «Lehenik, aukeratu behar izan dugu zer adin tarteko haurrentzat egin nahi genuen material hori eta zer esparru lantzeko balio izanen zigun. Gero, lan ardatz bakoitza gure erreferentzietara ekarri dugu, gure euskalkietara, eta gure doinuetara ere bai», erran du Karrikak. Erraterako, ikasmaterialak sei arlo lantzeko balioko die: doinutegia, errimategia, gaitegia, bertsolariak, bat-batekotasuna eta jolasa.

«Lehenik, aukeratu behar izan dugu zer adin tarteko haurrentzat egin nahi genuen material hori eta zer esparru lantzeko balio izanen zigun. Gero, lan ardatz bakoitza gure erreferentzietara ekarri dugu, gure euskalkietara, eta gure doinuetara ere bai»

AIMAR KARRIKABertso irakaslea

Xan Alkhat Ipar Euskal Herriko barnealdeko bertso eskoletako irakasleak ere beharrezkoa ikusten zuen tokiko beharrei erantzuten dien materiala ekoiztea. «Bagenuen arrangura bat edo, hobeki erranda, gogoeta bat, Iparraldeko haurrei begira behar genituela hemengo erreferentziak eta egokitzapen batzuk egin erabiltzen genuen materialarentzat. Bertsozale Elkartean materiala egin izan da Euskal Herrian, batuan, baina batzuetan ez zen arras egokitua gure haurrentzat. Horretarako, hemengo bertsolariei eginarazi nahi genizkien bertso sortak, egokitzeko hemengo errealitateari eta hemengo euskalkiei».

Hurbilekoak

Orain, zehazki, doinuen inguruan egin dute lan berezia: Iparraldeko bertsolariek erabilitako doinu zaharrak berreskuratu nahi izan dituzte. Horiek lantzeko aitzakia hartuta, Ipar Euskal Herriko hamasei bertsolarirengana jo dute, bakoitzari gai bat emanez: Maddi Sarasua, Aimar Karrika, Odei Barroso, Ramuntxo Christy, Haira Aizpurua, Josu Txoperena, Xan Alkhat, Maddi Ane Txoperena, Aitor Servier, Lur Renteria, Ainhoa Sarasua, Nahia Etxeberri, Maddalen Arzallus, Aetz Etxart, Leire Casamajou eta Joanes Etxebarria. Bakoitzak adin tarte bati egokitutako sorta prestatu du. Kantuan, Beñat Larrori eta Ainhoa Sarasua aritu dira, eta musikan, Aner Euzkitze eta Ainhoa Elizondo. Barrosoren Alkimia estudioan grabatu dituzte sortak, eta bi euskarritan erabilgarri izanen dira: elektronikoan eta liburu batean idatzirik. Karrikak esplikatu du soinua grabatzeko Larrori eta Sarasua aritu direla besteenak kantatzen «denek kolore berdintsua izan zezaten, eta haurren belarrira erraz sartzen den osotasun bat izateko».

«Bertsozale Elkartean materiala egin izan da Euskal Herrian, batuan, baina batzuetan ez zen arras egokitua gure haurrentzat. Horretarako, hemengo bertsolariei eginarazi nahi genizkien bertso sortak» XAN ALKHATBertso irakaslea

Karrikak argi du bertso eskoletan ibiltzen diren haurrentzat, gainera, bertso sortak idatzi dituztenak «hurbilekoak» direla, eta horrek erreferentzia zuzenak izateko laguntzen diela. «Azken finean, ezagutzen dituzten bertsolariak dira, eta haur eta gazteentzako erreferentziak dira; aldi honetan erabaki dugu bertsolari horiek ezagutaraztea, hurbileko erreferentziak direlako; argazkitan ikusiko dituzte, haien sortak ikasi eta kantatuko dituzte. Euskalkiei begira, gainera, bakoitzak berea dauka nola Sarakoak hala zuberotarrak, eta haurrak errazkiago identifikatzen dira». 

Iparraldean erabiltzen ziren doinu zaharrak berreskuratzeko ahalegina egin dute, doinu berriak ikasteaz gain, historiari begirako lan bat egiten ahalko dutelako ikasleekin. Kasurako, Iruten ari nuzu doinua baliatu du Maddi Sarasuak emozioei buruzko sorta prestatzeko,  9 eta 11 urte arteko haurrentzat. «Doinu zahar hori errekuperatzen ari da, eta balioko digu jatorrizko bertsoak ere lantzeko», esplikatu du Alkhatek. Gehitu du bertsolari zaharrei buruzko fitxak egiteko oinarri gisa baliatuko dituztela. 

Maddi Ane Txoperena Iribarren hendaiarrak Ispiluarekin solaseangaiaren inguruan idatzi ditu bertsoak, 14 eta 15 urte artekoentzat. Alkhatek jo zuen Txoperenarengana, proiektuan parte hartzea proposatzeko, eta, ariketa «polita» izango zela iruditu zitzaionez, onartu zuen berehala. «Doinua ere haiek eman zidaten, eta niretzat parada izan da doinua ere ikasteko, aitzinetik ez bainuen ezagutzen. Segidan, baiezkoa eman nien», erran du. Aldiz, Txoperenari hasieran «errespetua ematen» zion haur eta gazteentzako idazteak, ariketa berezia delako adinari egokitu behar izatea. «Haur ttipientzat izanen balitz, gehiago kostatuko litzaidake idaztea, beti sentsazioa dudalako ez dakidala oso ongi nola hitz egin umeekin. Baina 14-15 urtekoentzat denetz, pixka bat errazagoa dela iruditzen zitzaidan, errazagoa egiten zaidalako 14-15 urteko ni horretan jartzea. Saiatu nintzen ni horretatik idazten, eta ariketa interesgarria da», gehitu du.

«Gu bertso eskolan hasi ginenean, bertso sorta zaharrak lantzen genituen, batez ere. Berriagoak ere bai, baina askotan bertsolari famatuenak izaten ziren, Andoni Egañarenak edo. Oso ariketa polita dela iruditzen zait, hurbilago egiten ahal zaizkielako sortak egin dituzten bertsolari horiek» MADDI ANE TXOPERENA IRIBARRENBertsolaria

Bertso eskolan ibiltzen zeneko garaiaz oroitu da Maddi Ane Txoperena, eta baikorra zaio oraingo ikasleek material berriari esker erreferentzia hurbilagoko bertsoekin lan egin ahal izatea. «Gu bertso eskolan hasi ginenean, bertso sorta zaharrak lantzen genituen, batez ere. Berriagoak ere bai, baina askotan bertsolari famatuenak izaten ziren, Andoni Egañarenak edo. Oso ariketa polita dela iruditzen zait, hurbilago egiten ahal zaizkielako sortak egin dituzten bertsolari horiek».  Bestalde, uste du egitasmoan Ipar Euskal Herriko «aniztasuna» ordezkatu dutela: «Errealitate diferente pila bat daude eta euskalki diferente pila bat daude Ipar Euskal Herrian, eta islatuak gelditu dira. Bagaude Hendaiako batzuk, aski batuan egin ditugunak sortak, bada zuberotar bat erabat zuberotarrez egin dituena... Bertso eskoletako haurrek ere hurbilago sentituko dituzte horri esker».

«Osasuntsu»

Bertso eskolen egoera, oro har, «osasuntsua» dela uste du Aimar Karrikak. Hirurehun haur ibiltzen dira Iparraldeko 37 taldetan, eta zehaztu du eskola batzuetan talde biziki handiak biltzen direla. Horrek kudeaketako «buruhausteak» ematen dizkie, ez dutelako oraino nahikoa baliabide bi irakasle igortzeko talde handiak dituzten lekuetara. «Era berean, ikusten dugu hasieran harrobi handia edukitzeak eramaten gaituela lizeora belaunaldi bakoitzetik hiruzpalau pertsona iristera. Hori oso inportantea da. Lizeoan gaur egun hamalau bat lagun dabiltza bertsotan, eta oso zenbaki polita dela iruditzen zaigu», adierazi du. 

Alkhaten irudiko, barnealdean ere egoera «hobera» doa. Erran du gero eta bertso eskola «gehiago» direla, eta uste du haurrek ikusten dutela «bertsoa bizirik» dela, «nahiz eta azken urteetan pixka bat isildua egon den». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.