Ene oroitzean, gazte ginelarik, ez zen aparentziarik ere posible frantses edo espainol erreferentziak gureganatzea edo (gor)aipatzea. Egun, kirolaren bitartez batez ere, ikasle andana batek Frantziako, Parisko edo Madrilgo kamisetak kartsuki eramaten dituzte. Bestalde, ez omen da arraro gazteen artean ikustea pasahitz gisa 'vive la France' ematen dutela, edo Macronen argazki bat atzeko pantailan. Eta zer erran, orain Marseillesa denetan entzutearen bortxaz, arrunt pasiboki hartzen dugularik.
Baina nork minorizatzen gaitu? Zapaltzen? Ez dirudi argi.
Onartua izatearen sindromearen gibelean, asimilazioa dugu emaitza. Ez dugu ezer izendatzen, erradikalegi gisa etiketatua izateko beldurragatik. Bazterrak ez sobera inarrosi, irabazi dugun apur hori galtzeko beldurragatik. Ez dakigu, beraz, nor ari den gure kontra, ez eta zeren alde egin ere.
Nahiz eta euskalduna izan, nolaz ez ohartu gure aldeko jokoa ez dugularik egiten gure kontrako jokoa dugula elikatzen?
Jokoan dena gure tokia atxikitzea eta segurtatzea da, besteena egitea baino lehen.