Erlaitzeko bidea, higatzearen menpe

2020ko urrian lur erortze bat gertatu zen Hendaia-Ziburu artean, Urruñako partean. Hortik hurbil pasatzen den bidearen kudeaketaren inguruko gogoeta bat abiatu zuten eragileek, eta ikertzen ari dira higatzearen ondorioz trafikoan zer aterabide den.

Erlaitzeko errepidearen heste esperimentala
Hendaia-Ziburu arteko erlaitzeko errepidearen heste esperimentala, maiatzaren 21ean, Urruñako partean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Duela kasik lau urte, 2020ko urriaren 29ko goizean, milaka jende bildu ziren Hendaia eta Ziburu arteko erlaitzean, Belharra uhin handia ikusteko. Egun hartako arratsaldean, lur erortze handi bat gertatu zen erlaitzeko Urruñako partean. «Lur erortze hura goizean izan balitz, zer gertatuko zen? Goiz hartan, leku hartan, mila lagun bilduak ziren; lur erortzearekin, beharbada, ehunka zauritu izanen ziren». Bizi izan zuen kezkaz ongi oroitzen da Filipe Aramendi Urruñako auzapeza. Ezbeharrak «zerbait egin behar» zela argi utzi zion; «eragile guziak mahai baten inguruan bildu» behar zirela uste zuen orduan, eta gauzak pixka bat «mugiarazten» hasi zen. «Argi nuen naturak bere lana egiten segituko zuela, eta klima aldaketarekin uste baino fiteago gertatzen ari zela». Hipotesia batzuk ikertzen ari dira ikusteko zer egin.

Eragile guziak Copil izeneko gogoeta batzorde batean sartuak dira: suprefetura, Pirinio Atlantikoetako departamendua —bidea kudeatzen du—, Euskal Hirigune Elkargoa —eta, zehazki, garraio sindikatua—, eta Hendaiako, Ziburuko eta Urruñako auzapezak. Aterabide posibleen artean da bidea behin betiko hestea, baina horretarako erlaitzeko bidean ibiltzen den zirkulazioa beste norabait bideratu behar da, eta, hain zuzen ere, hori nola egin daitekeen ikertzen ari dira orain. Esperimentazio bat egin zuten iragan maiatzaren 21etik ekainaren 7ra, hiru astez, errepidea aldi baterako hestean trafikoa nora bideratuko zen ikusteko.

Zifrak

16.000

 

Ibilgailu kopurua udan. Udan, 16.000 auto, kamioi eta moto ibiltzen dira erlaitzeko bidean, Hendaia eta Ziburu artean, Copil batzordearen arabera. 

9.000

 

Ibilgailu kopurua ikasturte garaian. Ikasturte garaian, egunero 9.000 ibilgailu pasatzen dira erlaitzeko bidetik, Copil batzordearen datuen arabera.

Erraterako, jadanik gertatua da bidea noiztenka hetsi behar izatea, halabeharrez. Bi arrazoi izan daitezke bide hori hesteko: batetik, eurite handiak, eta, bestetik, olatu gaindikorrak. Hala, bi fenomeno horiengatik alerta ezarria delarik, bidea hesten dute, luizi arriskua emendatzen baita. Melanie Chauvin Pirinio Atlantikoetako departamenduko bideen eta azpiegituren zuzendariak esplikatu du noiztenkako heste horietan ez zutela aukerarik ikusteko trafikoa nora bideratzen zen, epea motzegia baitzen. «Eguraldi alertak ditugularik, bidea hetsi behar izaten dugu. Gehienez ere, astebetez egon da hetsia arrazoi horiengatik, baina epe laburregia da azterketak ongi eta zehazki egiteko. Horregatik deliberatu genuen hiru asteko hetsiera esperimentala egitea, ikusteko egunero bide horretatik pasatzen diren 9.000 ibilgailuak nora joaten ziren». Jakin behar da, gainera, udan bide horretan ibiltzen den ibilgailu kopurua kasik bi halako dela: egunero 16.000 inguru dira hortik pasatzen direnak. 

LUBIZIA ERLAITZA ITSASLABARREAN

Hendaia-Ziburu arteko erlaitzaren lur erortzea, 2020ko urriaren 29an, Urruñan. BOB EDME

Aldi berean, BRGM Meatze eta Geologia Ikerketa Bulegoari ikerketa xehe bat manatu diote eragileek, erlaitzaren higatzeari buruzko datu berrituak izateko —azken ikerketa xehea 2009koa da—. Urte bukaerarako espero dituzte emaitzak, eta horrek bideratuko ditu, partez, partaideek hartu beharreko erabakiak.

Trafikoa, 810 bidera

Nolanahi ere, bide heste esperimentalari esker, ondoko urteetako erronkak zein izanen diren ikusi ahal izan du Copil batzordeak. Chauvinek esplikatu du aitzinetik zituzten hipotesi gehienak baieztatu direla: trafikoaren parte handiena 810 departamendu bidera joan da; horrek usaian baino auto metaketa handiagoak eragin ditu, eta bidaiaren denbora anitz luzatu du; batez ere, sektore horretan lan egiten dutenentzat. Espero zuten bezala, bestalde, nahiko gutik hartu dute autobidea —ordainpekoa da—. Aramendiren ustez, Frantziako Estatuko zerbitzuek negoziatu beharko lukete Vinci autopista kudeatzen duen enpresarekin zati hori urririk izateko; aitortu du, ordea, ideia horrek ez duela arrakasta handirik eragileen artean, oraingoz.

«Argi da Hendaiatik Baionarako bidaia egiteko eskaintza emendatu behar dela, eta Akitania Berria ere lanean ari da TER trenen eskaintza emendatu ahal izateko. Argi da eragile guziok elkarlanean aritu behar dugula» FILIPE ARAMENDIUrruñako auzapeza

Haatik, aurreikusia ez zuten zerbait gertatu da: trafikoaren %20 herrixka bideetara joan da, eta horrek «arazo» batzuk eragin ditu, Chauvinen eta Aramendiren hitzetan. Batik bat, Urruñan kokatuak diren bidexkak dira, eta Aramendik argi utzi du bide ttipiok ez direla hainbeste ibilgailu hartzeko eginak. «Ondorio kaltegarri anitz izan dira, auto batzuk bide bazterretan kokatzen ziren bide hertsiak direlako. Gainera arriskutsua da, bizikleta eta oinezko anitz ibiltzen baitira bide horietan», erran du Urruñako auzapezak. 

Hiru asteko esperimentazioan ikusi ahal izan dutenez, garraio publikoaren erabilera biziki guti emendatu da. Chauvinek duda du hori ez ote den esperimentazioaren iraupenarekin lotua: «Beharbada jendeak ez du epe motzerako antolatu nahi izan». Baina, Aramendiren ustez, arazo orokorragoa da; uste du jendeak beren autoei «lotuak» direla, eta erran du «hein batean ulergarria» dela, garraio publikoa ez baita «oraindik» aski egokitua. Ikasturtean zehar, Hendaia eta Baiona lotzen dituen autobusa gutxi gorabehera oren erdi guziez pasatzen da Hendaia eta Donibane Lohizune artean, 06:00etatik 08:00ak arte, eta, gero, oren guziez. Bi noranzkoetan maiztasun bera dute, guti gorabehera. 

Hortaz, Aramendik segurtatu du Euskal Hirigune Elkargoko garraio sindikatua «arrunt engaiatua» dela hemendik eta hamar urtera eskaintza emendatzeko. «Argi da Hendaiatik Baionarako bidaia egiteko eskaintza emendatu behar dela, eta Akitania Berria ere lanean ari da TER trenen eskaintza emendatu ahal izateko. Argi da eragile guziok elkarlanean aritu behar dugula».

«Gerta daitekeena da hamar urteren bururako bide hori hetsi behar izatea, eta guri dagokigu egun horretarako prest izatea eta aterabide guziak martxan izatea» 

MELANIE CHAUVINDepartamenduko bide eta azpiegituren zuzendaria

Copileko eragileek hamar urteko epea finkatu dute behin betiko aterabide bat atzemateko. «Gerta daitekeena da hamar urteren bururako bide hori hetsi behar izatea, eta guri dagokigu egun horretarako prest izatea eta aterabide guziak martxan izatea. Hipotesirik sinesgarriena da hamar urteren buruan bidea zerratu behar izatea, baina higatzea ez dugu erabat menperatzen, eta helburua lehenago ere prest izatea da», laburbildu du Chauvinek. Aramendik argi du «beren ardurak hartzea» dagokiela eragileei. 

Higatzea, geldiezina

Christophe Garnierrek, Akitania Berriko Kostaldeko Behatokiko eta BRGMko arrisku naturalen arloko ingeniariak, esplikatu du higatzea «bi faktore desberdinek» eragiten dutela. «Bata: itsaslabarren morfologiaren eta haien osaera geologikoaren berezko arrazoiak —goratasuna, malda, arrokaren izaera—. Bestea: itsas faktoreei lotua; hau da, olatuek labarraren oinarria hauskortzen dute, eta horrek lur mugimenduak errazten ditu». Klima aldaketak, gainera, higatzea bizkortzen ahal duela azaldu du. «Aurreikusia den itsasoen gorakadak eragina izanen du higatzean, baita gero eta ohikoago diren eguraldi gertaera azkarrek ere —euriteek eta olatu gaindikorrek, kasu honetan—». Garnierrek argi utzi du Hendaia-Ziburu arteko erlaitzeko bidean, giza jarduerek ez dutela ondoriorik luizi bat gertatzeko probabilitateetan: ez ibilgailuek, ezta jendetza arroila gainean biltzeak ere. 

Arriskuen ikerketa egiteko garaian, beraz, higatze horren nondik norakoak aztertzen dituzte, eta leku horretan diren erronkekin uztartzen —kasu honetan, bidea da erronka—. «Toki batean erronkarik ez bada, arrisku noziorik ez da. Baina kasu honetan, higatzeak bidean izan dezakeen eragina aztertzen dugu, zehazki, lekuz leku», esplikatu du Garnierrek. Ikerketa horren bidez, hala, Copilek ezaugarri guziak izanen ditu esku artean erabakiak hartu ahal izateko. Chauvinek esplikatu du hamar urte gabe litekeena dela arriskurik handiena den lekuetan bidea gibelatu behar izatea, eta hori ikerketa horren bidez argitzea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.