Lurramako koordinatzailea izan da hamabost urtez Bixente Eiherabide (Ziburu, 1981). Estresa kudeatzea zaila izan zaio urte horietan, eta 2021ean COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz hartutako neurriek aspaldiko gogoeta bat gauzatzera eraman zuten: ofizioa aldatzea erabaki zuen. Maiasturu ikasketak egiten ari da orain. Irailetik aitzina, goi mailako brebeta profesionala prestatzen hasiko da Angeluko Federation Compagnonnique eskolan. Erabakia hartu izanaz ez da damutzen, eta kontent da «ezezaguna» zitzaion mundu batera «jauzi egin» izanaz.
Baxotik landa, nola arribatu zinen Euskal Herriko Laborantza Ganberara lan egitera?
Ikasketak uraren sailean egin nituen. Aldi berean, gaztetxeen mugimenduan sartua nintzen, Donibane Lohizune-Ziburuko gaztetxean, eta ene bigarren eskola izan da. Musika talde bat bagenuen, eta ondoan gaualdiak antolatzen genituen. Hor ikasi nuen anitz autokudeaketaren arloan, hasieratik bukaerara ekitaldiak antolatzen. Udan, itsasbazterreko uraren kalitatea neurtzen lan egin nuen tarte batez. Gero, 2005ean, EHLG sortu berria zelarik, [Mixel] Berhokoirigoinek eta haren lagunek sail berri bat ireki zuten: ura eta laborantza. Banuen EHLGren sortzearen berri, eta, urte bat berantago, lan eskaintza bat izan zelarik sail horrentzat, nihauren burua aurkeztu nuen.
Eta zer eman zuen?
Argiki erran nien laborantza munduan ez nuela gauza handirik ezagutzen, eta uraren munduan, doi bat. Halere, ongi prestatu nuen elkarrizketa hura, eta aski ongi funtzionatu zuen, zeren lanpostua eman ez bazidaten ere, zenbait hilabete berantago berriz deitu ninduten: preseski, Lurramarentzat. Erran zidaten bazutela kostaldean ekitaldi handi bat muntatzeko proiektua, eta nahiz eta ez zuen oraino izenik, bazekiten norbaiten beharra izanen zutela proiektua eramateko.
Horrela hasi, eta zenbat urtez egon zinen?
Hamabost urtez, 2006tik 2021era; Arbonako lurren okupazioan egin zen Lurramako aldira arte.
Zer-nolako esperientzia izan da Lurramakoa?
Aski gazte sartu nintzen EHLGn, 25 bat urterekin. Orduan, baziren ekitaldi muntaketan adituak zirenak, EHZ festibaleko laguntzaileak, laborariak... Talde horretan integratu nintzen, eta anitz ikasi nuen hasierako urteetan. Lurrama ekitaldi handia izan da beti, eta lehen urtetik arrakasta bildu zuen. Ekitaldi zabala izan da hastapenetik, osagai guziak hor baitziren: kabalak, merkatua, ekitaldiak, apairuak, haurren xokoa... Gure ideia beti izan da laborantza iraunkorra eta herrikoia garatzea, jendea sentsibilizatzea tokiko mozkinak erosteko eta jateko. Elikadura sanoaren eta laborantza herrikoiaren ildotik, uste dut hein batean Lurrama eredu bilakatu dela, beste ekitaldietan ere hasi baitziren tokiko mozkinen baliatzen, kalitatea lehenetsirik.
«Elikadura sanoaren eta laborantza herrikoiaren ildotik, uste dut hein batean Lurrama eredu bilakatu dela, beste ekitaldietan ere hasi baitziren tokiko mozkinen baliatzen, kalitatea lehenetsirik»
Zer atxikitzen duzu gogoan urte horietarik?
Ororen gainetik atxikitzen dut elkarrekin egin dugun proiektu kolektibo bat dela: bakoitzaren indarrak batuz egin dugu.
Hamabost urteren ondotik, alta, ofizioa arrunt aldatzea erabaki zenuen. Zertarik jin zitzaizun aldaketarako gogoa?
Egia errateko, estresa beti hor izan dut, gisa horretako ekitaldi bat antolatzea estres iturri handia baita. Lehen bost urteak izugarri zailak izan zitzaizkidan, baina dena barnean atxikitzen nuen, ez nuen deus ere erakusten. Gero, askoz hobekiago joan zen, eta azken bost urteetan berriz jin zitzaidan azkarki estresa. COVID-19ak eragindako pandemiak dena geldiarazi zuenean, Lurramaren aldi bat osoki ezeztatua izan zen, eta, urte hartan, estresa desagertu zitzaidan osoki. Bat-batean, berriz posible izan zelarik gauzak antolatzea, eta hasi ginenean aipatzen berriz lotuko ginela, berriz jin zitzaidan estres korapilo hori.
Zer eragin zizun orduan?
Sentsazioa ahantzia nuen, eta hor zinez ohartu nintzen ez nuela gehiago hori jasan nahi. Pandemiak, gainera, bere eragina utzi zuen, eta muturreko egoera horrek muturreko eraginak ukan zituen: giro nahasia zen, eta pertsonalki ez nintzen beti akort egiten zenarekin; besteak beste, nola jendea behartu zen ziurtagiria ukaiteko txertoa hartzera eta nola antolatzaile anitzek onetsi zuten hori. Ari nintzen ea nor nintzen jendeari ziurtagiria galdegiteko antolatzen genuen ekitaldira sartzeko... Beste tanta bat izan zen errateko nik baldintza horietan ez nuela segitzen ahal.
Zurgintzara buruz joatea erabaki duzu.
Erran nezake beti ene baitan lo egon dela maiasturu bat, eta hori iratzarri dudala. Banekien ofizio hori izugarri gustukoa nuela, haurtzarotik hainbat aldiz entseatua bainuen. Haur denboran aitatxik erakutsi zidan nola iltzeak sartu, zizelkatzea ere maite nuen... Nolanahika ari nintzen, baina gustukoa nuen. Gaztaroan, gero, gaztetxean konponketak egiten nituen, eta, berantago, lagunaren aitaren tailerrean bizi izan ginen. Hango tresnak erabiltzen ikasi nuen.
Nola hasi zenuen ikasketa prozesua?
Entzun nuen bazela eskola aski famatu bat Angelun, Federation Compagnonnique izenekoa: ate irekietara joan nintzen, tailerrak bisitatu, irakasle batzuekin egon, eta izena eman nuen. Alternantzian egiteko parada bazen, enpresa bat atzemanez, eskolako eta enpresako aldiak tartekatzeko. Ukandako aholku bati jarraikiz, Abilan enpresara deitu nuen, eta urte bat eta erdiz egin dut aprendizgoa han. Irailean, brebeta profesionala prestatzen hasiko naiz. Zailagoa izanen da, eta lotu beharko dut.
Hartu erabakiaz ez zara damu, ezta?
Ez, batere ez. Ene erabakia ez da izan kapriza baten ondorioa; zinez aldaketarako beharra sentitzen nuen, eta horrekin jadanik aldaketa prozesua hasten duzu. Ez da baitezpada erraza, hamar mila galdera jiten dira ezezaguna den mundu batera jauzi egin behar duzulako, baina azkenean egokitzen zara errealitate horretara, eta aldaketa biziki ongi pasatu da. Ene hautuaz kontent naiz, eta beharra sentitzen duen edonori erran nahiko nioke posible dela.