Emazteen Etxea, kolektiboki ondua

Iragan astean gauzatu zuten azken sei urteetan gogoan izan duten proiektua: Iparraldeko lehen Emazteen Etxea kudeatzeko elkartea eratu zuten, eta egitura udazkenean irekitzeko asmoa dute, Urruñan.

Emakumeen Etxea egituratzeko bilkura publiko bat, Kanbon, iazko abenduan. PATXI BELTZAIZ
Emakumeen Etxea egituratzeko bilkura publiko bat, Kanbon, iazko abenduan. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko uztailaren 5a
05:00
Entzun

Izatekotan, kolektiboa, parte hartzailea eta emazte guztientzako izan beharko zuela argi zuten, eta, sei urteko gogoeta eta lan prozesuaren ondotik, udazkenetik aitzina Ipar Euskal Herrian lehen Emazteen Etxea izanen da. Urruñan izanen da lekua, Pausuko auzoan, eta gunea kudeatuko duen elkartea eratu berri dute dozena bat emaztek: ekainaren 27an bildu ziren Urruñan, biltzar eratzailea egiteko. Proiektuaren abiapuntuan izan da EBA koordinakunde feminista, eta Urruñako gunea sare handi bateko lehena izanen dela espero dute. 

Emazteen Etxea sortzeko, lehenik, eskualdeko beharrak zein diren aztertu dute EBAko kideek, inkesta baten bidez. Berrehun bat erantzun lorturik, diagnostiko bat osatu dute, eta horren araberako egitasmoa diseinatu. Pilar Artaloitia EBAko kidea proiektuaren sustatzaileetariko batek azaldu du «amestu» duten gunea «bertako emazteek amestutakoa» izan dela. «Gure helburua da lurralde osoan Emazteen Etxeak izatea, baina bakoitza sortzea tokiko emazteen gogotik, ametsetatik, beharretatik. Galdetzen badiguzu zein den gure ametsetako Emazteen Etxea, erantzuna da: hura sortzen duten emazteen ametsak betetzen dituena». Geroak erranen du izatekotan ondokoak nolakoak izanen diren, beraz, baina argi dute, bederen, Urruñan izanen den lehena emazte «guztientzat» pentsatua izanen dela. 

Veronique De la Deveze EBAko kideak esplikatu du gune kolektiboa izanen dela, eta ez dela biktimak diren emazteen harrera egitera mugatuko: «Hori baino askoz ere zabalagoa izanen da». Bertan eginen dutena ez dute oraindik arras zehaztua, eta egitaraua elkartea eratu bezain laster egiten hasiko dira, «pausoz pauso». Halere, argi dute eztabaidak egiteko, kultura sustatzeko, emazteak beren bizi proiektuetan laguntzeko eta «ahalduntzeko» gune bat izanen dela. Oraino ez dute zehaztua zein ordutegi izanen dituen espazio kolektibo horrek; izan ere, Urruñako Herriko Etxeak urririk uzten die lokala, baina beste elkarte batzuekin partekatu beharko dute, oraingoz. Dena dela, erran dute informazioak izan bezain laster komunikatuko dituztela. 

Saretzea helburu

Emazteen Etxearen «zutabeak pausatzea» izan da EBA koordinakundearen lana azken urteotan, eta Artaloitiak eta De la Devezek segurtatu dute tresna «egokitzeko gisan» uztea dela beren asmoa, Emazteen Etxe bat muntatu nahi dutenek oinarriak izan ditzaten, baina moldatzeko askatasuna ere bai. Halako gune batek tokiko beharrei erantzutea denez lehen baldintza, De la Devezen ustez, aterabidea Ipar Euskal Herriko polo bakoitzeko Emazteen Etxe bat izatea da; hamar, denera: «Maulen, Donapaleun, Baionan edo Garazin bizi den emazte batek ez du baitezpada Urruñan izanen den zerbitzua erabiliko; beraz, ideia da denek berengana dezaten proiektua, gisa horretako egiturak zabaltzeko lurralde osoan». 

Horretarako, bilkura publikoak antolatu dituzte azken hilabeteetan, eta, lana «erraza» izan ez bada ere, uste dute pixkanaka aitzinamenduak lortu dituztela. Iazko martxotik aurtengo urtarrilera eramandako inkestaren emaitzek argi utzi dute lurralde bakoitzean problematika ezberdinak dituztela feministek. Hain zuzen ere, horregatik inportantea zaie bakoitzak bere beharren arabera diseinatutako egitasmoa izatea. «Helburua ez da haiengana joatea eta erratea: ‘Torizue, badugu proiektu eder bat zuentzat’. Ez, helburua da jendeak bere egitea proiektua, eta guk, beharrezkoa bada, horretan aitzinatzen laguntzea», esplikatu du De la Devezek.

«Zergatik leku fisiko bat? Konkretuagoa delako, ezagutua izateko errazagoa delako. Etxe bat da, materiala da, leku bat da, eta finkoa izateak bermatzen du espazio seguru bat izatea»

VERONIQUE DE LA DEVEZE EBA koordinakunde feministako kidea

Ildo beretik, tokian tokiko eragileekin partaidetzak egiteari zinezko garrantzia ematen diote, eta, Artaloitiaren ustez, Emazteen Etxearen zeregina eragile horiek guziak biltzea izanen da, emazteek leku bakarrean denak atzeman ahal izateko. «Guk ez dugu pretentsiorik errateko jadanik lanean ari diren eragileak baino hobeak garela. Ez da batere hala. Guk segurtatu nahi duguna da toki bat, zeinetan emazteen eskubideen aldeko eragileek elkargune bat izanen duten». 

Hasieratik toki hori fisikoa eta finkoa izanen zela argi zuten feministek. «Zergatik leku fisiko bat? Konkretuagoa delako, ezagutua izateko errazagoa delako», trenkatu du EBAko kide De la Devezek. «Etxe bat da, materiala da, leku bat da, eta finkoa izateak bermatzen du espazio seguru bat izatea». Virginia Woolf pentsalari feministaren Gela bat norberarena liburuari egin dio erreferentzia, erranez Emazteen Etxea liburu horretan aipatzen den gelaren luzapena izanen dela: «Emazteentzat hain beharrezkoa den norberaren gela horren zabaltze bat izanen da Emazteen Etxea Iparraldeko emazte guzientzat».

Elkarlanean

Hasieratik bururaino inplikatu diren feministak dozena bat izanik ere, jadanik kausitua dute laguntzaile andana bat, eta udazkenerako 50 bat izanen direla kalkulatua dute. Inkesta egin zutenean, jadanik, erantzun zutenetatik erdiak prest agertu ziren laguntzaile izateko. Hori ikustean, Artaloitiak argi zuen ez zirela «bidez tronpatzen» ari. 

De la Devezentzat, laguntzaile berriak formatzea «izugarrizko esperientzia» da, eta uste du gisa horretako egitasmoetan laguntzaile izateak emazteak «ahalduntzeko» balio duela. Esplikatu du laguntzaile batzuek berengana jotzen dutenean ez dutela «egiten dakitenaren kontzientziarik». Horren aitzinean, erronka da dituzten kalitateez ohartaraztea, «proiektuan beren harria ekartzen ahal dutela» erranez. «Ororen buru, sinergia ederra sortzen da, eta zirkulu onuragarri bat da: aberasgarria da laguntzeko prest denarentzat, baita proiektuarentzat ere».

Emakumeen etxea eraikitzeko bilkura publikoa
Emakumeen Etxea eratzeko bilkura publiko bat, Kanbon, iazko abenduan. PATXI BELTZAIZ

Laguntzaile berriei harrera egiteko, protokolo bat martxan ezarri du EBA koordinakunde feministak, proiektuaren oinarriak zein diren jakinarazteko, eta egitasmoaren balioekin bat egiten dutela segurtatzeko. Horrez gain, Emazteen Etxeko harreran izanen direnei trebakuntza saioak eginen dizkiete heldu diren emazteak egoki bideratzen ikas dezaten; batez ere, indarkeriaren biktimak direnean. De la Devezentzat, ezinbestekoa da guneak eskainiko dituen zerbitzuak «kualitatiboki» landuak direla oroitaraztea. «Biktimen harrera egiten badugu, ezinezkoa da borondate onarekin bakarrik ari diren laguntzaileak ezartzea laguntzeko. Kasu horietan borondate ona baino gehiago behar da; gutxieneko formakuntza bat behar da, eta hori gabe ez litzateke egokia eta erosoa nehorendako: ez guregana heldu den biktimarendako, ezta laguntzailearendako ere».  

Emazteei «zor»

«Arras prest» ez badira ere, argi dute Urruñako Emazteen Etxea udazkenean irekiko dutela. Artaloitiaren arabera, garrantzitsua da «lekua hartzen hastea»; eta, ondotik, lekutik bertatik antolatzen segitzea. Herriko etxearekin izandako harremanak goraipatu dituzte EBAko kideek, eta erran dute «biziki baikorki» ikusi zutela egitasmoa eta gunea prestatzeko laguntza eskaini dietela hasieratik. Oraingoz, ez dute beste instituzioetara jo buxeta osatzen laguntzeko, baina erran dute hemendik aitzina laguntza beharko dutela. «Orain arte, guk bakarrik eraman dugu proiektua, ahal izan dugulako. Baina argi utzi nahi dugu orain momentua heldu dela instituzioek ekonomikoki lagun gaitzaten», aldarrikatu du EBAko kide Artaloitiak. 

«Orain arte, guk bakarrik eraman dugu proiektua, ahal izan dugulako. Baina argi utzi nahi dugu orain momentua heldu dela instituzioek ekonomikoki lagun gaitzaten»

PILAR ARTALOITIAEBA koordinakunde feministako kidea

Erraterako, geroan, Ipar Euskal Herrian Emazteen Etxeen sare bat izanen dela uste dute feministek, eta sare hori kudeatzeko politikarien borondate «irmoa» beharko dela diote. «Oraindik goiti, afera aldatzen da: denen beharra izanen dugu, eta gure anbizioak ez dira apalduko: gure ametsa da postu bat eta erdi lortzea sortuko diren egiturak kudeatzeko. Beraz, sostengu politiko irmoa beharko dugu gure buxetari eusteko», zehaztu du Artaloitiak. 

Nolanahi ere, De la Devezek pentsatzen du instituzioek «egiten ez duten» lanaren ondorio dela elkarte feministek ondutako proiektua, eta, neurri horretan, uste du instituzioek ezin dietela ezezkorik eman diruz laguntzeko. «Genero desberdintasunak badira eramaten dituzten politiketan, eta horiei dagozkien aurrekontuetan ere bai», deitoratu du. Honezkero, ondoko urratsa instituzio publikoetara jotzea izanen da, herriko etxeetatik hasi eta Europaraino. Lan talde bat osatu dute hainbat laguntzailek finantzaketak bilatu eta lortzeko. Konfiantzaz mintzatu da De la Deveze: «Gauzak egin ahal izateko dirua eskatzera joan beharko dugu hemendik aitzina, baina eskatzen dugun dirua da botere publikoek egiten ez dutena konpentsatzeko. Zor zaigun zerbait da, emazteok bizi ditugun desberdintasunak orekatzeko. Konfiantza handiz goaz, ez baita arrazoirik ezetz erran diezaguten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.