Emazte Langilearen Nazioarteko Egunaren aitzakian ez dira guti marketin komertziala egiten duten saltegi edo jatetxeak; barnealdeko herriko etxe batzuetan, gainera, emazteei bazkariak eskainiko dizkiete besta egun sinple bat balitz bezala. Mugimendu feministak eta oraino antolatu gabeko hainbat taldek, aldiz, Martxoaren 8a borroka egun bat dela oroitarazi nahi dute. Baionan bi deialdi finkatuak dira biharko: Sutan kolektiboarena batetik, eta Itaiarena bestetik. Barnealdean ere elkarretaratzeak izanen dira: Maulen aitzineko urteetan bezala, Donibane Garazin Itaiaren elkarretaratzea, Oztibarren jende multzo batek deitu duena, eta Alduden pilotaren inguruko proposamena.
Baiona: Sutan kolektiboa
Iragan urtean osatu zuten Sutan kolektiboa, Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna eta Martxoaren 8ko mobilizazioak antolatzeko. Ihurtzuri eta PAF kolektiboek ez ezik, norbanakoek ere parte hartzen dute. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren parte da Sutan, eta, hein horretan, deialdi nazionalarekin bat eginen du bihar, Euskal Herriko hiriburuetan zabalduko den lema berarekin: Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza transfeministak.
Duela zenbait urte, manifestazio «biziki frantsesa» egiten zen Baionan, Sutan taldeko Aña Iriarten erranetan, eta kolektibo sortu berriak aldaketa ekarri duela gehitu du: «Gure araudian errana da gure militantzia eremua Ipar Euskal Herria dela, euskara lehen hizkuntza dela eta nazio askapen ikuspegia baduela gure borroka feministak».
Oraingoz bi egunen antolaketan zentratuak badira ere, Sutan osatzen duten taldeek elkarlan gehiagorako gogoa balukete, Iriarten arabera: «Sutan-en sartzeak permititu du aliantza berriak egitea feministen artean, eta egin den interpretazioa da elkarrekin indartsuago garela. Elkarlanean ari gara, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feminista ere sortu da elkarrekin erantzuteko eraso edo hilketa matxistak badirelarik, eta indar gehiago ukaiteko».

Baiona eta Donibane Garazi: Itaia
Azaroaren 25arentzat bezala, Itaia antolakunde sozialistak deialdia egin du biharko. Aurten, bi deialdi finkatu dituzte: Donibane Garazin lehen aldiz elkarretaratzea eginen dute 11:00etan, eta Baionan ere eginen dute, 15:00etan. Itaiako Elixabet Etxandiren hitzetan, nagusitzen den mezua da behar dela «lortu berdintasuna gizonekiko», baina hori ezinezkoa iruditzen zaio kapitalismoaren kontra borrokatu ezean: «Askatasunik ez da kapitalismoaren barnean, eta oraino gutxiago jada zapalkuntza bat pairatzen duen gutxiengo batentzat».
Biharko nazioarteko egunaren jatorriaz diren teorietatik, Etxandik azpimarratu du XX. mende hasierako «uhin iraultzailean» errotzen zela gehien zabaldua dena, Clara Zetkin bezalako figurak aitzindari zirela. «Bai ulertzen zen emazteak zapalduak zirela gizonak baino gehiago, baina hori ulertzen zen klase gatazka baten barnean, eta ezin zitzaiola zapalkuntza horri erantzun ez bazen kapitalismoa bera borrokatzen», gehitu du. Gaur, preseski, bi hitzaldi antolatu dituzte Martxoaren 8aren jatorria aipatzeko, 19:00etan, Donibane Garaziko Luisenean eta Baionako Kubako Etxean.
Emazte langilearen klase izaera azpimarratzeko du, beraz, Itaiak bereizirik antolatzen Martxoaren 8ko borroka eguna. Etxandik borroka bikoitza aipatu du, kontuan harturik «anitzetan erasotzaile eta zapaltzaileak gure klasearen baitakoak» direla: «Lehenik gure klasearen baitako zapalkuntzak borrokatzea, sentsibilizatzea eta seinalatzea, eta gero klaseen mailako borroka» eraman beharra aipatu du.
Larzabale: Biribilgunean
Azaroaren 25ean Baionara joateko partez, guti batzuen artean desafio gisa aipatu zuten Larzabalen berean elkarretaratze bat antolatzea. Sei izatea espero zutenek, azkenean, 47 pertsona bildu zituzten iragan urtean. Mugimendu antolaturik ez da deialdiaren gibelean, baina Oztibarren azkenaldiko dinamikaren haritik heldu da bihar elkarretaratze bat egiteko deia, 12:00etan, Larzabaleko biribilgunean. Ondotik Espelletenean jateko gomita ere egin dute. Biharkoa borroka eguna dela azpimarratuko dute Oztibarren ere: «Aspertuak gara zoriontzen gaituztelako Martxoaren 8an», erran du antolatzaileetako batek, Haizea Isasak.
Deia zabaltzeko egin duten afixan abisua eman dute: Ez gitxu lo. Usu Baionako manifestaziora joan izan badira ere, lekuan lekuko borrokaren inportantziaz aritu da Isasa: «Hemen ere baditugu zapalkuntzak beste aurpegi batekin, hemendik eta hemen gure manerekin borrokatu nahi ditugunak». Oztibartarrek ez dute talde feminista bat sortzeko ideia aipatzen ere, «momentuan egun konkretu horietan eskaintza» egitera mugatzen baitira. Biharko elkarretaratze ondoko bazkarian zerbait sor daitekeela ezin da baztertu, baina, Isasaren hitzetan, «presiorik ez da» alde horretatik.
Aldude: Alfaroenean
Aldudeko ibarrean, Martxoaren 8an, ohikoa zen emazteen afari bat egitea urtez urte, herri batean urte batez eta besteetan gero. Aurten, Zaharrer Segi pilota batasunaren proposamen batetik tiraka, Aldudeko joko berrian frontball eta pala partidak antolatu dituzte 18:00etan. Pilota batasun horretan lizentziatuak diren pilotariak ariko dira, gazteak frontballean eta helduak palan.
Horrez gain, feministen ikur den ukabila marraztu eta herritarren ekarpenekin erakusketa baten iturri izanen da, Maika Alfaro antolatzaileak zehaztu duenez: «Barreiatu ditugu ostatu, komertzio, herriko etxe eta eskoletan; jokoa da idaztea goresten dugun emazte baten izena eta zerendako goresten dugun». Bihar estreinatuko dute erakusketa Aldudeko Alfaroenean eta hilabete osoan ikusgai izanen da Urepeleko Amerikanoenean. Martxoaren 8a goxoki markatzeko parada izanen dela uste du Alfarok, «gai hori arinki» aipatzeko. «Gai biziki inportanteak dira, eta eztiki ere balio du aipatzea», bere ustez. Eguna pintxo poteo batekin eta Urepeleko DJ Denerirekin bukatuko dute.

Maule: Dantza eta kantu
Zuberoan badira urteak Xiberoko Feministak taldeak, urte osoko lanaz gain, Martxoaren 8ko eguna manera batez edo bestez markatzen duela. Aurten, 10:00etan ezarri dute hitzordua Mauleko merkatuan kantu feminista eta iraultzaileak kantatzeko lehenik, eta emazteen artean dantza bat emateko ondotik. Bihar banatuko dute, gainera, forma literario desberdinetako lekukotasunak biltzen dituen aldizkaria, espresuki Martxoaren 8rako egina. Taldeko kide Pauline Barouren erranetan pertsona desberdinekin kolaboratuz egin dute aldizkaria, «ahalik eta libertate haboroen utziz, libroki idatz zezaten ahoz erratea zaila izan daitekeena».
Bestalde, «dantzaz komunitatea trinkotzera» ere deitu dute, zirkuluan ematen den bralea dantzaren proposamenarekin; 11:00etan Tokia antzerki taldearen egoitzan urratsak ikasi eta 12:00etan emanen dute dantza Mauleko merkatuan. Horretaz aparte, ohikoa bilakatu da Zuberoa osoko murruetan kolaketa bereziak agertzea Martxoaren 8rako.