Lau musikarik osatzen dute gaur egun Zetkin taldea: Julien Labat, Nathalie Riobe, Pierre Sangla eta Mari Lagan kantariek. Bederatzi kantuz osatua den Emazte Gudari diskoa plazaratu dute urte hastapen honetan; haien bigarren lana da, eta sarean Bandcamp plataforman eta fisikoki binilo forman argitaratu dute. Beren abiapuntu izan den ildotik segitzen dute; besteak beste, «ahizpatasuna eta sua» aldarrikatuz, punk doinu azkarretan «mezu potente eta subertsiboak» zabaltzeko, kolpeka.
2022. urte inguruan sortu zen taldea, lagun artean, kontzertuetan ikusten zuten panoramari erantzun nahian: «Emazte guti ziren oholtzan; bederen, punk eta rock eremuetan», Mari Lagan kantariak erran duenez. Hastapenean irri artean, gero serioski lotu ziren «aferari»: Maitasuna eta sua albumaren ondokoa da lan berria. Talde feminista izatea aldarrikatzen dute, emazteekin lehen lerroan eta «aliatuez» inguraturik.
Emazte gudariak
Emazte gudariei omenaldia egiteak ez du harritzen, taldearen izena bera figura feminista baten izenetik hartu dutenen partetik: Clara Zetkin (Alemania, 1857-1933) emazte langileen aldeko borrokan jardun eta Martxoaren 8a borroka egun bilakatu zuen militanteari hartu zion izena Lapurdiko punk taldeak. Eta lan berriarentzat Guillaume Fauveau argazkilariak egin dien azalak, zuri-beltzean izanagatik, markatzen du kolorea: «Agerian diren eta ikusten ez diren eguneroko borrokak aldarrikatu eta goraipatu» nahi dituztela erran du Laganek. Azaleko argazkian hori islatzen da, taldeko kideez gain buru desberdin anitz ageri direlako borrokarako estalirik bezala.
«Agerian diren eta ikusten ez diren emazteen eguneroko borrokak aldarrikatu eta goraipatu nahi ditugu»
MARI LAGANZetkin taldeko kantaria
Diskoaren izen bereko kantuan, errepikaren hitzetan, emazte gudarien aniztasuna islatu dute: «Sasian ala zaintzan, emazte gudari», entzun daiteke. Diskoaren kantu batetik bestera, guda desberdinetako protagonistak ohoratu nahi izan dituzte, Laganen erranetan: «Armekin gudari direnak borroka armatuan, grebetan edo boikotetan... Edota etxeko iraultza txikiak ere eramaten dituztenei agur eta ohore egin nahi diegu».
Kanturik kantu, aldarrikapen politikoak gidaturik beti, eremu desberdinetako borrokak aipatzen dira, bai eta «barnekoak» ere. Laganek zehaztu du, adibidez, Orratzak izeneko kantuan aipatzen dela «jendarteak emazteen gorputzean duen eragina, nola barnetik jaten gaituen». Arbol ortzadarra kantuak, berriz, queer mugimenduari keinu egiten dio, erakusteko talde gisa queer mugimenduetan ikusten dela beren «posizionamendu politikoa», Zetkineko kantariak argitu duenez. Beste hitzetan, Laganek segitu du kontatzen ildo beretik ari zirela eta «ahizpatasuna hautatzea borroka bat dela» agerian uzten dutela, adibidez.
Azterketa politikoa
Taldearen sortzea bera motibatu zuenez musika eszenan emazteen presentzia ttipiak, Gatibuko kantariak berriki egin adierazpen polemikoen inguruan aritu da Zetkineko kantaria. «Egia da ez dagoela hainbeste emakumerik lanean, baina ez da inoiz diskriminaziorik egon», adierazi zuen Gatibuko Alex Sarduik iragan ekainean Eldiario.es agerkarian. Adierazpen hura «absurdoa» dela iruditu zitzaien Zetkin taldeko kideei, eta kide bat adierazpen horiek kritikatu zituen agiri kolektibo baten sinatzaile ere izan zen.
Ipar Euskal Herriko musika eszena aztertzeko balio izan dio galderak Lagani. Erran du geroztik Ipar Euskal Herrian izan diren «egitasmo potoloetan tipo zuriak bakarrik programatuak» direla. «Euskal Monetarentzat, gainera, Gatibu ekarri dute! Berdin Mediabask-en urtebetetzean. Hasten zarelarik begiratzen, ohartzen zara ez duela arazo izpirik sortzen abertzaleak diren esparruetan tipoak bakarrik programatzeak». Kantariari ez zaio normala aspalditik «kontzientzia hartze politiko indartsuen» iturri den eremuan, abertzaleen munduan, halakoak ikustea; «Gainera, joan behar gara laguntzaile gisa, zeren eta ezker abertzaleko eremuak dira eta hor izan behar dugu», gehitu du, ordezkaritzarik eza boikotatzeko ideia ere aipatuz.
Sare paraleloetan soilik ez, Zetkinen fama handituz doa kontzertuz kontzertu. Hastapenean Uso Pop bezalako elkarteen konfiantzarekin abiatuak, handiak iruditu zaizkie joan den udan Irungo Mosku plazan (Gipuzkoa) Antirregimen eta Vomito taldeekin aritu izana, Ocean Fest festibalean Gojiraren lehen partean jo izana edo laster Bordelen (Okzitania) Fermin Muguruzarekin oholtza partekatzea. Lagun bandatik harago joan da taldea, Laganen ustez: «Xumeki abiatu eta pentsatu baino fiteago eta potoloago bilakatzen da afera».
Lan berriak etapa berri bat markatuko du, kantariaren ustez, taldearen ibilbidean; hastapenetako teknika «xumea» baitzen eta orain «hozka bat gainditua» izan baita. «Nahi genuen hori ere ezagutarazi», argitu du. «Biziki ongi inguratuak» dira Zetkinekoak: azaleko argazkilariaren lana bezala, profesional gehiagoz inguratu dira, grabaketa Johannes Buff teknikariaren Shorebreak estudioan egin baitute, eta Sabina Hourcade ere ondoan dute bideogintzan aritzeko.