Emagin baten kontrako zigorra eztabaidagai

ARS erakundeak apirilaren 1etik bost hilabetez lanik ez egitera zigortu zuen Celine Blandin, etxean erditzeko laguntza ekartzen duen emagina. Haren abokatuak salatu du neurria «gezurretan» oinarritu dela.

Celine Blandin emaginaren auziaren kontrako protesta, apirilaren 2an, Baionako ospitalearen aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Celine Blandin emaginaren auziaren kontrako protesta, apirilaren 2an, Baionako ospitalearen aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Joanes Etxebarria.
2025eko apirilaren 25a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren lehenean aplikatu zen behin-behineko zigor administratiboa: Akitania Berriko ARSk —Eskualdeko Osasun Agentzia, frantsesezko sigletan— bost hilabetez lan egitea galarazi zion Celine Blandini, Hazparne inguruan etxean erditu nahi duten emazteak laguntzen dituen emaginari. Arrazoia, etxean erditzen ari zen emazte bat Baionan ospitaleratzea berantegi deliberatu izana. Ospitalean erditu eta egun batzuk berantago, ama eta haren haurra etxera ontsa sartu ziren. Baina, artean, ospitaleak erditzearen «gertakaria» ARS erakundeari seinalatu, eta hark emaginari bost hilabeteko prebentziozko zigorra ezarri zion, haurduna ospitalera berantegi eramateagatik. Behin-behineko erabaki hori aplikatu behar badu ere, emaginaren abokatuak errekurtsoak egiteko paradak izanen ditu prozedura aitzinatu arau.

Ospitaleak ez du adierazpen publikorik egin; baieztatu du ARSri «gertakari baten seinalamendu txostena» igorri izana, baina besterik ez. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko ARSko buruak, Alain Guinamantek, France Bleu irratian kontatu zuen, «dosierrean sakondu» gabe, zigorraren oinarrian zera dela: «Arriskua antzeman zaiola Blandin andreak etxeetan erditzeak laguntzen segitzeari, emaginen ordenak iritzia eman arte». Akitania Berriko eskualdean, azken sei hilabeteetan, etxez etxeko zerbitzuan ari den seigarren emagin zigortua izan da Blandin. 

«Gurasoak kontziente dira, informatuak dira. Haien hautuetan, azkenean, infantilizatuak dira»

CELINE BLANDINEmagina

Celine Blandin emagina herabea da, eta plaza publikoan mintzatzea ez zaio laket. Halere, Ipar Euskal Herriko Hitza-ri ihardetsi dio «kolpea» hartu duela. «Egun batetik bestera lana kentzen dizute, antolatzeko astia utzi gabe, hobengabetasun presuntziorik gabe, defendatzeko ahalik gabe eta jakin gabe zehazki zer leporatzen dizuten». Kolpearen ondotik tristezia eta kexua sentitu dituela erran du gero, oraino hunkiturik.

«Gezurrak» oinarri

Haren defentsa segurtatzen duen abokatuak, Etienne Tetek, badaki zertaz mintzo den: Lyongo (Frantzia) abokatu elkargoan aritzeaz gainera, ginekologo eta obstetrikalaria da formakuntzaz. Blandin ez da defendatzen duen lehen emagina, eta, ARS aipatzen duelarik, ez da erdizka ari. Hasteko, Teteren ustez, bere bezeroaren kontra baliatu diren argumentuak «gezurrak» baizik ez dira. «Eskandalua» dela ere salatu du. 

Blandinek segitzen zuen haurdunaldian «ernaldiko diabetesa» bazela eta haurrak makrosomia zuela dio erakunde publikoak, eta, beraz, haurdunaldiak ospitalean segitua izan behar zukeela. Bi elementuak gezurra dira, abokatuaren erranetan. «Ez guk erraten dugulako, baizik eta ospitaleko datuek hala diotelako», gehitu du. Adibide argiena, haren iritziz, makrosomiarena da: «Hitz jakintsu bat da hori, errateko haurra lodiegi izanen dela». Hori ere arrisku faktore bat litzateke haurra mundura etxean ekartzeko, baina Tete kategorikoa da: ez zen makrosomia zantzurik: «Haurrak 3,8 kilogramo zituen sortzean, eta azken ekografiak ez zuen batere iragartzen lau kiloz goitiko haur bat helduko zenik». Sortu berriak lau kilogramo pisatzea da makrosomia deklaratzeko heina. 

Erditze bat etxean, emagin batek lagundurik, Hazparne inguruan.ANNE PREVOT
Erditze bat etxean 2020an, emagin batek lagundurik, Hazparne inguruan. ANNE PREVOT

Tete abokatuak ez du eskuetan ukan ospitaleko seinalamendu txostena, nahiz eta erran duen hala behar zukeela. ARSk bere deliberoa justifikatzeko baliatu argumentuak, berriz, Teterentzat gezurra dira, nahitara idatziak izan direnak: «ARSk dokumentu bat egin du informazio faltsuekin; nahitara faltsuak». Baina Baionako ospitaleak ARSri igorri dokumentua ikusi ezean, ez du bi galderen artean oraino trenkatzen ahal: «ARS tronpatua izan da, eta egiten ari da tronpatua izan dela ikusten ez duena? Edo haiek dira neurriz kanpo jokatzen ari?». Zorrotza bezain gogorra da bere analisian.

«Arriskua antzeman zaio Blandin andreak etxeetan erditzeak laguntzen segitzeari»

ALAIN GUINAMANT Departamenduko ARSko burua

Hori guti balitz bezala, abokatuak salatu du ARSren jokamoldea orokortua dela, defendatu dituen beste emaginen kasuan ere gisa bereko «gezurrak» baliatu direlako. Gogorki kritikatu du erakundearen jokamoldea: «ARSren arazoa da estatu bat dela estatu barnean, kontrolik gabe; nehork ez du zaintzen egiten duena. Beraz, geroz eta askatasun handiagoz aritzen dira», Teteren arabera. Blandin ez da bereziki ARSren jokamoldeaz aritu, baina etxean erditzen laguntzen duten emaginen inguruko iritzi txarrak begi bistakoak zaizkio egunerokoan: «Lankideek ez dituzte begi onez ikusten profesional horiek, izan ospitalean edo beste. Iritzi eta aurreiritzi faltsu andana bat badira gure ofizioaren inguruan», zehaztu du. Etxean erditzea segipen bereziarekin egiten dela argi utzi nahi izan du emaginak.

Sostengutik aldarrira

Apirilaren 2an, Baiona eta Paueko (Okzitania) ospitaleen aitzinean mobilizazioak egin zituzten, Blandin ARSko ordezkarien aitzinean deklaratzera deitua zen tenore berean. Dozenaka pertsona bildu ziren, baina askoz gehiago dira Interneten sostengu eske bat izenpetu dutenak: aste hasieran, 9.000 baino gehiago ziren. Beste webgune batean, lanetik zituen irabaziak kolpetik eten zaizkiolako, elkartasun kutxa bat ireki eta 6.000 euro bederen bildu dira. Bi kasuetan, Blandin «berriz ere integratzeko» eskatzen dute aurkezpen testuetan. Blandinek, «kolpe» hori biltzea espero ez zuen bezala, ez zuen uste halako elkartasuna jasoko zuenik, eta «ohoratua eta esker oneko» sentitzen da horrekin guztiarekin.

«ARSren arazoa da estatu bat dela estatu barnean, kontrolik gabe; nehork ez du zaintzen»

ETIENNE TETEAbokatua

Abokatuarentzat, lanjerosa izaten ari da emaginen kontrako oldarraldia. Haren erranetan, dudarik ez da «aldi oroz emagin horiek zuhurtziaz jokatu» dutela, dudak zirelarik pazienteak ospitalera eramanez. Blandinek berak harrabots mediatiko honetatik zerbait espero badu, etxean erditzeko gaia serioski hartua izatea da: «Espero dut egun batez Frantziako Estatuak bere gain hartzea gai hau, esparru bat ezarriz ahal bezain hobekien antolatzeko bai lekualdaketak, baina baita profesionalen arteko komunikazioa ere». Maila lokalean antolatzeko parada ere aipatu du, Frantziako Ile-de-France eskualdean egin den bezala, han «ahal bezainbat optimizatu baitute etxean erditu nahi duten pazienteen ibilbidea, eta ospitaleratzeak ere pentsatuak dira». Baina, oraingoz, emaginen kontrako neurrietan Blandini iduri zaio etxean haurra ukan nahi duten gurasoei ere erasotzen zaiela: «Kontziente dira, informatuak dira: gutitan hautatzen da gogoetatu gabe etxean erditzea. Haien hautuetan, azkenean, infantilizatuak dira». 

Celine Blandin emaginaren sostenguz eta etxean erditzeko eskubidearen aldeko elkarretaratzea, Baionako ospitale aitzinean, apirilaren 2an. PATXI BELTZAIZ
Celine Blandin emaginaren eta etxean erditzeko eskubidearen aldeko elkarretaratzea, Baionako ospitalearen aitzinean, apirilaren 2an. PATXI BELTZAIZ

Emagin hazpandarraren kasuak, berriz, prozedura batekin segituko du. Teteren ustez, defentsarako itxaropenak handiak dira, eta dudarik gabe adierazi du irabaziko dutela, parean «gezurretan» ari direlako. Beste emagin baten dosierrari ere aipamena egin dio, eta gehitu ber gisako gezurrengatik mediku baten kontrako prozedura abiatu duela «laidozko gezurrengatik», seinalamenduan datu faltsuak ezartzeagatik. ARSren kontrako beste tiro bat bota du airean abokatuak, haurren heriotza tasari aipamen eginez: Frantzia mailan «5.000 edo 6.000 haur hiltzen dira urtean erditzean, edo erditzetik hurbil. Urtero diren hil horientzat guzientzat ez da inkestarik, ez da deus egiten medikuen kontra. Alta, ez da arrazoirik haur horiek hil daitezen...», bota du. Eta gehitu du etxean erditzen laguntzen duten emaginen kontrako neurriak zentzugabeak zaizkiola: «Hemen hilik ez da, eta zigorrak badira».

Prozedurak aitzina segitzen du. Apirilaren 2an deklaratu zuen Blandinek lehen aldiz ARSko arduradunen aitzinean, eta momentu berean bere sostenguz eta etxean erditzeko eskubidearen alde mobilizazioak izan ziren Pauen eta Baionan. Heldu den astelehenean berriz, Paueko Auzitegi Administratiboan deklaratzera deitua da, 10:30ean, eta 10:00etan mobilizazioa antolatu du elkartasun taldeak, auzitegi aitzinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.