Egunetik biharamunera, estualdi larri batera eraman zitzakeen erabaki baten berri izan zuten elkarte irratiek urriaren 10ean: Finantza Lege berrian, FSER irrati elkarteen funtsetik hamar milioi euro kentzea aurreikusten zuen Frantziako Gobernuak heldu den urterako. Aitzinetik, horren «seinalerik» ez zuten hauteman elkarte irratiek, Ttitto Betbeder Frantziako Irrati Libreen Sindikatuko idazkari nagusi eta Ipar Euskal Herriko Euskal Irratietako koordinatzaile ohiak esplikatu duenez. «Ez dakigu nola den posible elkarte irratien kontrako halako mehatxu bat Asanblearaino arribatu izana guk nehongo seinalerik ikusi gabe», kontatu du.
Seinalerik ez izateaz gain, «komunikaziorik ere ez» zela izan salatu du Betbederrek. Berria ukan ondotik, azalpenik ez zien eman Frantziako Kultura Ministerioko kabineteak. «Biharamunean baizik ez genuen jakin murrizketa %35ekoa izanen dela; eta, gainera, Kultura Ministerioko murrizketa ia bakarra dela», azaldu du Betbederrek. «Harrituak» gelditu ziren, eta, argiki, FSER funtsa «jomugan» dela pentsatu zuten elkarte irratietako ordezkariek.
Halere, irrati elkarteen defentsan «mobilizazio handia» izan zela oroitarazi du Betbederrek, eta, nola edo hala, Frantziako Gobernuak hitzeman zien gibel eginen zuela. Baina, Betbederrentzat, gertatutakoak adierazten du «halako neurriak egunetik biharamunera» etortzen ahal direla, eta elkarte irratien geroa kolpez aldatzen ahal dela. «Geroztik, ez dugu azalpenik ukan nolaz posible izan den halako neurri bat gertatzea», erran du. «Guk ikusi dugu murrizketa bakarra FSER funtsean egin dela eta norbaitek onartu duela aurrekontua horrela aurkeztea».
Oraingoz, Frantziako Gobernuaren krisi politikoa dela eta, Betbederrek erran du geroa biziki lausoa dela, eta nahiz eta berriki arte agintean egon den Michel Barnier lehen ministroaren gobernuak hitzeman gibelera eginen zutela, berriz ere dilindan dela 2025. urterako buxeta.
Geroa, zintzilik
Ipar Euskal Herrian hamahiru elkarte irrati dira; tartean, Euskal Irratien sarea. Sektore «biziki zabala» da, Betbederren erranetan, eta uste du horrek lagundu duela neurriaren kontra izandako mobilizazioa. Lekuan lekuko irratientzat «kolpe handia» izanen dela salatu zuten urriaren 25ean, prentsa agerraldi baten bidez. Kasurako, murrizketak 130.000 euroko galera ekarriko zukeen datorren urtean Euskal Irratientzat.
«Posible da funtzionario batzuen erabakia izatea, baina, hala bada, erran nahi du biziki hauskorra dela, eta hori kezkagarria da» TTITTO BETBEDERFrantziako Irrati Libreen Sindikatuko idazkari nagusia
Geroari begira kezkaturik mintzatu da Frantziako Irrati Libreen Sindikatuko idazkari nagusia. «Ez dugu segurtasunik batere. Egoera politikoaren eraginez, zaila da erratea zer gertatuko den. Dena da posible». Azpimarratu du inportantea dela ulertzea «zer eta zergatik» gertatu den halakorik. «Posible da funtzionario batzuen erabakia izatea, baina, hala bada, erran nahi du biziki hauskorra dela, eta hori kezkagarria da». Argi utzi du ezin dela «berriz gertatu».