Elkarteen hitza

Elikadura da gure lehen sendagaia

Biharko Lurraren Elkartea
2024ko azaroaren 29a
05:05
Entzun

Sanoa, kalitatezkoa, iraunkorra, bertakoa… Publizitateetan, saloi eta azoketan, sare sozialetan egunero entzuten ditugu hitz eder horiek. Baina egiazki zer erran nahi dute? Definizio zehatzik gabe, gero eta gehiago gogoetan nahasmendua sartua da eta... galduak gara! Noren falta den, nork elikatzen duen nahasmendu hori, analisi zehatzak eraman behar dira, eta ez ditugu hemen aipatuko. Garrantzitsuena da momentukotz gure janariaren hautua ongi egitea.

Kontzeptu berri bat sortu da azken urteetan, medikuek, laborari biologikoek, ingurugiroko adituek landu eta partekatu dutena: One Health (osagarri orokorra) deitzen da. Egun badakigu zientifikoki frogatuak direla printzipio hauek:

Organismo bizidun denek, gu barne, kate bakar bat osatzen dute. Adibidez, belarraren hiltzeko pestizida kimikoek (Euskal Herriko laborariek pozoiak deitzen dituztenak!) gure osagarriarentzat oso kaltegarriak dira. 

Kate horretan, gure sabelean dugun mikrobio-florak garrantzi handia du. Gure gorputza ez da bakarrik bizitzen, eta irensteko, digeritzeko edo immunitatea azkartzeko, bakterio, onddo eta birus anitzen beharra dugu. Oreka hori oso hauskorra da. Gure janariak mikrobio-flora errespetatu behar du, eta elikatu ere bai, janari 'biziduna' (esne gordina adibidez) hautatuz, mozkin 'ultra-eraldatuak' baztertuz...

Gure inguruan ditugun eta hedatzen ditugun molekula kimikoak luzaz egoten dira urean, airean eta lurrean; salda kimiko horretan bizi gara. Aturri ibaian, Sante Environnement mediku elkarteak bostehun molekula ezberdin baino gehiago atzeman ditu. Eritasun anitz ingurugiroaren osagarriari lotuak dira, lehen lekuan maleruski: minbiziak.

Orokortasuna edo One health kontzeptua ongi ulertua bada, laborantza biologikoaren interesa ere ulergarriago da. Etxalde ekologikoek araudi zorrotz bat plantan ezarri dute, engaiamenduak argiak dira eta egiaztatuak: produktu kimikorik ez (pestizida eta ongailu kimikoak), transgenikorik ez, kabalen ontsa izatea, landare itzultzeak, lurra organismo bizidun bat bezala lantzea, eraldaketan gehigarri kimikoak baztertzea, eta abar. Eta emaitza konkretuak frogatuak dira: Nutrinet ikerketa handiak (hamabost urtez 30.000 pertsona kontsultatuak) azken datuak 2022an hedatu zizkigun: elikadura biologikoak zuzenki eritasun anitzen arriskua hein adierazgarrian apaltzen du: diabetesa, loditasuna, alergiak, minbiziak… Eta One health kontzeptua ulertu baduzue, gure ingurugiroko osagarria ere hobetzen du: edaten dugun uraren kalitatea, airea, lurra, bioaniztasuna, eta abar. Euskal Herrian, beste lurraldeetan bezala, laborantza biologikoaren garapena osagarri publikoaren erronka da. Iparraldean, 420 etxalde biologikoaren labelean sartuak dira, eta instalazioen %30 biologikoan egiten da. Hegoaldean ere nekazaritza ekologikoa garatzen ari da, laborari gazteak bultzatuz. Sareak eta elikatzeko zirkuituak antola ditzagun janari biologikoa denentzat eskuragarria bilakatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.