Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibala heldu den astean izanen da, ekainaren 28tik 30era bitartean, baina Irisarritik Arberatze-Zilhekorako leku aldaketa hasia dute lehenagotik. Amikuztar gazteek zuten galdetu EHZ beren eskualdean egin dadin, eta antolatzaile taldearekin harremanak barnatu dituzte azken hilabeteetan. Iragan asteazkenean hasi ziren festibalaren muntaketa lanetan, eta, gaurko eguna bukatzeko, Arberatzeko herritarrak gomitatu dituzte aperitifa hartzera.
Iazko irailaren 30ean Kanboko Emaitza gaztetxean egin zuten biltzar nagusian, EHZren ondoko helmuga iragarri berritan, antolatzaileek erronka argiki adierazi zuten: leku aldaketa «ahal bezain naturalki eta goxoki» egitea nahi zutela. Arberatzera joanez Amikuzeko herriekin harremanetan sartzea izan zen lehen urratsa: herriko etxeekin, batetik, eta besta batzordeekin, bestetik. Gero, Arberatzen bilkura publikoetan herritarrei festibala aurkeztu, eta Amikuzen gaindi hainbat ekitaldi antolatu dituzte eskualdean EHZren oinarri berriak errotzen hasteko.
Amenduzen, Arrutan eta beste herri batzuetan bezala, herriko bestak izaten dira festibalaren data berdinetan. Bittor Thikoipe amendüztarra, adibidez, EHZra muntaketan laguntzera joan ohi zen, baina «gero ezin joan», herriko bestak zirelako. «Egia errateko, EHZ festibala enetzat biziki gaizki erortzen zen, ene herriko besten ber denboran baitzen». Bilkura batzuen eraginez, herri horietako bestak aste batez gibelatu dituzte, Uhartehirik salbu, Thikoiperen erranetan, ez baitute «problemarik festibalaren denboran» izateko. «Haientzat ez da baitezpada arazo bat, herriko bestak herritarrentzat egiten baitituzte», argitu du.
«Amikuzen dena deskubritu dut: paisaiak, herriak, dinamika eta euskalgintzarekin duten harreman zinez hertsia».
IHINTZA ETXARTEHZko kidea
Herriko etxearen baiezkoa ezinbestekoa zen Arberatzen plantatzeko, eta, Ihintza Etxart EHZko antolatzailearen arabera, ez zen aitzinetik irabazia: «Usu, herri ttipietan bada beldurra EHZk ekartzen duen publikoarengatik eta harrabotsarengatik. Herriko etxe anitzek beldur dute». Herritar batzuen artean ere uzkurtasun hein bat sentitu izan du Etxartek arberaztarrekin egin dituzten bilkura publikoetan: «Erraten diegularik 10.000 pertsona izanen direla, hiru egunez kontzertuak izanen direla goizeko laurak arte, ez dira batere usatuak Arberatze bezalako herri batean. Haientzat Baionako besten gisakoa da EHZ: istiluak, zikinkeriak, holako jarrerak...». Halere, bilkurak bukatzean ohar baikorrak ukan dituzte antolatzaileek, «profesionalak» irudi dutela ere entzun baitute.
Dinamikak elkartzen
EHZren webgunean irakur daiteke dinamiken trukaketa aipatzen duen erranaldia: «Amikuzeko dinamika kulturalen hauspotzea dugu helburu, xumeki gure harria ekarriz. Arberatzek eta Amikuzek EHZri zerbait ekarriko dioten moduan, pretentsiorik gabe, ikusiko dugu zer harri pausatzen ahalko dugun sekula izan ez garen eskualde honetan». Festibalaren gune berria hautatzeko, Etxartek erran duenez, ez zen bereziki ezinbestekoa aitzinetik dinamika bat izatea. «Bagenekien herri batera joanez orduan dinamika sortuko zela herritarrekin», erran du. Beharrezkoa zitzaien herri bateko plaza, pentze batekin ondoan: aski laua, «eszena bat ezarri ahal izateko», besterik ez.
Halere, galdea egin zutenetik amikuztar gazteen partetik «motibazio ikaragarria» izan dela azpimarratu du Etxartek. Gazte «anitz lan talde desberdinetan» sartuak dira jadanik, Thikoipek kontatu duenez. Laguntzaile amikuztar gehiagoren menturan da Thikoipe amendüztarra, inplikazioaren inportantziaz jabeturik: «Nahi dugu ohartarazi gaur egungo gazteei eraman behar den lan bat dela eta ez dela irabazten den zerbait». Ildo beretik, Amikuzeko euskalgintzak egindako urratsak gogoan izan ditu Thikoipek: «Etengabeko lana da».
«Amikuzen bada euskal dinamika bat, bada gogoa, eta kanpoko jendeak ez du baitezpada ikusten».
BITTOR THIKOIPEEHZko kidea
Besta batzordeentzat antolatzeko manera «berria» izanik, proposamen bereziak egin dizkiete festibalekoek, hala nola taldeka aritzea lan txandetan laguntzaile gisa. «Lehen esperientzia bat izaten ahal da, zeren eta anitzentzat aski berria da besta eredu mota hau», Etxarten ustez. Komiteekin egin bilkuretan, bestalde, EHZk duen materiala prestatzen ahal zaiela jakinarazi zieten. «Molde bat da errateko hor gara lan partekatua egiteko». Arberatzen egin bilkura publikoez aparte, aitzineko asteetan aurre salmenta berezia egin zuten herritarrentzat.
Amikuzeren erakusleiho
Harremanak bi zentzutara egin nahi dituzte EHZkoek eta amikuztarrek. Festibalak Amikuzen bere burua aurkeztu duen bezala, amikuztarrek berenetik erakutsi nahi lukete festibalean ere. Thikoiperentzat erakusleihoa izan daiteke EHZ: «Ikusten genuen Amikuzen badela euskal dinamika bat, badela gogoa, eta kanpoko jendeak ez zuela baitezpada ikusten, ez zela interesatzen ere. EHZ festibalarekin hori argitan emateko parada bat da: Amikuzeren garapena, euskal mundua eta euskal giroa».
Etxartek azaldu du amikuztarren dinamika hori ezagutu duela antolaketarako egin joan-jinetan: «Ez nuen batere hango berri; egia erran, kasik ez nekien mapa batean kokatzen. Ez nintzen kasik sekula hara joan, eta dena deskubritu dut: paisaiak, herriak, dinamika eta euskalgintzarekin duten harreman zinez hertsia». Antolatzaileez harago, festibalera joanen den publiko zabalari ere emanen zaio Amikuze gehiago ezagutzeko parada, izan lekuko dantza eta musika taldeekin ala mintzaldietan parte hartuko duten hizlari amikuztarrekin.
Oholtza gainean eta oholtza muntatzen ahal bezainbat amikuztar ikusi nahi lituzke Thikoipek desmuntatzen, eta bien arteko hiru egunetan laguntzaile izaten ere bai. Festibalak utz ditzakeen ondorioez ere hausnartzen hasia da, espero baitu «festibalak utziko dituen aztarnetan erakusten dituen balio guztiak eskualdean» hedatuko direla: «Balio feministak, ekologistak, errespetu balioak eta horiek guztiak».
Irisarriko formula bera
Leku berriak dinamika berria ekarririk ere, festibalaren programazioak Irisarriko formula bera errepikatuko duela esplikatu du Etxartek: «Irisarrin erabaki genuen kultura denentzat izatea, eguneko programazioa kitorik izatea eta plaza bat biziaraztea. Arberatzen erabaki dugu hori segitzea». Herri batetik bestera esportatuko dira, beraz, antzerkigunea, eztabaidagunea eta oholtzak.
Festibal denborarako jadanik laguntzaile anitzek izena eman dutenez, antolatzaileek deialdi berezia egin dute desmuntaketan laguntzeko.
EGITARAUA
- Ekainak 28. Seisega, Belako, Broken Brothers Brass Band, Meule, Benizze, Auhen, Euskabaret,
Tshegue, Bananas, Pelax eta Janus Lester.- Ekainak 29. Ke Lepo, Haira, Süne, Kimule, Nakar, Su Ta Gar, Anari, Vox Low, Lysistrata, Cie Zec, Gaitamik, Honky Tonky Trio, Harat, Punttu Kakotx, RTZ kolektiboa, Banaketa’Fro, Gorka Urbizu, Karma eta Libe.
- Ekainak 30. Cie Zec, Ezezez, Old School Funky Family, U, Katoum, Marabiyak, Cocanha, Vincen
Garcia, Octopussy, Rüdiger, Gozategi eta Euskorleans.