Euskal Herri osoko hainbat eragiletako kideek babesa adierazi diete Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideei, eta apirilaren 6an Baionan eginen den manifestazio nazionalean parte hartzera deitu. Apirilaren 11n Baionako Auzitegian deklaratzera deituak dira EHEko bi ekintzaileak, Euskararen Nazioarteko Egunean egin zuten ekintzagatik: epaitegiko teilatura igo, eta Justizia euskararentzat leloa idatzi zuten. Frantziako Poliziak atxilotu zituen ondoren. Desobedientzia ekintza beren gain hartu dute EHEko kideek, eta erran dute euskararentzat eta euskaldunentzat «benetako justizia» behar dela, azken urteetako «oldarraldia» ikusirik.
Ikusi gehiago
Euskalgintzako eragile nagusietako, zenbait herri mugimendutako eta sindikatuetako ordezkariak bildu dituzte Baionan, Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunekin batera. Han zeuden, besteak beste, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria eta Kike Amonarriz soziolinguista. «Hemen bildu gara euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatzeko; hemen bildu gara esateko ez dugula atzerapausorik onartuko eta, are gehiago, prest gaudela elkar hartuta aurrera egiteko», adierazi du Gurrutxagak.
Abenduaren 3an egin zuten ekintza gogorarazi du. «Salatu genuen Frantziako eta Espainiako konstituzioen barnean euskaldunontzat ez dagoela justiziarik; hain justu, gure eskubideak behin eta berriz zapalduz, euskaraz bizitzea ukatzen digutela. Era berean, EHEkoek argi dugun baieztapena jarri genuen berriro ere mahai gainean: egoera hau iraultzeko ezinbesteko dugula independentzia, Euskararen Errepublika».
«Legalitate hori urratu behar dugu, desobedientzia ekintzak egin: ez dugu makurtu behar euskararen zapalkuntzara. Jarrera intsumisoa erakutsi behar dugu»
GORKA TORREEHEko kidea
Torreren hitzetan, «argi» dago ez dagoela justiziarik euskararentzat. «Justizia izanen balitz, lehentasunezko hizkuntza izanen zen Euskal Herrian; gaur egun ez da hala. Hori injustizia hutsa da». Azpimarratu du beharrezkoa dela gaur egungo legeak «bidegabeak» direla erakustea. «Horregatik egiten ditugu ekintza horiek: erakusteko indarrean dagoen legediarekin euskarak ez duela etorkizunik». Gisa bereko ekintza gehiago egiteko borondatea agertu du. «Legalitate hori urratu behar dugu, desobedientzia ekintzak egin: ez dugu makurtu behar euskararen zapalkuntzara. Jarrera intsumisoa erakutsi behar dugu».
Apirilaren 11rako deitu dituzte Baionako Auzitegira, aitzinetik errudun direla aitortzeko prozedura batean. Baionako prokuradoreak zigor bat proposatuko die, eta, onartzen badute, epaileak baieztatuko du ondoren. Onartu ezean, epaiketa formala egiteko beste deialdi bat izanen dute.
«Euskara lehen lerrora ekarri behar dugu, eta ezinbesteko tresna bilakatu zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde lanean dihardugunontzat»
INTZA GURRUTXAGAEHEko kidea
Preseski aitzineko igandean, apirilaren 6an, manifestazio nazionala eginen dute. «Baionako kaleak hartzera deitzen dugu, bi auzipetuei elkartasuna adierazteko, eta euskararentzat eta euskaldunontzat benetako justizia eskatzeko». Euskal Herri osoan euskara ofiziala izatea, hezkuntza euskalduna izatea, euskaraz epaituak izateko eskubidea bermatzea eta euskalgintzarako diru laguntza publiko gehiago izatea galdeginen dute. «Finean, euskaraz eroso eta aske bizitzeko eskubidearen» alde eginen dute.
Ardurak hartzeko unea
EHEko kideen iritziz, garai «erabakigarria» da egungoa. Oroitarazi dutenez, orain dela hilabete gutxi Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi zuen euskara larrialdian dagoela. «Indar ugari ditugu kontrara. Hasteko, oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko bortitz bat, urteetako borrokari esker lortutako eskubideetan atzerapausoak eragin nahi dituena. Baina hori guzia oldarraldi orokorrago baten barnean gertatzen ari da: jarrera faxisten eta eskuin muturrekoen gorakada». Horrekin lotu dute lehengo astean Tolosako (Gipuzkoa) tren geltokian EHEko kide batek jasandako eraso euskarafoboa.
«Alarmak jo ditugu, eta, orain, egoera bideratzeko neurriko erantzunak behar dira», Gurrutxagaren hitzetan. «Norbanakook ez ezik, instituzioek ere eman behar dituzte. Euskara lehen lerrora ekarri behar dugu, eta ezinbesteko tresna bilakatu zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde lanean dihardugunontzat».