Eguzkilore, haurrak euskaraz zaintzeko

Itxaro Elosegi Martinon, Amandine Cazaux eta Lisa Garatek haurtzain etxe bat abiatuko dute Aiherrako Beltzagitea egoitzan, euskara hutsean. 'Eguzkilore' izena izanen du, eta apirilean zabalduko dute.

Eguzkilore haurtzain etxeko laguntzaileak. PATXI BELTZAIZ
Amandine Cazaux, Itxaro Elosegi eta Lisa Garra Aiherrako Eguzkilore haurtzain etxeko kideak, urtarrilaren 17an. PATXI BELTZAIZ
2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Dena 2023ko azaroan hasi zen. Itxaro Elosegi Martinon aihertarrak, nahiz eta jadanik Ziburun haurtzain aritu, Aiherran haurtzain etxe bat irekitzeko proiektua zuen. Izan ere, Aiherrako Herriko Etxeak Beltzagitea egoitza erreberritu zuen, eta horretarako aproposa izan zitekeen. Amandine Cazaux erizainak eta Lisa Garat haurtzainak aspalditik ezagutzen zuten elkar, eta herriko etxez herriko etxe ibiliak ziren haurtzain etxe euskaldun bat muntatzeko egoitza baten bila. Hiru haurtzainek elkarren berri ukan zutelarik, segidan elkartu ziren. Ideia berak zituzten; besteak beste, haurtzain etxeak euskara hutsean izan behar zuela, Ipar Euskal Herriko aukera murritza ikusirik. Proiektua Aiherrako Herriko Etxeari aurkeztu zioten, eta Elosegik erran du baikorki ikusi zutela: «Haiek ere nahi zuten euskarazko zerbait izatea; beraz, aski errazki lortu dugu». Eguzkilore izena jarri diote.

Proiektuaren abiatzeko, ordea, Elosegi, Cazaux eta Garat haurtzain gazteek ez zuten batere dirurik. Jendearen eskuzabaltasuna azpimarratu nahi izan dute, hasieratik lagundu dituztelako materiala biltzeko. «Jendea hasi da guri anitz material, joko eta jantzi ematen. Zinez eskuzabalak izan dira», erran du Cazauxek. Gero elkartasun kutxa bat antolatu zuten; hor ere jendeek dirua utzi zieten, eta uzten segitzen dute. «Biziki kontent gara», laburbildu dute.

Euskara, natura eta motrizitate librea

Aiherrako haurtzain etxearekin, beren helburua euskara hutsean zerbitzu bat eskaintzea da, proiektuko ardatz nagusia baita hori. Izan ere, Ipar Euskal Herrian behar eta eskaera handia bazen horrelako leku baten ukaiteko; Aiherra inguruan ez da beste haurtzaindegi edo haurtzain etxe euskaldunik. «Hori da gure proiektuko ardatz nagusietako bat: euskaraz lan egin nahi dugu, euskara gure hizkuntza baita», adierazi du Cazauxek. Lehen urteetatik haurrak euskaraz handitzea nahi dute, baina ez hizkuntza ikasiz bakarrik, baizik eta euskal mundua ezagutuz ere. «Kultura ezagutarazi nahi diegu haurrei: egiazko inauteriak, Olentzero, Korrika, musika eta janaria», erran du Cazauxek.

«Nahi dugu naturari buruzko izen bat izatea [Eguzkilore]. Metafora zen lili baten eta haur ttipi baten artean: ttipia dela, hetsia da, eta gero irekitzen da handitzean»

ITXARO ELOSEGI MARTINONHaurtzaina

Euskara ardatz nagusia izanik ere, haurtzain etxea beste bi ardatzetan oinarrituko da: natura eta motrizitate librea. Naturak garrantzi handia izanen du, haurrak kanpoan izanen baitira denbora gehienean. Elosegik baratze bat ukanen dutela azpimarratu du, eta, beraz, denbora ainitz pasatuko dutela hor. Motrizitate librea lantzean, haurrak euren erritmoan handitzen utziko dituzte, presiorik eman gabe. «Pausoak berek ematea, eta ez heldu batek behartzea pauso horiek eginarazten», hala definitzen dute motrizitate librea Cazauxek eta Elosegik.

Eguzkilore izenari dagokionez, «naturari buruzko izen bat izatea nahi» zuten. «Metafora zen lili baten eta haur ttipi baten artean: ttipia delarik, hetsia da, eta gero irekitzen da, handitzean», erran du Elosegik. Horretaz gainera, eguzki loreak euskal mitologiarekin zerikusia du, eta euskal kulturan garrantzi handia dauka.

Irekiera hurbila

Haurtzain etxea apirilaren lehenean zabaltzea espero dute proiektuaren hiru eramaileek, obrak bukatzen ari direlako. PMI haurren eta amen babeserako egiturako arduradun bat martxoan etorriko zaie tokia eta materiala baieztatzeko, jakinik plano guztiak jada onartuak izan direla. Ikuskapen horren ondotik zabalduko dute lekua. Egunero, gehienez, hamabi haur hartzen ahalko dituzte; haurtzain bakoitzak bi hilabete eta erditik 3 urtera arteko lau ume zainduko ditu.

Ipar Euskal Herrian orokorki haurtzain etxe guti direla ikusirik, litekeena da oraindik euskaldunak ez diren familia batzuk ere proiektu honek erakarriak izatea. «Baditugu jada euskaldunak ez diren familien eskaerak», adierazi du Elosegik. «Gu ez gara hetsiak. Denak ongi etorriak dira: euskaldun izan edo ez. Gure kultura, hizkuntza, identitatea partekatzeko arrunt prest gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.