Baionako zubi gorriaren ondoko prefabrikatuetan, ehun bat apairu zerbitzatu ditu egun oroz, batez bestean, Gaueko Mahaia elkarteak. Neguko sasoia bukatu berri dute, eta egun oroz eman dute janari beroa, azaroa eta martxoa artean, besta egunak eta asteburuak barne. Azken urteetan, neguan bakarrik ez, urte osoan ere lan bera egiten du Cathy Loubressac (Saint-Jean-d’Angely, Okzitania, 1957) buru duen elkarteak. Apirilaren 8an hasiko dira berriz, astegunetan eguerdiko bazkariak eskaintzen. Eskaera handiagoa baita, laguntza handiagoa beharko lukete Gaueko Mahaian.
Eman dituzue neguko sasoiko azken apairuak.
Iragan igandean eman genituen neguko sasoiko azken apairuak. Sasoia azaroaren 7tik martxoaren 31ra artekoa izan da. 13.000 apairuz goiti zerbitzatu ditugu sasoian; iragan urtean 12.000 apairutan ginen. Arrakasta arrunt tristea da; beraz, prekaritate kasu geroz eta gehiago badelako.
Zuengana heltzea sinplea da? Uste duzu beharra dutenak oro zuengana heldu direla?
Badira pertsona batzuk bazterkeria handian direnak, eta soilik gauez ibiltzen diren Gurutze Gorriak eta Elkartasunezko BAB elkartekoek ikusten dituzte. Bestela, ikusgaitasun handia dugu eta informazioa pasatzen da: beste egituretan gure berri ematen zaie prekaritatean direnei, ezagunak gara.
«13.000 apairuz goiti zerbitzatu ditugu aurten neguko sasoian; iragan urtean 12.000 apairutan ginen»
Heldu direnek berek ere zailtasun berean diren jendeei jakinarazten diete Gaueko Mahaia baldintzarik gabe ari dela, ez dela dosier bete beharrik... Gure berezitasuna hori baita, beste dispositiboetan dosier bat bete behar baita.
Apairu gehiago beharrezko badira, erran nahi ote du publikoa desberdina dela?
Elkarte hau 1993an sortu zelarik, etxerik gabekoentzat ari zen. Gaur egun, badugu populazio anitz: badira erretretan direnak baina sari arrunt apal batekin, badira bakarrik diren emazteak usu etxerik gabeak, langile pobreak batzuetan etxerik gabeak eta autoetan bizi direnak... Langile izanik ere, anitz prekaritate handian bizi dira. Baditugu migrazioak ekarri eta Baionan gelditu direnak ere, eskubiderik gabeak eta, beraz, laguntza klasikorik ukan ezin dutenak: espainiarrak, aljeriarrak...; populazio zinez plurala da.
Eta aski janari ukaiten duzue?
Hazkurri Bankua da gure hornitzaile nagusia, eta gerta daiteke baratzezainen saldu gabeko barazkiak ukaitea ere, partikularren ekarpenak... Ofizio Ganberarekin ere partaidetza bat dugu, eta okin aprendizek egin ogia ematen digute. Beste partaide bat Dima enpresa da: hamabost egun oroz arrain freskoa proposatzen digu, eta dohainik ematen digu! Gero, beti badira gauza batzuk erosi behar direnak, eta azaroan antolatzen dugun lasterketa batek ekartzen digu aitzinkontuaren laurdena. Gelditzen dena ekarpen partikularrekin osatzen dugu.
Behar gehiago denez, boluntario gehiago behar duzue?
196 kide baditugu, eta horietatik 120 bat boluntario aktiboak dira. Sostengua ere badugu, Baionako peñak neguko sasoi osoan heldu baitira, noizean behin, janaria prestatzera. Elkarte desberdinak ere heldu dira; besteak beste, Atherbea elkarteak ostiral osoz apairuak prestatzen ditu. Egun oroz hogei bat pertsona behar ditugu. Neguko sasoia bururatu berri da, baina orain udakoa hasiko dugu, apirilaren 8tik aitzina. Begi bistakoa da apirilean gosea ez dela bukatzen, eta badira zenbait urte urte osoan ari garela. Astelehenetik ostiralera eguerdiz apairuak emanen ditugu, eta hor, aldiz, langileak ezin dira libratu eta gerta daiteke egun oroz ez aski jende ukaitea. Boluntario gehiago ongi jinak lirateke; gainera, ez dugu engaiamendu berezirik galdetzen egunen aldetik, eta bakoitzak ahal duena egiten du laguntzeko.
Janariaz gain beste zerbait atzematen da zuen elkartean?
Egunero apairu bero bat eskaintzea da gure oinarrizko misioa, bistan da. Arratsean, ehun pertsonarentzat apairu bat zerbitzatzen dugularik, bakoitzak badu bere misioa, eta denak okupatuak izaten gara; denbora guti izaten dugu lotura sozialak mantentzeko. Aldiz, neguko sasoian zehar, aktibitate bereziak proposatzen ditugu egunean zehar, haiekin egoteko denbora ukan dezagun. Zinema proiekzioak, lotoak, karaokeak, ibilaldiak, aktibitate artistikoak...; horiekin lotura atxikitzen dugu haiekin. Gehienetan, aktibitate horietara heldu dira aspalditik ezagutzen ditugun pertsonak.