Eguberriak euskara ardatz izanik ospatu

Lehen aldikoz, Gabonetako merkatu euskaltzalea sortu dute Baionan euskalgintzako zortzi eragilek. Bernat Etxepare lizeoko merkataritza saileko ikasleekin elkarlanean aritu dira.

Eguberrietako merkatu euskaltzalea, Baionan, abenduaren 7an. PATXI BELTZAIZ
Eguberrietako merkatu euskaltzalea, Baionan, abenduaren 7an. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Ttipi-ttipia iduri du Baionako San Andres plazako On Piztu lokalak Eguberrietako merkatu euskaltzalea bertan instalatu dutenetik. Hainbat erakusmahaik lekua hartu dute pareten luzeran, eta jendea gela erdian metatu da, itzulia egiten, begiztatzen. Lehen aldia da holako proiektu bat plantatu dutela Baionan. On Piztu lokalaren erabiltzaile diren zortzi elkarte euskaltzaleren bultzadaz antolatu dute: Bada, Biga Bai, Elkar, Euskal Konfederazioa, Euskal Hedabideak, Plazara, Topagunea eta UEU. Abenduaren 21ean eta 23an irekia izanen da oraino, 10:00etatik 18:00etara.

«Helburua da jendeak hemen atzematea opari alternatibo batzuk-edo, euskarari lotuak, euskararen aldarria eramaten dutenak», azaldu du Irati Fernandez Plazarako kide eta On Piztu lokaleko okupatzaileetarik batek. Tokiko opariak eskaintzeari ondoko urratsa egitea da, aldarri euskaltzaletik.

Hain zuzen, euskaraz sortu, ekoitzi edo bultzatutako Ipar Euskal Herriko elkarteen produktuak atzeman daitezke Eguberrietako merkatu sortu berrian: Arberoa ikastolako koadro mezudunak —Hitza hitz mezua darama batek—; Plazarako merchandising-a; Euskal Herria Zuzenean festibaleko tixerta ohiak; Ez Kexa markako zenbait jantzi; ikastolako buraso batek eskuz egin Alde hemendik, utzi bakean txapak; euskarazko liburuak...

Etxepareko ikasleekin

Proiektuaren ideia hazten hasi zenean, Bernat Etxepare lizeoko Merkataritza saileko ikasleengana joateko ideia heldu zitzaien antolatzaileei. Zehazki, Terminaleko ikasleek parte hartu dute egitasmoan, antolaketatik salmentara.

Proposapena, hatsarrean, On Piztu lokalean dauden euskalgintzako eragileena izan zen. «Irakasleak erran zigun egun batzuez lokalera etortzeko, merkatuaren proiektua eramateko. Taldetan jarri eta merkatua prestatzen hasi ginen», erran du Lorentxa Kupe Bernat Etxepare lizeoko ikasleak. Haren ustez, aukera ona izan da ikasleen etorkizuneko lanbide posibleetarako trebatzeko: «Prestatzen gaitu ikastaroak eginen ditugun momenturako, ikusteko nola martxan den... Elkarlanarentzat ere ongi da».

Hots, merkatua ez da opari «alternatiboak» erostera heldu direnendako besterik; salmenta hori egiten duenarendako ere bada. «Usu, ikastaroak egiten dituzte saltegietan, eta gurea da pixkat bat beste proiektu baten proposatzea: hutsetik sortzen dute merkatua. Bi egun pasatu dituzte prestaketan», adierazi du Irati Fernandezek. Abenduaren 3an, merkatuaren lehen egunean, ikasleak arduratu ziren salmentaz.

«Polita zen lotzea euskalgintzako proiektu bati», Julen Barreno ikaslearen iritziz. «Azkenean, Baionan gaude, Euskal Herrian, eta ongi da beti gure kultura pixka bat jendeari ezagutaraztea. Euskal produktuak saltzen ditugu eta euskara defendatzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.