Aines Hariztoi

Egia, askoren erregarria

2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Azaroko larunbat goiz batez hamabost bat pertsona Baionako Cafe Ramuntcho dendaren aitzinean landatu dira, eta, isilik, salaketa banderola bat zabaldu dute. Protestari mutu horien artean, kafetegiko hiru langile ohi daude, ikaratuak baina inguratuak. Nahiz eta lanetik alde egin duten duela bulta bat, bertaratzeak sendatu ez diren orbainak berriz irekitzen dizkie. Gogoratzen dituzte egindako lanordu amaigabeak, kontraturik gabe menturazko lansari baten truk. Kontatzen dituzte nagusiaren trufak, mehatxuak, funsgabeko akusazioak eta orroak. Salatzen dituzte osasuna eta segurtasuna bermatzeko betebehar urratuak.

Pikete aitzinean jende ugari pasatzen da oinez. Jende batzuk gelditu dira, gertakariaren berri hartzeko. Auzokide zenbait, jakinean, agertu dira berehala sostengu hitz baten erratera. Begiluze askok pausoa zalutu dute, ez dutelako fitsik jakin nahi. Eta badira hiru samur, denak adinekoak, langileen aurpegira botatzen dutenak: «Gezurra da!».

Badirudi nehork ez duela gaiztaginik ezagutzen bere inguruan. Herritarrak, auzokideak, senideak, guzien errespetu osoa dutenak susmo ororen gainetik daude. Emazte bat bere erasotzailea eriz erakustera ahalegintzen delarik bezala, langileak bere ustiatzailea salatzeko hamaika oztopo gainditu behar ditu. Errealitate zikinari aurre egin behar zaiolarik, oraindik ere begiak eta belarriak estaltzen eta gezurretan atsegin hartzen dutenak gehiegi daude.

Egiak hauspean bizirik dagoen su gainean ufatzen duelarik, bazterrak kiskaltzen dira. Eta gero ez du gehiago nahi itzali.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.