EGI eguna Baionan izanen da larunbatean

Ipar Euskal Herriko EGI taldea aurkeztu dute Larresoro, EAJko gazteak biltzeko xedea duela.

Ipar Euskal Herriko EGIko kideen agerraldia, Larresoron. PATXI BELTZAIZ
Ipar Euskal Herriko EGIko kideen agerraldia, Larresoron. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko apirilaren 8a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EGI Euzko Gaztedi EAJko gazte taldea egitura nazionala izatera itzuliko da. Ipar Euskal Herriko taldea aurkeztu dute, Larresoron (Lapurdi), eta EAJko gazteak bildu eta eragiteko borondatea agertu dute. «Lurralde honetan engaiatu nahi duten gazteentzat jauzi bat egiteko parada izan daiteke», adierazi du Mathieu Membrede enpresaburu eta Luhusoko (Lapurdi) hautetsiak. Harekin batera agertu dira Mathilde Capet, Gracianne Mirande Bec, Christophe Lamboley, hirurak ekonomia eta enpresa munduan inplikatuak. Azken urteetan Ipar Euskal Herrian EAJra hurbildu diren aurpegi berrietako batzuk dira. 

Ipar Euskal Herrian EGI antolatzearekin batera, aurtengo EGI eguna Baionan antolatuko dute. Larunbatean izanen da Moma jatetxean. Mahai inguru bat antolatuko dute goizean, eta han izanen dira Aitor Esteban EBBko burua, Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarreko buru ohia eta eta Aitana Agirre Europako hauteskundeetako hautagai ohia. Ondoren, festa eginen dute. 

Ipar Euskal Herriko EGIko kideek hainbat arlotan lan egiteko borondatea agertu dute, hala nola «lurralde erresiliente eta berriztagarri» bat sustatzea. «Politika publiko argiak, ausartak eta kolektiboak proposatzen eta defendatzen ditugu, mende honetako apustu ekologiko, sozial eta ekonomikoen heinekoak». Horrez gain, garapen ekonomiko «orekatu» baten aldeko apustua egiten dutela erran dute. 

Azkenik, Ipar Euskal Herrian lan egin eta bizitzeko beharraz jardun dute, eta lurralde honetatik joatera behartuak diren gazteei begira arrangura erakutsi dute. Euskara integraziorako tresna izan daitekeela baieztatu dute, jadanik diren iniziatibak babestu eta berriak sortzeko borondatea agertuta.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.