Debrien Figurak egunaldia transfeminismoaren inguruan izanen da, Larzabalen, azaroaren 2an. Baipeletenea kultur elkarteko kide da Agara Agirre (Usurbil, Gipuzkoa, 1985) eta BIK irakurle taldeko kidea Maider Hariñordoki (Baigorri, 1985). Antolatzaileetan den hirugarren elkartea Baionako PAF talde feminista da. Eguna antolatzeko eskuz esku aritu dira hiru taldeetako kideak.
Ikusi gehiago
Aitzinetik zenuten dinamika batek ekarri du Debrien Figurak egunaren antolaketa, edo hutsetik abiatu da?
MAIDER HARIÑORDOKI: Nik erranen nuke ez dela dinamikarik sobera Oztibarren. Beharbada, Espelleteneren inguruan sortu den dinamika horretatik abiatu dela, azkenean Baipeletenea elkartean edo BIK elkartean usu elkar ikusten dugu, ekitaldiak antolatzean eta... Erranen nuke hola etorri dela, pertsonen bidez. Agara [Agirre] Bunuzera etorri da bizitzera duela ez hain aspaldi, eta erraten zuen hemen Martxoaren 8a ez dela ospatzen, eta Azaroaren 25a ere ez dela ospatzen. Ez da usaiarik, eta hola pentsatu genuen zerendako ez zerbait bultzatu edo hasi hemen ere bai.
AGARA AGIRRE: Agian, hastapen bat izan daitekeena gero beste guztia bultzatzeko, hazi bat.
Hau antolatzeko zer duzue parean: trabak, laguntza...?
AGIRRE: Trabarik, printzipioz, ez dugu batere sentitzen. Baina bai beharra barnealdean horrelako ekintzak sortzeko, holako topaketak egiteko, orain arte ez baitira anitz egin.
HARIÑORDOKI: Ez dakit batzuek zer pentsatzen duten egiazki, baina hara! Adibidez, ene lantokian aipatzen dudalarik, jendea biziki bero eta kontent agertu da. Bada jende bat biziki kontent eta motibaturik, beste batzuk ez dakit agertuko diren... Ikusiko dugu.
«Egia da elkarlanean aritzeak berak sortzen dituela harremanak eta bideratzen dituela etorkizuneko ekitaldiak»
AGARA AGIRREAntolatzailea
Atharratzeko Bekat’urosekin eta Baionako Loverdosekin zer lotura du antolatzen duzuen egunak?
AGIRRE: Pizgarri izan dira, dudarik gabe. Loverdose hazi bat izan da, kostaldean egin zena eta mugimendu handia sortu duena. Eta Atharratzeko Bekat’urosek erakutsi du barnealdean ere badela behar eta gogo hori.
HARIÑORDOKI: Altxalilikoekin mintzatzean usu aipatzen dute barnealdean nahi dutela ibili. Segidan pentsatu genuen Espelletenera ekarri behar genituela. Loverdose egin zelarik, ezin nintzen Baionara joan, baina erran zidaten barnealdera jiteko xedea zutela. Puzzlea lotu da azkenean.
AGIRRE: Egia da hasierako ideia zela Altxalilishow-a egitea, eta gero osatu da egitaraua horren inguruan. Pentsatu dugu hori pixka bat indartzea eta esanahiz betetzea programazioa.
Beraz, sarea bazen?
AGIRRE: Bai; beharbada konexio pertsonalak, ez hainbeste elkarteen artean.
HARIÑORDOKI: Arrunt hori da, konexio pertsonaletatik hasi da, eta elkarteak lotu ditugu, eta saretze bat sortzen da.
Nola osatu duzue egitaraua?
AGIRRE: Egia da gaualdia kasik prestatua zela, zeren eta Altxalili eta Zetkin taldeek aurretik bazuten harremana eta zerbait egiteko gogoa. Hortik tiraka, pentsatu genuen egunean zehar zer egin, eta lekua eman nahi genien inguruko sortzaileei, ekoizleei, laborariei... Nahi diegu inguruko emazteei ikusgarritasuna eman. Hortako badugu goizeko azoka, inguruko sortzaile eta laborariekin, hurbiltasuna bultzatzeko asmoz.
HARIÑORDOKI: BIK elkartearekin nahi genuen parte kultural bat ere. Pafek badu erakusketa bat, aurkeztuko dutena. Nahi genituen artistak ere gomitatu gai baten inguruan, pixka bat Marrazkirrin egin zen bezala. MEK kolegioko artistak ere ari dira buru-belarri obrak prestatzen. Bertsolariak ariko dira komentatzen ikusten dutena.
AGIRRE: Egun horren inguruan hausnartuko dute inguruko artistek deabrua zer den: baztertua, ongi ez dena...
«Denak motibatuak dira. Gu ere laguntzen gaitu formatzen. Polita da elkarlanean aritzea, saretzea»
MAIDER HARIÑORDOKIAntolatzailea
Preseski, zergatik hautatu duzue izen hori?
HARIÑORDOKI: Maialen Espelleteneko jabeak aipatu zigun, ttipia zelarik, kokinkeriak egiten zituztelarik bere aitak erraten zuela debrien figurak. Geroztik entzun dugu Lakarran erraten dela debrien bisaiak. Hemengo erramolde bat da, eta polita atzeman genuen: bada kokinkeriarena, deabruaren figura beti da aparte dena, bekataria... eta ber denboran erabiltzen dugu gauza positiboak errateko: debrien eguna prestatu dugu!. Egun horretan aurkeztuko diren pertsonak debrien figurak dira, bikainak dira. Hitz joko bat bada horren inguruan.
Egitarauan zer azpimarratuko zenukete bakoitzak?
AGIRRE: Iruñerriko LGBTI+ talde bat jinen da. Gaur egun besta egiteko kode tradizionalak erabiltzen ditugu eta, agian, mundu guztia ez da kode horietan seguru eta ongi sentitzen. Behar dira birrasmatu espazio berriak. Sorpresa bat izanen da, ez dakigu zer eginen duten, baina dinamikoa izanen da. Ikusiko dugu nola egin espazio seguruak identitate guztientzat, eta besta bera aldaketarako tresna bat izan dadin.
HARIÑORDOKI: Oztibarreko neskek sortu duten joaldun talde bat. Deabruen desfilean agertuko dira; gazteak. Dinamika berri bat sortzen ari dira.
Egun honen antolaketarekin baduzue asmorik luzera begira? Dinamika bat abiatzea, adibidez?
AGIRRE: Oraintxe bertan ez dugu intentzio berezirik, baina egia da elkarlanean aritzeak berak sortzen dituela harremanak eta bideratzen dituela etorkizuneko ekitaldiak. Ederra litzateke Martxoaren 8an zerbait egitea, hau izatea zerbaiten hastapena. Honek lortu du gure artean saretzea eta kostaldekoekin ere saretzea, eta hastapen bat dirudi.
HARIÑORDOKI: Denak motibatuak dira. Gu ere laguntzen gaitu formatzen; egun horretarako protokoloa aipatu dugu, eta Pafekoek menderatzen dute hori. Polita da elkarlanean aritzea, saretzea. Gauza franko ikasten ditugu.