Joan den uztailean Euskarabenturan parte hartzen zuten 15-17 urteko gazteek momentu berezia bizi izan zuten Baionako Zizpa gaztetxean, bisitari baten sorpresak saltoka eta dantzan ezarri baitzituen eta ainitzi malkoak ere igo baitzitzaizkien bera ikustean. Ez zen musika izar bat, ez nazioarteko artista bat, ez youtuber bat, ezta tiktoker bat ere. Porrotx zen! Bera bakarrik, bere kantuekin, muxuekin eta sudur gorriarekin. Berriz ere frogatu zigun belaunaldi guziekin konektatzeko gai zela!
Galdeketa bat egingo bagenu, ez dut dudarik euskaldunen pertsona publiko maiteenen artean, maiteena ez bada, izanen litzatekeela Joxe Mari Agirretxe (Porrotx). Eta zerrenda horretan segur naiz Itziar Ituño ere ez litzatekeela urrun. Biek duten ibilbideagatik, erreferentzialtasunagatik, erakusten duten mailagatik eta horrez gain, beti hor direlako injustiziak salatu behar direlarik, ahoan ez dutelako bilorik herri honen egoera aipatzean, preso politikoen alde agertzean, eta eredugarriak direlako beren proiektuetan eta bizitzan.
Beharbada horregatik egiten dute haien kontra behin eta berriz Espainiako biktimen elkarteek eta makineria judizialek, kontrako salaketak eta boikot kanpainak muntatuz. Hau ez da lehen aldia eta ez da azkena izanen. Baina horren parean, biek erakutsi izan dute beti ez dituztela isilaraziko, eta guk eskertzen ditugu. Komunikabideak eta sareak elkartasun eta maitasun mezuz bete dira azken asteetan, Porrotxen eta Itziarren duintasunari esker onez. Duintasun bat.