Irakaslea

Maialen Etxart Salaberri: «Duela hogei urte afektibitatea ez zen aipatu behar, hori era batez aldatu da»

Arberoako ikastolak hamabost urte ospatuko ditu. Sortzaileetakoa izan zen Maialen Etxart Salaberri, eta gaur egun bertako irakaslea da. Arberoa euskaldun gelditzea du amets, eta euskara ez dadin ikasgelako hizkuntza geldi.

Maialen Etxart Salaberri
Maialen Etxart Salaberri, urtarrilaren 12an, Donamartirin. PATXI BELTZAIZ
Julene Muruaga Hiriart eta Meli Etxeberri Larzabal
Donamartiri
2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Arberoako ikastolak (Nafarroa Beherea) 2008ko sartzean zabaldu zituen ateak, lau ikaslerekin, buraso batzuen iniziatibari esker. Hamabost urteren ondotik, gaurkoan, 55 ikaslek eta bost irakaslek osatzen dute ikastola. Maialen Etxart Salaberri (Baiona, 1978) izturiztarra izan zen ikastolaren sortzaileetariko bat. Egun, bertan irakaslea da, eta, horrez gain, komunikazio ez-bortitzeko formakuntzak eskaintzen ditu. Ikastolaren sorrera, ikastolaren pedagogia eta komunikazio ez-bortitza aipatu ditu Etxartek.

Arberoako ikastolaren sortzaileetariko bat izan zinen. Zergatik erabaki zenuten ikastola sortzea? Zer ziren zuen motibazioak?

Hastapenean, zenbait pertsonaren artean muntatu zen proiektua, eta, segur aski, beste sortzaileek motibazio ezberdinak zituzten; inportantea da hori azpimarratzea. Ni haurdun nintzen, lehen haurraz, eta hezkuntza idealak banituen; adibidez, komunikazio ez-bortitzaren inguruan edo beharren errespetuaren ingurukoak. Beraz, niretzat, motibazioetariko bat zen pedagogikoki zerbait berria entseatzea. Horrek ez du kentzen garai hartan Hazparneko ikastola hemendik hurbilena zela ere; beste eskualdean bazen Amikuzekoa eta Ortzaizekoa. Orduan, bazen guk gaztetan bagenuela «herri bat, ikastola bat» ideal hori; beraz, guretzat, hobe zen denetan dena ikastola ttipi sortzea, hurbiltasuna sortzeko eta jende berria ekartzeko euskara ikastera.

Arberoako ikastolak zer bilakaera ukan du 2008tik gaur egunera? Hastapenean zenituzten helburuak bete dituzue?

Bilakaera baikor bat izan dela erranen nuke. Frogatu da garai hartan guk uste genuena: kontatzen badira gaur egun Baigurako, Arberoako, Beskoitzeko eta Hazparneko ikasleak, ez zen sekula kopuru hori lortuko bakarrik Hazparneko ikastola atxikiz. Orduan, sinesten dut gure ikastolen hurbiltasunak ekarri duela kopuru emendatze bat Seaskan.

Komunikazio ez-bortitzeanaditua eta hezitzailea zara. Zer da komunikazio ez-bortitza?

Marshall Rosenberg estatubatuarrak zuen plantan eman. Ez zuen hark osoki sortu, noski; inspiratu zen aitzin eginak izan ziren lanetan. Erranen nuke komunikazio ez-bortitzaren helburua dela norberaren ongizatea eta bestearena lortu nahi izatea lehentasunez. Eta hori sortzetik naturala baldin bada ere, berantago, bizian hori berriz ikasi behar da, gure hezkuntza edo kulturarengatik, gure gaurko sistema orokorrak ez baitu hola funtzionatzen.

Arberoako ikastola ezaguna da komunikazio ez-bortitza erabiltzeagatik. Zergatik egin zenuten hautu hori? Zergatik da garrantzitsua?

Metodo hau ikastola baten erdigunean ematearen interesa, niretzat da lehentasunez denen ongizatea xerkatzea, izan haurrena, lan egiten duten helduena, irakasleena edo burasoena. Horrek bestea entzutea eskatzen du, gauzak adierazten ikastea, eta desadostasunak direlarik elkarrekin hitz egitea konponbide bat aurkitu arte. Boterea ukan ordez bestearen edo haurraren gain, gure ikastolan denek elkarrekin boterea sortzen dugu.

«Boterea ukan ordez bestearen edo haurraren gain, gure ikastolako kasuan denek elkarrekin boterea sortzen dugu»

Nola ematen da plantan komunikazio ez-bortitza eskola batean?

Anitz molde badira, eta hemen urtez urte ere aldatu da. Lehenik, ikastolako ttipiekin da haien bizipenen eta emozioen gainean guk hitzak ematea, gero haurrek ikas dezaten mimetismoz, adibidez. Ondotik, aski fite, enpatia ezagutaraztea eta ulertaraztea da: besteaz interesatzea, parekoaren aurpegia begiratzea, nola sentitzen den ikusteko. Eta, ondotik, hasten ahal dira bitartekaritza ttipi batzuk proposatzen gatazkak direlarik, besteak erran duena birformulatzen, besteari erakusteko entzuna izan dela, eta abar. Ikastola osoak jasaten dituen gaiak tratatzeko biltzarrak antolatzen ditugu ostiralero, elkar entzuteko eta konponbideak atzemateko. Deia gertatu zaigu burasoen arteko kalapitak konpontzea ere.

Komunikazio ez-bortitzaren metodoa eskoletan baliatzea berria ote da?

Nire ustez, bai, aski berria da. Biltzarraren ideia aspaldikoa da, hori ikastoletan kasik tradizionala da, baina arrunt beste mota batekoak ziren. Aldiz, uste dut emozioen lanketa, enpatia, beharrak entzutea zinez berria dela. Hasi nintzelarik duela hogei urte, afektibitatea ez zen sobera aipatu behar, eta hori era batez aldatu da. Orain ikusten da nola liburutegi oso bat garatu den. Gaur badira liburuak haserreaz, tristuraz, pozaz; orain ongizatea komertzio bat bilakatu da.

Etorkizunari begira, nolako bilakaera ikusten duzu? Zer opa diozu ikastolari?

Heldu zaidan lehen gauza da badakigula demografikoki apaltze bat badela; beraz, ikusten dut nahi eta nahi ez ikastolaren ttipitze bat, ez dudana traba baten gisan kontsideratzen. Baina nik nahiko nukeena da zinez euskara geldi dadin erdian. Nahi nuke Arberoa gelditzea euskaldun, ez bakarrik gelako hizkuntza baina kanpoan ere egon dadin euskaldun, haurrek beti euskaraz egitea haien artean. Badakit ezingo nukeela haurrekin lan egin euskaraz hitz egiten ez duten eskola batean. Xantza badut Arberoan hori bizitzea.

lotsabako

Idazle bat? Maria Montessori [1870-1952], irakasle on gisa.

Maite duzun xoko bat? Su bazterra, baina udan bagina ez nuke hori erantzunen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.