Diabetesaren zama arintzeko sarea lanean

Haurren diabetesari buruzko sentsibilizazioa egiten du Goxokiak elkarteak; diabetesa duten haurren familien elkartea da, eta kanpaina bat abiatu berri dute, diabetesa goiz detektatzen laguntzeko.

Brigitte Uhalde eta Jokine Mujika Uhalde
Brigitte Uhalde eta haren seme Jokin Mugika Uhalde, apirilean, Goxokiak elkarteak diabetesaren sintomei buruz egin duen afixa aurkezten, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Aurreiritzi anitz badira diabetesaren inguruan; azukre gehiegi jaten dutenen eritasuna dela uste dute anitzek, kutsakorra izan daitekeela beste anitzek; ez da hala, ordea. Diabetes mota bat baino gehiago badira, eta haurrek ere izaten ahal dute. Gehienetan, eritasun autoimmunea den 1 motako diabetesa dute haurrek: intsulina produzitzen duten zelulen desegite autoimmunea gertatzen da orduan. Horren ondorioz, intsulina kanpotik ekarri behar zaie, gluzemia tasa erregulatu ahal izateko. Ipar Euskal Herrian diabetesa duten haurren familien elkartea da Goxokiak, 2010ean sortua, eta sentsibilizazio kanpaina bat abiatu berri du, diabetesa ahalik eta goizena detektatzen laguntzeko helburuarekin. Egun, Baionako ospitalean 120 haur tratatzen ditu pediatria zerbitzuak 1 motako diabetesarengatik.

Sintomak bortitzak eta hainbat motatakoak izaten ahal dira, tratamendua plantan ezarri aitzin: usu pisa egiteko gogoa, gauean pisa ohean egiten berriz hastea, ohiz kanpoko egarria sentitzea, normalki janik ere mehatzea eta nekea.

4 urte zituenean atzeman zioten 1 motako diabetesa Jokin Mugika Uhalderi. Egun, 13 urte ditu, eta eritasun horrekin bizitzen ikasi du geroztik. «4 urte nituen, beraz ez naiz ongi oroitzen, baina badakit ez nintzela ongi», kontatu du Mugika Uhaldek. Haren amak, Brigitte Uhaldek, ongi gogoan du nola gertatu zen dena. «Ospitalera joan ginen, gure semea ez zelako batere ongi. Lehenik, suspertze zerbitzuan egon zen zenbait egunez, eta, ondotik, arta intentsiboetan. Hamar egunez ospitalean egon behar izan genuen».

Diagnostikoa

Izan ere, diabetesa artatu gabe denean, muturreko egoerak gerta daitezke, eta Uhaldek uste du semearen egoera larria izatera heldu zela, ez baitzekiten eritasunak zer sintoma eragiten zituen. «Ez genekien zein ziren sintomak, eta ez genekien zer zen 1 motako diabetesa. Gero, ospitalean erran ziguten 1 motako diabetesa zuela Jokinek. Hasieran, ez genuen ulertzen; guk uste genuen zerbait huts egin genuela janariarekin, gaizki jatera eman geniola, baina fite ulertu genuen ez zuela deusik ikustekorik. Eritasun autoimmune bat da».

Hasieran hala uste bazuen ere, medikuen esplikazioekin ulertu zuen ez zela haurrari emandako elikadurarekin lotua. «Eritasun autoimmune guzietan bezala, gorputza tronpatzen da, eta sistema immunitarioa gorputzaren kontra itzultzen da. Diabetesarekin, globulu zuriek intsulina ekoizten duen pankrearen zati bati atakatzen diote; beraz, intsulina beheititzen da, eta kanpotik ekartzea beharrezkoa da. Intsulina beharrezkoa da, energia eramaten duelako denetara», zehaztu du Brigitte Uhaldek. 

120

1 motako diabetesa duten haurrak. 1 motako diabetesa duten 120 haur tratatzen ditu Baionako ospitaleko pediatria zerbitzuak. Goxokiak guraso elkartearekin, sentsibilizazio kanpaina bat antolatu dute orain.

Egoera horiek saihesteko, Goxokiak elkartekoek baitezpadakoa ikusten dute sentsibilizazioa egitea, sintomak agertu orduko diabetesa dela atzematen laguntzeko. Orain, sintomak ezagutarazteko kanpaina bat abiatu du elkarteak, Baionako ospitalearekin partaidetzan. Afixa berezi bat prestatu dute, sintoma desberdinak zerrendatzen dituena. Haurrak hartzen dituzten toki publikoetan, eta medikuen kabineteetan banatu dituzte, ahal bezainbat jendek ikus ditzan. «Anitzetan, haurrak sobera gaizki direlarik heldu dira ospitalera, ez baitute aski goiz ikusi diabetesa badutela. Sentsibilizazio kanpaina egin dugu, gurasoek jakin dezaten zein diren sintomak, eta, horrela, haien haurrek sintomak baldin badituzte, medikuak pikura bat egiten ahal die gluzemia tasa neurtzeko», esplikatu du Mugika Uhaldek.

«Sentsibilizazio kanpaina egin dugu, gurasoek jakin dezaten zein diren sintomak, eta, horrela, haien haurrek sintomak baldin badituzte, medikuak gluzemia ikusteko pikura bat egiten ahal die».

 JOKIN MUGIKA UHALDEDiabetesa duen nerabea

Diabetesa eragiten duten arrazoiak, ordea, ez dira baitezpada ezagutuak. Zientzialarien arabera, «terreno genetiko» bat beharrezkoa da eritasuna garatzeko, baina, ikerketek diotenez, ez da faktore bakarra. Inguruneari lotutako faktoreak ere izan daitezke arrazoien artean, baina ez dute oraindik argitu zein diren zehazki. «Susmoa bada perturbatzaile endokrinoek eragiten dutela, baina ez dakigu, ez da segurtatzen ahal. Dena den, behar da terreno genetiko bat eritasun hori garatzeko», segurtatu du Uhaldek.

Tratamendua barneratzen

Intsulina bidezko tratamenduari esker, odolean den gluzido kopurua erregulatzea posible da. Jokin Mugika Uhaldek ongi daki nola funtzionatzen duen tratamenduak: «Hasieran ospitalean gluzidoak kalkulatzeko liburuxka bat eman ziguten, elikagaien gluzido kopurua emanez. Ttipitan gurasoek egiten zuten, baina handitzean nik ere ikasi dut kalkulatzen. Afera da tratamendua ez dela lehen kolpetik atzematen ahal, behar baitzaio bakoitzari egokitu bere gorputzaren aktibitatearen arabera». Haurren kasuan, tratamendua kudeatzea «zailagoa» da helduen kasuan baino, haurrek egun osoan egiten dituzten aktibitateak ez direlako beti berdinak, eta ez direlako beti aurreikusiak.

Diabetesa duten lau haur, jostatzen.
Goxokiak elkarteko lau haur, jostatzen, intsulina neurtzeko gailua agerian. GOXOKIAK

Horren ondorioz, denbora pixka bat har dezake bakoitzari dagokion tratamendua plantan ezartzeak. «Haur bat aritzen ahal da futbolean, bost minutu geroago kaniketan, eta ondoko segundoan emozio azkar bat ukan. Horren guztiaren arabera aldatzen da beharrezkoa duten intsulina kopurua», esplikatu du Uhaldek. Bi gauza kalkulatu behar ditu Jokin Mugika Uhaldek egunero: jan gabe bizitzeko beharrezkoa duen intsulina kopurua, eta jaten duenaren eta bere gorputzak duen jardueraren arabera beharrezkoa duen intsulina kopurua.

Oro har, eritasuna kudeatzen ikasi du 13 urteko gazteak, nahiz eta batzuetan aspergarria zaion. «Ikastolan nintzenean, beti irriz ari ginen ene diabetesaren inguruan lagunekin, baina kolegioan aspergarriagoa zait. Badudalarik arazotxo bat ene diabetesarekin, behar dut ene gauza egin, eta horrek erran nahi du lagunekin momentu bat saltatzen dudala, eta hori ez da goxo».

Trukatzeko parada

Behin diagnostikoa ukan eta elkarren artean partekatzeko espazioa da elkartea; bai gurasoentzako, baita haurrentzako ere. Urte osoan hainbat ekinaldi antolatzen dituzte, haurrak eta familiak elkartzeko. «Diabetesari buruz ditugun informazioak partekatzeko balio du, baita familia berriei beren emozio guziak ateratzeko espazio bat eskaintzeko ere», esplikatu du Brigitte Uhaldek.

«Guraso gisa, diagnostikoa ukaiten duzunean ezin duzu deus entzun: ez ongi joanen dela, ez ongi bizi dela eritasunarekin ere. Gure lehen egitekoa, momentu horretan, emozioak heldu diren gisan hartzea da: haserrea, tristezia...».

BRIGITTE UHALDE Goxokiak elkarteko kidea

Haren ustez, elkarteak antolatzen dituen ateraldien bidez diabetesa dutela jakin berri duten haurrek eta haien familiek parada dute ulertzeko «ongi bizi» daitekeela eritasunarekin. «Ttipienek handiagoak ikusten dituzte ongi bizitzen, kirola egiten, zozokeriak egiten; hots, haur bizi bat ukaiten. Segur dena da diabetesarekin bizia aldatzen dela, baina neholaz ere ez da gelditzen».

Uhaldek dio «zaila» dela beren haurrak diabetesa duela jakin berri duten gurasoak lasaitzea, hasieran. «Guraso gisa, diagnostikoa ukaiten duzunean ezin duzu deus entzun: ez ongi joanen dela, ez ongi bizi dela eritasunarekin ere. Gure lehen egitekoa, momentu horretan, emozioak heldu diren gisan hartzea da: haserrea, tristezia...». Lehen denbora horretan «laguntza teknikoa» ematen diete, tratamenduak eta gailuek nola funtzionatzen duten esplikatzeko, besteak beste.

Bestalde, diabetesa duten haurren arteko elkartasuna sustatzen du elkarteak. Jokin Mugika Uhaldek esplikatu du haur ttipiei hipergluzemia edo hipogluzemia gertatzen zaienean elkarteko zaharragoek laguntzen dituztela egoera kudeatzen. «Erakusten diegu guri ere gertatzen zaigula, eta entseatzen gara haiek lasaitzen». Elkarren artean eritasunaz irri egiten ere ikasten dute: «Gure artean gluzemia kopurua konparatzen dugu, edo bakoitzak duen materiala. Txapelketak egiten ditugu ikusteko nork duen gluzemia handiena...», erran du, irriz, Mugika Uhaldek.

Hiriburuko Ametzondo merkataritza gunean izanen dira Goxokiak elkarteko kideak maiatzaren 20ra bitarte, asteazkenetan eta larunbatetan, sentsibilizazioa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.