Infekzioen detekzio zentroaren adar bat ireki dute Donapaleun

Sexualitateari buruzko prebentzioa egiten dute han, urririk eta anonimoki. Asteartero izanen da zabalik; ordua hartu behar da.

Amikuzeko osasun etxea
Amikuzeko osasun etxea, Donapaleun, joan den otsaileko argazki batean. PATXI BELTZAIZ
Oihana Teyseyre Koskarat.
Donapaleu
2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

Sexualitatea gai zabala da, eta ikuspegi anitzetatik so egiten ahal zaio. Erraterako, Cegidd Diagnostikorako, Detekziorako eta Informaziorako Zentroek sexualitatea eta osasuna uztartzen dituzte, eta, sustut, prebentzioa egitea dute helburu. Urririk dira osoki, eta nahi duenak anonimoki artatua izateko aukera du. Adingabeek gurasorik gabe joatea posible dute, gainera. Ipar Euskal Herriko egoitza nagusia Baionako ospitalean du Cegidd zentroak, eta badu zenbait urte adar bat baduela Donibane Lohizunen. Irailetik, barnealdera zabaldu dute eskaintza, eta Donapaleuko osasun etxean sortu dute adar berria. Asteartero irekia izanen da; aitzinetik ordua hartu behar da. 

Sexu transmisio bidezko infekzioen arloko prebentzioa egiten dute, nagusiki, Cegidden; besteak beste, GIBaren eta hepatitisen ingurukoa. Informazioa hedatzeaz gain, detekzio probak egiten dituzte, eta norbaiti infekzio bat atzematen diotenean, tratamendua bideratzen dute medikuek; prebentzioaren arloan, txertoak ere ezartzen dituzte. Maider Berreo Cegiddeko medikuak esplikatu du arta horiez gain sexu heziketa lantzen dutela heldu diren pazienteekin: «Gure lana ez da pazienteak epaitzea. Guk esplikatzen diegu sexu transmisio bidezko infekzioak nola saihestu, beharrez gero haurdunaldiak nola saihestu... Bestalde, anitz aipatzen dugu onespenaren gaia, eta, oro har, sexu harremanen arloan zer den normala eta zer ez. Pedagogia egiten dugu, funtsean». Gai horiez mintzatzeak droga eta alkohola kontsumoari buruzko prebentzioa egitera eramaten ditu maiz, eta behar izanez gero beste zerbitzuetara bideratzen dituzte pazienteak. 

Familia medikuen osagarri

Berreoren arabera, beharrezkoa zen halako egitura bat izatea Baxenabarren. «Mapan begiratuz gero, Baiona eta Donibane Lohizune ondoan dira, baina osasun arloan ez da hala: Hendaiako batentzat ez da baitezpada erraza gure zentroraino etortzea. Gauza bera gertatzen da barnealdean, eta, horregatik, beharrezkoa ikusten genuen Donapaleun adar bat irekitzea», erran du. Proiektu hori garatzeko dirua iaz lortu zuen Baionako ospitaleak. 

«Familia medikuek egiten ahal dute guk egiten duguna, baina paziente batzuek erraten digute ez direla eroso sexuaz mintzatzeko beren medikuarekin, ttipitik ezagutzen dutelako, edo gurasoen laguna delako» MAIDER BERREOCegidd zentroko medikua

Berez, familia medikuek egiten ahal dute prebentzio lan hori, baina Berreok esplikatu du errealitatean jende anitz ez dela «ausartzen» familia medikuari gai horiek aipatzera. «Familia medikuek egiten ahal dute guk egiten duguna, baina paziente batzuek erraten digute ez direla eroso sexuaz mintzatzeko beren medikuarekin, ttipitik ezagutzen dutelako, edo gurasoen laguna delako». 

Adar berri bat irekitzea infekzioen gorakadarekin lotua den galdetuta, Berreok uste du «hainbat faktoreri» begiratu behar zaiela. Infekzioek gora egiten dutela jakinarazi du, eta sexualitatearen historia «ziklikoarekin» lotu du. «Sexu askatasun urteek GIBaren gorakada ekarri zuten; ondoren, GIBaren beldurrak, infekzioen apaltzea ekarri zuen. Orain, COVID-19aren ondoko urteak dira, eta berriz askatu da sexualitatea. Gainera, GIBaren prebentzio pilula bada, eta horrek pixka bat desagerrarazi du infekzioekiko beldurra; horrek infekzioen emendatze bat dakar». Dena dela, uste du proba gehiago ere egiten dituztela, eta horrek ere partez esplikatzen duela infekzioen gorakada. «Beraz, gorakada bat bada, baina ez da hainbestekoa. Proba gehiago egiten badituzu, gehiago detektatzen dituzu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.