Bortuan nola ibili jakinarazteko eguna antolatu dute uztailaren 17an, Iratin

CPIE ingurumenerako informazio zentroak eta Garaziko mendi sindikatuak urtero antolatzen dute sentsibilizazio egun bat bortuko erabiltzaileak ezagutarazteko. Tokiko ekoizleek eta elkarteek parte hartuko dute, asteazkeneko egunean.

CPIE eta Garaziko mendi sindikatuak antolatu Iratiko Mirariak Agerian eguna, iaz
Iratiko Mirariak Agerian Eguna, iaz, Iratiko Etxolan. IPAR EUSKAL HERRIKO CPIE
Iñaki Etxeleku.
2024ko uztailaren 13a
05:00
Entzun

Duela zenbait urte CPIE Ingurumenaren aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak Euskal Hirigune Elkargoak zabaldu Mendi Biziak egitasmo deialdiari erantzun zion, Iratin egun bat antolatzeko xedez. Iratiko Mirariak Agerian deitu zuen eguna, eta geroztik urtero antolatzen du, udako oporraldi hastapenean, eta Garaziko mendi sindikatuarekin. Aurtengoa, uztailaren 17an eginen du, usaian bezala Iratiko ordokiko Etxolan, Mendiben.

«Dituen erabiltzaile eta eragileekin Iratiko bortu aldea ezagutaraztea zen helburua», erran du egunaren koordinatzaile Marie-France Castet Ipar Euskal Herriko CPIEko langileak. Helburu berarekin segitzen dute gaur egun. Aurten, elkargoak zabaldu deialdi berri bati erantzun dio zentroak eta hautatua izan da. Usaiako pista jokoari Escape Game joko bat gehitu diote, betiere Iratiko inguruak eta mendian ibiltzeko moldeak ezagutarazteko xedez.

«Jendeari mapa bat ematen diogu, eta beregainak dira osoki; enigma batzuk argitu behar dituzte, papaitak, eta horri esker bortuko erabiltzaile —oinezko, txirrindulari, aisialdiko bisitariak— eta eragileak —artzainak, oihantzainak eta abar— ezagutzen dituzte», esplikatu du Castetek pista jokoari buruz. Escape Game joko berria halatsu pentsatua dute antolatzaileek. Ibiltariek kodeak eta giltza kutxak aurkitu beharko dituzte mendian barna. «Mendi sokorritzaile baten larruan ezarriko ditugu. Mapa bat eta bide marken irakurtzen jakin beharko dute; mendian ongi nola gobernatu ikasi beharko dute. Helburua da erakustea bortuan ez dela zernahi egiten ahal».

Hazleentzat alhapideak direlakoz bortuko eremu horiek, belar eta loreen ez lehertzeko xendra markatuetarik ibiltzen erakusteak munta handia du antolatzailearentzat, konparazione. Escape Game jokoan aritzeko izena aitzinetik eman behar da, [email protected] helbidera idatziz.

Xume, baina mamitsu

«Nagusiki udatiarrak» joan dira orain arte CPIEk antolatu egunera. «Besteak beste, Zubero aldean diren Iratiko mendi etxeetan oporretarako egoten direnak dira». Lekuko jende kotsia ere heldu zaie, haurrekin. Casteten arabera, oihartzun onak dituzte, aldiro; bereziki, pista jokoari esker egin sentsibilizazioagatik.

«Mendi sokorritzaile baten larruan ezarriko ditugu. Mapa bat eta bide marken irakurtzen jakin beharko dute; mendian ongi nola gobernatu ikasi beharko dute. Helburua da erakustea bortuan ez dela zernahi egiten ahal». MARIE-FRANCE CASTETCPIEko langilea

Ez da trumilka jende heldu, baina ongi zaie antolatzaileei. «Egun xumea da eta egoki da, ez baitugu kopurua bilatzen, baizik eta kalitatea» transmisio mailan. «Mendiari buruz jendearekin elkarrizketatzeko parada ezin hobea da».

Jokoez gain, tokiko ekoizleen merkatu bat egiten dute. Aurten, aitzinekoetan baino doi bat gutiago izanen direla salatu du Castetek. Zehazki, lau ekoizle izanen dira: Eztigar sagardo eta sagar jus kooperatiba, Ezpeletako biper ekoizle bat, Ossau-Irati sor-markako ardi-gasna egile bat eta erlezain bat eztiarekin.

Mendiarekin lotura bat duten mota orotako elkarteek ere mahai bat izanen dute. Aurten, Azkarateko Lokala birziklategia izanen da gomit berezia. Lokalak berrerabilpena bultzatzen du, eta Iratiko egun horren karietara «kirol eta aisialdi puska bilketa bat eginen du bertan», CPIEko langileak jakinarazi duenez. Bigarren eskuko mendiko materiala salduko du, gainera, lekuan berean.

Harekin, aitzineko urtetan bezala, beste elkarte batzuek parte hartuko dute mendiari buruzko sentsibilizazio lanean: Irisarri Ospitalea ondare zentroak, LPO txorien babes elkarteak, Mendibeko Oroimena elkarteak, France Limek —lakastak eragin Lime eritasunaz argitasunen emateko—, Bil Ta Garbik, APPMA arrantza elkarteak, Bioaniztasunerako Frantziako Bulegoak eta Ehiztarien federazioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.