Bortua, «zail» bezain «eder»

Bortuko artzainak atzematea gero eta zailagoa da udan kabalak bortura igorri nahi dituzten hazleentzat. Sasoiko ofizioa da, berezia, eta bakoitzak bere maneran bizirik ere, uste dute aroaren menpe egotea dela zailena.

Ardiak bortuan
Ardiak Garazi aldeko bortuan, iazko ekainean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Aisialdirako baliatzen dutenek ahazten dute mendia batzuen lan tresna ere badela. Urte osoan etxalde inguruan diren kabalei, berriz, udan bizileku bilakatzen zaie, zenbait hilabetetarako. Saldoa zaintzeko lanetan ari dira artzainak, uda bortuan pasatzen duten kabalen begiratzen. Zenbaitzuek mendian berean gasnatzen dute esnea. Ipar Euskal Herrian, kabalak bortura igateko garaia maiatzean hasten da, eta, kabalak mendira igorririk, laborariek pausatzera uzten ahal dituzte soroak, belarrak egiteko eta negua pasatzeko bazka biltzeko. Artzain sasoilaria da Naia Hauziartz, uda honetarako ahuntz tropa baten arduradun. Elorri Aizager hazlea da: udan kabalak mendira igortzen ditu, eta beste artzain batekin batera igaten da mendira. Nathalie Suzannek ardi burubeltzak ditu, eta Irulegi sor-markako mahastiak ere bai. Lan gehiegi du etxaldea utzi ahal izateko uda garaian; beraz, artzain sasoilari baten esku uzten du ardi burubeltzen saldoa. Hirurek argi dute ofizioa «gogorra» eta «zaila» dela, baina «ederra» ere bai, eta «ezinbestekoa» kabalendako eta mendiarendako.

Mugerreko Elizaberri auzokoa da Naia Hauziartz. Animazio arloan egin zituen ikasketak, eta artzaingoaz ez zuen gauza handirik ezagutzen. Duela bost urte, alta, ingurukoekin mintzatuz, ofizio hori ikasteko gogoa jin zitzaion, eta trebatzeko formakuntza urtea egin zuen, Tarbestik (Okzitania) hurbil. «Xerkatzen nuen lan bat mendian egitekoa, banekien animaliak maite nituela, baina ez nekien gai eta prest ote nintzenetz animaliekin lan egiteko», esplikatu du. Baina formakuntzak dudak uxatu zituen, eta orain badu lau urte artzaina dela; lehen hiru urteetan Okzitaniako mendietan egonik, aurten Euskal Herrira itzultzea deliberatu du, eta piriniotar arrazako ahuntz tropa bat zaintzeko lanetan ari da Urepeleko bortuan. 

Ofizioa izugarri gustukoa du Hauziartzek, eta argi du orain ez lukeela besterik egin nahi. Ez du kentzen baldintzak «aski zailak» izatea: «Sasoilariak gara, ez dugu lan finkorik, eta, beraz, ez gara segur urte batetik bestera lan bera atzemanen dugula, tropa berarekin eta leku berean», erran du.

Nathalie Suzanne hazlea eta mahastizaina da Azkaraten, bikotekidearekin batean. Badaki azken urteetan hazle anitzek zailtasunak dituztela artzainen atzemateko, baina, mementoan, ez zaie eskasiarik gertatu, inguruan beti atzeman baitute artzain bat beren kabalentzat. Artzain eskasia ofizioaren baldintzekin lotu du Suzannek, eta erran du orokorkiago zailtasunak badirela laborantzan aldi baterako langileak atzemateko: «Lan horiek sasoikoak dira, aski prekarioak; beraz, jendeek hori egiten dute zenbait urtez, eta gero plantatzen dira, lekualdatzen dira, edo ofizioa aldatzen dute. Oro har, zaila da ofizio hori egonkortzea», deitoratu du.

Baldintza bereziak

Aizager, hazlea eta artzaina denez gero, diferentzia handiak ikusten ditu artzaingoaren bizimoduaren eta egungo gizartearen bizimoduaren artean, eta dago ez ote duen horrek ofizioa «zail» egiten batzuendako. «Egun, ohituak gara 35 oreneko asteetara, eta artzain garelarik, ez da posible: goizetik arrats han gara, kabalekin egunak ez dira bukatzen arratsaldeko bostetan edo seietan. Bortuan garelarik, zaila da kontatzea zenbat ordu lan egiten dugun», erran du.

Ildo beretik, egungo bizimoduek baldintzaturik, Aizagerrek uste du naturarekin bizitzen «ahantzi» dutela anitzek. «Aroak anitz manatzen du, eta naturarekin batean bizi gara. Erran nahi du ortzantza delarik ortzantzaren azpian bizi behar dugula, eta jendeak ez dira gehiago usatuak lainoarekin edo ortzantzarekin bizitzen. Badugu konforta gure etxean, eta jendeek ez dute gehiago motibaziorik horren gainditzeko». Alta, haren irudiko, gauza izugarri «politak» gertatzen dira bortuan, eta uste du zailtasunak gaindituz gero «anitz azkartzen» duela. Argi du, dena den, ofizioa ez dela idealizatu behar: «Anitzek idealizatzen dute, baina, azken finean, naturak berriz ezartzen zaitu beste maila batean, eta ohartzen zara ez garela hain handi naturaren aldean».

«Laborantzako lanak sasoikoak dira, aski prekarioak; beraz, jendeek hori egiten dute zenbait urtez, eta gero plantatzen dira, lekualdatzen dira, edo ofizioa aldatzen dute. Oro har, zaila da ofizio hori egonkortzea»

NATHALIE SUZANNEHazlea

Hauziartzek ere uste du ofizioa ezagutzen ez dutenek idealizatzeko joera dutela. Hark ere esplikatu du aroaren arabera baldintzak aldatzen ahal direla. «Batzuek imajinatzen dute mundu hori biziki polita dela, munduko bulegorik politenean lan egiten dugula, baina egiazki ez da beti hala, batere; gure lan baldintzak biziki zailak izaten ahal dira. Denbora ederra delarik, jendea ikusten duzu, mendian ibiltzen zara, baina, euria delarik, ez dugu nehor ikusten, eta egunak luzeak izaten dira», trenkatu du. Lanordu anitz, araberako lansaririk ez, lo egiteko lekua ez beti plantakoa... Arazo horiek ere izan daitezkeela kontatu du. Baina emeki gauzak aldatzen ari direla uste du; besteak beste, azken urteetan sortu diren artzain elkarte eta sindikatuei esker. «Gure lan baldintzak defendatzeko sortu dira, eta hori zinez beharrezkoa da», aldarrikatu du. 

«Mendian dena pixka bat pausatzen da, eta erritmo horretara jartzen gara bortxaz. Libertate hori ematen digu, gizartearekin dugun lotura pixka bat mozten ahal dugu». 

ELORRI AIZAGER Hazlea eta artzaina

Baina gauza gogorrak alde batera utzirik, Hauziartz eta Aizager artzainakados dira artzaingoa «biziki ederra» ere izaten dela. Aizagerrek mendiaren «lasaitasuna» aipatu du, eta eguzkiaren erritmora egokitzeko beharraren plazera ere bai. «Naizen lekuan ez dut sarerik, eta tokiak behartzen gaitu beste erritmo bat hartzera. Eguzkiaren erritmoa hartzen dugu guk, eta tropak, berdin. Gu jartzen gara erritmo horretara, berez arrunt naturala dena», esplikatu du. Baina ohartzen da handik kanpo hori atxikitzea zaila dela eta etxaldean «arrunt galtzen» dutela berriz. «Mendian dena pixka bat pausatzen da, eta erritmo horretara jartzen gara bortxaz. Libertate hori ematen digu, gizartearekin dugun lotura pixka bat mozten ahal dugu, nahiz eta Euskal Herriko mendietan erlatiboa den hori, mendietan jende badelako». 

Mendiko esnea, hobea

Artzainen bizimodua berezia izanagatik, behar-beharrezkoak dira kabalak mendian barna gidatzeko. Tropak goiti igortzea ez da soilik etxaldearen eta inguruko lurren husteko egiten. Mendiko belarrak eta landareak izugarri onuragarriak dira kabalendako, eta, Hauziartzek esplikatu duenez, ekoizten duten esnea kalitate hobekoa da, gasnei gustu handiagoa ematen baitie. Hauziartzek eta Aizagerrek esnea duten kabalak igortzen dituzte bortura; Suzannek, berriz, bildotsen sortzeko garaia pixka bat goizago hasten dutenez, esnerik gehiago ez dutenean igortzen ditu ardiak bortura. 

«Denbora ederra delarik, jendea ikusten duzu, mendian ibiltzen zara, baina, euria delarik, ez dugu nehor ikusten, eta egunak luzeak izaten dira». 

NAIA HAUZIARTZ Artzaina

Aizagerrek Ahüzkiko mendian bertan gasnatzen du esnea, etxolari lotua zaion gela ttipi batean. «Ardiak mendian jezten ditugu, eta han gasnatzen. Gero, ontzeko lekua ez da baitezpada egokia; beraz, Zalgizera eramaten ditugu partekatzen dugun ontze gela batera», esplikatu du. Aurten, Hauziartzek lehen aldiko parada izanen du gasnatzeko, eta «hastapenetik bururainoko» prozesua ikustea biziki hunkigarria zaio: «Ikusiko dut ahuntzek zer eta zenbat jan duten, nola jezten ditugun, eta nola eginen dugun gasna; biziki kontent naiz».  

Hauziartzen iduriko, prozesu osoa harago doa: kabalek mendia behar duten bezala, mendiak ere kabalak behar ditu. «Deus egin gabe uzten badugu, mendia hetsiko da, oihanduko da, iratzea eta otea gehiegi pusatuko dira. Guk mendiko paisaiak atxiki nahi ditugu, animaliek belarra ukan dezaten, dibertsitatea handiagoa izan dadin. Horretarako mendiak beharrezkoak ditu tropak, espezie askotakoak: behiak, zaldiak, ahuntzak eta ardiak», erran du. Alde horretatik, uste du bi zentzu dituen harreman bat gertatzen dela mendiaren eta kabalen artean. 

Mendiko «oreka» hori atxiki dadin eta artzaingoak iraun dezan, mendiaren erabilerari buruzko gogoetak beharrezkoak direla uste du Aizagerrek. Erakundeek urrats batzuk abiatuak dituzte horretarako, eta horiek akuilatu behar direla dio. «Artzaingoak badu zilegitasuna mendian, jendea eta erakundeak ohartzen hasiak dira baitezpadakoa dela, eta zerbait egin behar dela ingurumen hori nahi bada atxiki. Interesa handitzen ari da, ohartzen ari dira, baina oraino bada lan anitz, mendia bizi dugunak eta bulegoetan pentsatzen dutenak bi mundu desberdinetan bizi baikara», erran du. Izan ere, uste du «mendian gero eta desoreka handiagoak» badirela, batzuendako lan tresna dena «aisialdirako eta turismorako» eremua delako besteendako. «Hori harmonian ezartzeko, erakundeek hor izan behar dute, horiek dituztelako finantzaketak horrelako problematikei erantzuteko. Turismoaren kudeaketa eta aldi berean laborantzaren kudeaketa, biak batean pentsatu behar dituzte», argitu du Aizagerrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.