Bordeleko errektorea prest agertu da azterketen gaia lantzeko

Irakaskuntza elebidunarentzat sail berezitu bat sortzeari buruz lan eginen dute, eta euskarak baxoko azterketetan izan lezakeen lekua aztertuko dute. EEPri diru gehiago emateko borondatea berretsi du hautetsien aitzinean.

Frantziako Estatuko ordezkariak, Baionako suprefetan egin duten bilkuran. BERRIA
Frantziako Estatuko ordezkariak, Baionako suprefetan egin duten bilkuran. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko apirilaren 18a
16:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Jean Marc Huart Bordeleko Akademiako errektoreak euskarazko irakaskuntzari bultzada bat emateko borondatea agertu du, Maider Behotegi EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak agiri batean jakinarazi duenez. Bilkura egin dute Baionako suprefeturan, EEPko ordezkariek, Ipar Euskal Herriko parlamentariek, suprefetak, akademia ikuskariak eta errektoreak. Behotegiren hitzetan, errektorea prest agertu da irakaskuntza elebidunarentzat sail berezitu bat sortzea aztertzeko, eta EEPri diru gehiago emateko borondatea berretsi du hautetsien aitzinean.

Lehengo astean, Frantziako Hezkuntza ministroaren kabinete buruarekin elkartu ziren EEPko ordezkariak eta parlamentariak, Parisen. Behotegik adierazi du batean zein bestean izandako elkarrizketen «kalitateak» erakusten duela EEPren eta hizkuntza politikaren «gaur egungo erronken berri» badutela errektoreak eta akademia ikuskariak. «Ministerioan aipatutako gaiak baikorki hedatu dituzte toki mailara». Errektoreak berak sare sozialetan eman du bilkuraren berri, eta honela adierazi du: «Eskualdeko hizkuntzek leku osoa dute [Frantziako] Errepublikako eskolan». 

Behin baino gehiagotan salatu izan da 2019an izan zen lizeoetako erreformak ez zituela kontuan hartu hizkuntza gutxituak. Orain, Behotegik adierazi du Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Bordeleko errektoreak horren «kontzientzia» badutela. Hala, errektorea «prest» agertu da irakaskuntza elebidunarentzat sail berezitu bat sortzeari buruz lan egiteko, nazioarteko sailekin egiten den bezala. «Horren baitan aztertuko da euskarak baxoko azken probetan duen lekua. Elkarrizketan, matematikaren proba aurreratuaren eta ahozko proba handiaren gaia planteatu da bereziki».

Brebetan denek euskaraz

EEPko lehendakariaren hitzetan, euskarazko irakaskuntzaren eskaintza zabaltzeko «politika boluntarista» bat abiatzeari buruz «arrunt aldeko iritzia» agertu du errektoreak. Errektoretzako eta akademia ikuskaritzako zerbitzuek EEPrekin batera lan eginen lukete, esperimentu modura, eta hori 2026ko ikasturte sartzetik aitzina. Irakaskuntza elebidunean, ikasleek ibilbidean zehar bertan behera ez uztea da erronka nagusietako bat. «Hori hobetzeko aukera ematen duten hainbat palanka aipatuak izan dira», agiriaren arabera.

Azkenik, errektoreak ontzat eman du eskola publiko eta pribatuetako ikasleek ere brebetako zientzietako azterketak euskaraz erantzun ahal izatea, «baimen berezi gisa». Orain arte, Seaskako ikasleei baizik ez zieten onartua eskubide hori. Aurtengo azterketetan, hala nahi duten kolegioko ikasle guziek euskaraz egiten ahalko dute, beraz, brebetako azterketa.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.