Bi etxeren salmentak ardatz harturik, espekulazioa salatu dute Arberoan

Donoztiriko eta Aiherrako bi etxeren salmentak salatu ditu Arberoa Lurra eta Etxebizitza taldeak. Laurogei bat pertsona bildu ziren larunbatean Hazparneko Puyo etxe agentzian.

Arberoa Lurra eta Etxebizitza
Arberoa Lurra eta Etxebizitza taldearen agerraldia, Hazparneko Puyo etxe agentzian, iragan larunbatean. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2024ko maiatzaren 24a
05:05
Entzun

Bi etxe salmenta salatzeko, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak laurogei bat pertsona bildu zituen Hazparneko Puyo etxe agentziaren aitzinean iragan larunbatean: Donoztiriko Larrearena batetik, eta Aiherrako Etxexuriarena bestetik. Iaz protestak egin zituzten bi etxeen salmentak salatzeko: lehena 1.300.000 euroan ezarri zuten salgai; bigarrena, 1.600.000 euroan. Aiherrako etxearen salmenta kudeatzen duen Puyo etxe agentziaren aitzinean bildu ziren bigarren aldiz, kolektiboak deiturik.

Kolektiboak protesta egin zuen Donoztirin iragan urteko maiatzean, Larrea etxearen «salmenta espekulatzailea salatzeko». Urte hastapen honetan jakin zuten Kaliforniako (AEB) erosle potentzial bat ukan zezakeela etxeak, eta harekin harremanetan sartu ziren: gutun bidez lehenik, telefonoz gero, ELB eta Lurzaindiaren laguntzarekin. Kolektiboko Xabi Thikoiperen erranetan, «giro lasaian bere erabakia aldatzeko» eskatu zioten eroslegaiari, egungo «etxebizitzaren krisia» aipatuz, besteak beste. Ustez, kausitu zuten, aste batzuk berantago Larrea berriz salgai ezarria izan baitzen, 999.000 euroan, eroslegaia erretiratu zelako. «Horrek poztu gintuen, pentsatu baikenuen gure urratsek fruitu ekarri zutela», adierazi zuen Thikoipek iragan asteko agerraldian.

Erosle bera bietan

Haatik, iragan apirilean ohartu ziren Kaliforniako pertsona berak Aiherrako Etxexuria erosteko nahia agertu zuela; etxe hori 250.000 euroan erosia izan zen 2017an, eta 2023an 1.600.000 euroan salgai agertu, artean obra batzuk eginik eta «laborantzako funtzioa galdurik», kolektiboak salatu duenez. Iragan abenduan, salmenta hori salatzeko Etxexurian protesta egin zuten, eta joan den urtarrilean, berriz, salmenta kudeatzen duen Puyo etxe agentziaren aitzinean. «Laurogei pertsona modu baketsuan agentzian sartu ziren, hango arduradunei gure aldarrikapenak eta arrangurak azaldu zizkieten, ohartuz ez direla gure ber munduan bizi», erran zuen Thikoipek, kolektiboaren izenean.

1,6

Zenbat milioi euroan den salgai Etxexuria. Aiherrako Etxexuria 1.600.000 euroan salgai ezarri dute jabeek. 2017an, 250.000 euroan erosi zuten. Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak salmenta prezio espekulatiboa dela gaitzetsi du.

Mobilizazio horren ondorioz, bi pertsona deituak izan ziren Jendarmeriara, agentziak salaketa ezarri zuelako. Arrazoia umorez argitu zuten kolektiboko kideek iragan larunbatean: agentzian sartu ziren egunean, aire girotuko sistemaren kontrolagailua desagertu zen. Hedexuriek «inkesta handia» abiatu zutelakoan kontrolagailua atzemateko, bi pertsona deitu zituzten; horietarik bat, Arño Gaztanbide Aiherrako auzapeza. Piko bat baino gehiago izan ziren inkestaren inguruan. «Gure herria saltzen segitu nahi luke, sobera izerditu gabe», zioten salaketa ezarri zuenari buruz, aire girotuari erreferentzia eginez.

Umoretik salaketara pasatu zen kolektiboko kidea agiria irakurtzean, haien «uzkurtzeko» metodoak salatuz: «Ez dugu onartzen rolen alderantziz ezartzeko entsegu hori: agenteak, saltzaile espekulatzaileak eta erosle dirudunak ez dira biktimak, gaur egun bizi dugun etxebizitza eta lur krisiaren hobendunak baizik». Bi etxe salmenta horien adibidetik harago, kolektiboak argi du «beste salmenta batzuk, aise merkeago izanik ere, espekulazio kasuak» direla. Bat egin zuten Marieneko proiektua geldiarazteko Kanbora joateko deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.