Arrantzale maitagarri gisa izendatu zuen Guk taldeak Didier Lafitte, haren omenez egin kantuan. 22 urte zituelarik, Frantziako Poliziak tiroz hil zuen Lafitte Donibane Lohizuneko gaztea, Iparretarrak (IK) taldeko kidea. Berrogei urte joan dira 1984ko martxoaren lehen hartatik, eta, heldu den astean, Didieren Lagunak elkarteak aste oso batez omenduko du haren memoria, Donibane Lohizunen.
Baionako zezen plaza inguruan gertatu zen hilketa. Polizia judiziala jakitun zen garai hartan Iparretarrak taldeko kide klandestino Gabi Mouescak hitzordu bat zuela, Errepresioaren Kontrako Komiteak txosten batean zehazten duenez, «salatari» batek eman informazioaz jabeturik. Poliziaren presentziaz ohartzean, Mouesca ihesean abiatu zen Lafittek gidatzen zuen autoan, eta, eskapatzekotan zirelarik, Adolphe Martinez inspektoreak tiroz hil zuen Lafitte. Bi bertsio zabaldu ziren orduan: Poliziaren arabera, tiroketa bat gertatu zen; Mouescaren arabera, berriz, tiro bakarra izan zen, «eta tiro horrek hil zuen Didier. Ez da beste lekukotasunik izan errateko tiro gehiago izan zela», gehitu du Mouescak.
Tentsio garaiak
Ipar Euskal Herriko giro politikoa beroa zen 1984an. GALen atentatuak gertatzen ari ziren, eta, egun berean, 1984ko martxoaren lehenean, Jean Pierre Leiba tren langilea hil zuen Hendaian, ustez ETAko kidea zena. Iparretarrak talde armatuak ekintzak egiten zituen; Mouescak gogoan du tentsio handian bizi zirela, eta jakin zutela GIGN taldeko komandoak atzetik zituztela: «Dobermanaren estrategiarekin ari zirela erran zuten: atzeman eta hil. Beldurgarria zen, eta militanteak presio horretan bizi ginen».
«Gutxiengo bat ginen borroka armatuan, baina halako momentuetan ikusten duzu zure sarea handia dela». GABI MOUESCAIK taldeko kide ohia
1985eko agorrilean, Martinez inspektoreari zigorra kendu zioten. «Gero Tolosara [Okzitania] joan zen, eta armarik gabe lan egitera baizik ez zuten zigortu», Mouescaren erranetan. Auzi horri ez zitzaion dei egin, eta, Paxkal Lafitte hildakoaren anaiaren arabera, «ez zen barkamen eskaerarik izan. Ez epaileen aldetik, ez Poliziaren aldetik, deus», baina oroitu da Donibane Lohizuneko karriketan poliziak gurutzatzean, hilketaren ondotik, ez zutela «begietara begiratzen». Berrogei urte joan direlarik, Lafitte familiak sekula ez du «berririk izan Poliziaren edo justiziaren partetik».
Lehen hilketa
Lau urte goizago, 1980ko martxoan, Ramuntxo Arruiz eta Txomin Olhagarai IK taldeko kideak hil ziren, egiten ari ziren lehergailua zartatu zelarik. Baina Didier Lafitte izan zen Poliziak hil zuen IK taldeko lehen kidea, eta Mouescarentzat mugarria izan zen: «Pertsonalki eta kolektiboki, gertakari biziki latza izan zen», trenkatu du hilketaren egunean atxilotua izan zen IK taldeko kide ohiak.
Ehorzketa eguna oraino gogoan du Paxkal Lafittek, «lagun batzuek nahi zutelako hilkutxa eraman elizatik hilerrira, baina normalki debekatua zen». Paxkal Lafittek berak hitzeman zion herriko etxeko axuant bati «pataskarik» ez zela izanen, eta gehitu du 3.000 pertsona inguru izan zirela Didier Lafitteri azken agurra egiteko egun hartan. Mouescaren ikuspegitik, sostengu azkarraren erakustaldia izan zen, nahiz presondegitik bizi izan zuen: «Egiazko elkartasuna bizi izan genuen. Gutxiengo bat ginen borroka armatua eramaten genuenak, baina halako momentuetan ikusten duzu zure sarea handia dela, ez zarela bakarrik. Hor ikusten da oinarri sozial aski azkarra bazela».
Omenaldiak, urtez urte
Didier Lafitteren memoria biziarazteko, beste kide hilen kasuan bezala, urtez urte markatu ohi da eguna. «Urte guztiz martxoaren lehenean, [Donibane Lohizuneko] portuaren ondoko oroitarrian lore txiki batzuk badira», erran du Paxkal Lafittek. Aurtengoa zenbaki borobila denez, Didieren Lagunak elkarteak aste osoko egitaraua prestatu du, heldu den astelehenean hasiz, eta gero, besteak beste, martxoaren 1ean omenaldia eginez eta 3an bukatuz, besta batekin. «40. urteurren honetan, memoria hori plazara ekartzeko eginen ditugu gauzak», laburbildu du Mouescak.
Belaunaldi gazteekin mintzatzean, Mouescak argi ikusten du historia hurbil hori ezezaguna dela, eta «penagarria» zaio: «Gure falta ere bada: erran nahi du ez dugula behar zena egin memoria pasarazteko». Heldu den asteazkenean, preseski, 1980ko eta gaur egungo gazteriak aipagai izanen dituzte omenaldi astean antolatu mahai inguruan, belaunaldien arteko trukaketak barnatzeko asmoz.
«Lotu gaiten borrokari, bizi dadin Euskal Herri», kantatzen zuen Guk-ek Lafitteren omenezko kantuan. Paxkal Lafittek bere inplikazio politikoarekin oihartzun egiten dio kantuari: «Bertze gisa batez eramaten ditut Didierren ideiak. Bertze molde batez, armarik gabe. Uste dut ez duela bertze militanterik erori beharko ideiengatik, baina ideiak atera beharko dira, eta badira bertze manerak eramateko».
«Uste dut ez duela bertze militanterik erori beharko ideiengatik, baina ideiak atera beharko dira».
PAXKAL LAFITTEDidier Lafitteren anaia
Mouesca, berriz, garaiko militantziak ekarri ondorioez mintzatu da: «Bistan da tristea dela militanteak bide bazterrean uztea, baina geroztik gauzak aitzinatu egin dira. Gauza batzuk, atzo proiektuak zirenak, gaur egun errealitateak dira. Seriosa den nehork ez du kontrakoa erraten ahal: IK taldearen ekintzen fruituak dira gauza batzuk. Ez bakarrik guk, baina guk ere parte hartu dugu Ipar Euskal Herriko aldaketetan», trenkatu du. Geroari begira, borrokarako deia berretsi du: «Gure populua eta hizkuntza finitu nahi dute estatuek, ohartu behar baita Frantziako Estatuak ez duela behar dena egiten gure hizkuntzari duintasuna emateko, eta onartu behar da erresistentzia izpirituan segitu behar dela. Ez da bakarrik izpiritu bat: egiteko manera bat da».
Aurten, beraz, 1984tik joan diren hamarkada bakoitzarentzat egun berezi bat izanen da Lafitteren omentzeko, aste batez. Memoria lantzeko parada berezia eskertzen badu ere, Paxkal Lafitterentzat «datorren urtean 41. urteurrena izanen da».
Ateka aldizkariaren editoriala (1984)
EGITARAUA
- Otsailak 26. Film proiekzioa: Génération Autonomistes Basques filma eta hitz trukaketa filmeko protagonista batzuekin. 21:00etan, Donibane Lohizuneko Le Select zinema gelan.
- Otsailak 28. Mahai ingurua: 1980ko gazteria eta gaurkoa. 20:30ean, Donibane Lohizuneko erretegian.
- Martxoak 1. Omenaldia: hilketaren 40. urtebetzea kari, Didier Lafitteri omenaldia, 19:00etan, Donibane Lohizunen, Luis XIV.a plazan.
- Martxoak 3. Arrantzale maitagarri eguna, Donibane Lohizunen, Luis XIV.a plazan: 11:00etan hasirik, dantza eta musika: Bost Axola eta Guk. 14:00etan, bazkaria Ziburuko parrokia gelan, eta 18:00etan, plazan, Andoni Oilokiegi eta Kaxkatu.