Bekat’uros besta antolatuko dute hirugarren aldiz Prefosta eta Altxalili taldeko kideen artean, apirilaren 12an, Atharratzen. «LGBTQIA+ komunitateko» izan ala ez izan, «askatasun haizea» ekarri zuen besta horrek Zuberoara, antolatzaileen arabera. Egun bakarra zen orain arte; aurten, berriz, hainbat hitzordu antolatu dituzte apirilerako, egun handiaren aitzinetik eta ondotik, bidea barnatzeko. «Aurten enbeia genuen urrunago joatea eta beste elkarteekin gauzak antolatzea gai horrez», erran du Marie-Annick Jaury antolatzaileak.
Lehen bi edizioetako «arrakasta ederrak» motibaturik, Prefostako Ilora Capot Thornary ohartu da, jendearen erranak entzunez, badela «oraino istorio paketa kontatzeko edo entzuteko», eta, hargatik, Bakat’uros «jarraikitzeko beharra» sentitzen dute. Iragan urteko formula atxiki dute, baina Zuberoako elkarteekin elkarlanean, bestelako hitzorduekin osatu egitaraua antolatu dute. Programara txertatu dituzte, besteak beste, transidentitatearen gaia, kirola eta homosexualitatearena, eta arte garaikidea.
Harrotasuna karrikara
Garai batean hiri handietako karriketara LGTB nortasunen koloreak ateratzea aitzindari izan zen bezala, Atharratzen iragan urtean egin zen desfileak gogoak markatu ditu. «Libertate aire bat» ekarri zuen, Prefostako kide Maider Hokiren ustez, eta iragan urtean ikusi zituen «zuberotarrak justu momentu horretara jin zirenak, sostengua erakusteko». Haren iduriko, inguruan «LGBT pertsonak badituztenak» ziren aipatu dituenak.

Prefostan eta Altxalili taldean ari den Jüje Thiryrentzat argi da karrika itzuli jendetsu hark «babesa» ekartzen diela, «zinez». Babes beharrak beste edizio bat antolatzera bultzatu dituela aipatu zuen Hokik martxoaren 26an, aurtengo egitarauaren aurkezpen agerraldian; lekukotasun anitz ukaiten baitituzte «homosexualitatearengatik herritik kanpo» joan behar izan dutenen partetik. «Haien ingurukoen sufrikarioa kontatzen dute: anaia, arreba, seme, alaba, lagun edo beste batzuenak» ukaiten dituztela zehaztu du. Horregatik zaie hain inportantea «ibarretako dibertsitatearen ospatzea».
Gogoetetan barnatzen
Karrika irabaztea lehen urrats gisa ikusi dute antolatzaileek. Aurten berriz ere egitarauaren parte da karrika itzulia, Les 400 Coups batukadak eta Oztibarreko Basandereak joaldun taldeak lagundurik. Baina harago joateko beharra sentitu dutela gehitu du Jauryk: «Lehen urratsa zen karrikara ilkitzea, eta orain nahi dugu galdekatu egun orotakoan zer den homosexuala, transexuala edo normatik kanpo izatea Zuberoan». Prefosta eta Altxaliliko kideek partaidetzak xerkatu dituzte inguruko elkarteen artean gogoetan barnatzeko eta elkarlanak plantan ezarri dituzte eragile hauekin: Xiberoko Feministak eta Arcolan LGTB zentroa, Artetxe Atharratzeko arte zentroa, Barkoxeko errugbi taldea, Barkoxe Bizi elkartea eta Les Bascos LGTB taldea.
Aitzineko aldiek ekarri ihardukitzeetan «harrotasun eta bozkario» anitz bildu badute ere, Jauryk zehaztu du beste batzuen erranetan agerikoa zela haien egunerokoa ez dela «kanbiatuko». Haren arabera, «egunero joanez eskolara, lanera, kirolera... ez da arra aipatzen» normatik kanpoko izaera. Horregatik inportantea zaio gaia barnatzen segitzea, «sexualitateak erbestea eragiten duen bezala, halako egunaldiekin ahal baita jendea jinaraztea ere. Azkenean, ideia da lekua uztea denei», trenkatu du.
Apirilaren 12an Bekat’uros bestako izanen da egun nagusia, eta iragan urteetan arrakasta kausitu zuen formularekin pentsatu dute aurten ere: 11:30ean aperitifa, ondotik bertso bingo bazkaria Haira Aizpurua eta Maddi Aiestaran bertsolariekin, 16:30ean harrotasunaren karrika itzulia, eta 19:00etan gaualdia, Gauak, Amorru Pneumatikoa, Altxalili Show, Albina Stardust, Txartxaranga, Mairü eta DJ Petra Komet taldeekin. Oraino laguntzaileak xerkatzen dituzte egun horretarako.
Egitaraua
- Apirilak 9.20.000 erle espezie filma, transidentitateaz. Alozeko gelan, 20:30ean.
- Apirilak 10.Pédale Rurale dokumentala (Baserriko marika edo pedea), baserri munduko homosexualitateaz. Mauleko zineman, 20:30ean.
- Apirilak 12. Bekat’uros eguna.
- Apirilak 13. Bruntxa, 12:00etan, Atharratzeko Artetxen. Anouchka Oler Nussbaum artistaren performancea eta erakusketa kolektiboaren estreina.
- Apirilak 17.Dans la mêlée filma (Uztarketa erdian), errugbi munduko homosexualitateaz. Barkoxeko Pitxe ostatuan, 20:30ean. Film proiekzio guztien ondotik, mahai inguruak.