Behien tuberkulosia kudeatzeko esperimentazioa abian da Ezpeizen

Urtarrilean Ezpeizeko etxalde batean behi tuberkulosiaren kasu positibo bat agertu zelarik, administrazioak behi saldoa hiltzea manatu zuen. Mobilizazio eta negoziazioen ondorioz, protokolo esperimental bat plantan ezarri dute.

ELKARTASUNA. Agorrilaren 30ean Ezpeizera belar balotak eraman zituzten laborariek. ELB
Belar balotak eraman zituzten laborariak, Ezpeizen, agorrilaren 30ean. ELB
Joanes Etxebarria.
2024ko irailaren 21a
05:25
Entzun

Urtarrilean jakin zuten Sophie eta Philippe Sicre laborari ezpeiztarrek euren behi bat tuberkulosiaren bakterioaz kutsatua zela, urte oroz egiten den profilaxiaren emaitzekin. Hilabeteetan borrokatu eta negoziatu ondotik administrazioak behi saldo osoa hiltzea agindu bazuen ere, azkenean, esperimentazio bati esker, bortura eramaten dituzten behiak salba ditzakete. Batzuk hiltzera igorriko dituzte, eta horien gorpuen analisiaren emaitzen arabera deliberatuko dute beste behiak biziko direnetz.

Urtarrilaren 8an agertu zen kasu positiboa. Behia hil eta geroko analisiek C3 mailako kutsadura zehaztu zutenez, C1 eta C2 mailekin ez bezala, saldo guztia hiltzea agindu zien Frantziako administrazioak. Otsailaren 23an, berriz, Mauleko hiltegiaren aldeko eta behien tuberkulosiaren kudeaketaren kontrako manifestaldia egin zuen Pauen (Okzitania) laborari andana batek. Hango sostenguaz eta elkartasunaz jabetu zen Philippe Sicre: «Hor erabaki genuen borrokatzea saldoaren hiltze aginduaren kontra».

Iñaki Etxaniz eta Frederique Espagnac hautetsien sostengua ere ukan zuten egun hartan, eta geroztik biak artekari izan dira laborariek ELB sindikatuarekin zituzten aldarriak Frantziako Laborantza Ministerioari helarazteko. Iragan martxoaren 30ean Ezpeizeko etxaldean bildu bostehun bat pertsonak lagundu zuten presioa azkartzen.

Protokolo alternatiboa

Hazle orok ez bezala, behiak bortura eramaten ditu Sicrek, eta hori da giltza, haren erranetan: «Gure helburua da bortura joaten diren behien nukleo bat kontserbatzea. Bi bortutara joaten gara, eta ez da zeinahi kabala eramaten ahal. 48 bizirik atxiki nahi genituzke», zehaztu du. Protokolo alternatiboa plantan ezarri dute administrazioarekin, eta, saldo guztia hiltzeko partez, 35 behi dira hiltegira eramanak izanen orotara. Irailaren 10ean hamabi behi igorri zituzten, eta zortzi aste oroz saldo berri bat hilaraziko dute. Gorpuetan eginen dituzten analisien arabera salbatzen ahalko dute bortura eramateko nukleoa, edo ez.

Protokolo alternatiboa plantan ezarri dute administrazioarekin, eta, saldo guztia hiltzeko partez, 35 behi dira hiltegira eramanak izanen orotara

Uztailaren 17an izenpetu zuten protokolo esperimentalaren arabera, orotara hiru behi positibo izaten ahal dira, urtarrileko behia barne. «Hiru positibo izanez gero, saldoa oro hil beharko genuke», argitu du Sicrek. Hiltegiko analisiek dute finkatuko, ukan arau, bakterioak behi gehiago kutsatu dituenetz haien saldoan.

Negoziazio luzeak izan dira protokolo esperimentala plantan ezartzeko eta behi saldo osoa segidan hiltzea eragozteko. «Lan anitz egin dugu ELBrekin», azpimarratu du Sicrek. Haren ustez, ongi ateratzeak balio lezake beste hazleentzat ere: «Ondoko hilabeteetan momentu gogorrak izanen dira, dena den, baina hortik ateratzea kausitzen badugu, garaipen tipi bat izanen da. Gure etxaldean funtzionatzen badu, beste hazleentzat balio izan dezake».

Protokoloaren parte zen uda honetarako behiak bortura eramateko debekua eta etxaldean berean konfinatzea. Soroetatik ez dute, ondorioz, negurako aski bazka erreserba bildu ahal izan. ELB sindikatuak horregatik antolatu zuen, elkartasunez, belar bilketa bat. Agorrilaren 30ean joan zen delegazio bat Sicre familiaren kabalei belarra eramatera. «Eztitu behar izan ditugu; bestela, doblea ukanen genuke», zehaztu du laborariak, hunkitua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.