Enplegua zertan da Ipar Euskal Herrian? Zer kezka dituzte langileek? Eta enpresek? Galdera horiei erantzuteko xedez, Euskal Hedabideek Lau haizetara emankizuna hedatu zuten atzo arratsean Kanalduden: Maite Ubiria kazetariak gidatu zuen Baionako L'Argente lizeoan grabatutako saioa. Merkataritza eta Industria Ganberaren datuak izan dira gogoetaren abiapuntua, urrian aurkeztu baitzuten ekonomia barometroa, eta Andre Garreta presidenteak orduan aipatu baitzuen Ipar Euskal Herriko Enpleguaren webgunean zenbat eskaintza ziren: 7.000. Euskal Hedabideek datu horren gibeleko «errealitatea» aztertu nahi izan dute saioan.
Ekhi Erremundegi Beloki BERRIAko kazetariak argitu zuen MIGek bultzatu duen webgunean agertzen diren lanpostuen kopurua aldatzen dela, 5.800 baitira egun. «Dena dela, interesgarria da galdekatzea zer kontratu mota diren, geografikoki non proposatuak diren eta zer lan sektoretakoak diren». Izan ere, Erremundegiren azterketaren emaitzen arabera, gehienak kontratu mugatuak dira, lanpostuak hiri handietan dira —BAM eremuan—, eta industriaren eta eraikuntzaren sektoreetakoak dira, baita kontabilitatearen, osasungintzaren eta zaintzaren arlokoak ere. LAB sindikatuko Eñaut Aramendik aipatu zuen enplegu horiek maiz «kalitate apala» dutela.
%6Ipar Euskal Herriko langabezia tasa. Ipar Euskal Herrian biztanleria aktiboaren %6 da lanik gabe, MIG Merkataritza eta Industria Ganbararen datuen arabera.
Beñat Jauregi MIGeko teknikariak erantzun zuen nolanahi ere kontuan hartu behar dela Ipar Euskal Herriko langabezia tasa biziki ttipia dela: %6. «Usu, lanik atzematen ez dutenak dira, hain zuzen ere, beharretan diren sektore horietarako trebatuak ez direnak». Azpimarratu zuen webgunearen bidez enpresak eta langileak harremanetan ezartzea duela xede MIGek. Egungo egoera ekonomikoa eta geopolitikoa ikusirik, erran zuen enpresak ez direla fase «iraunkor» batean, eta zaila zaiela geroari buruz gogoetatzea.
Beharrak eta trebakuntza
Philippe Maite L'Argente lizeoko zuzendaria eta Xabi Apeztegi kontularitza aditua ekarri zituzten platora. Izan ere, enpresek behar handiak dituzte kontabilitatearen sektorean, ez baitute langilerik atzematen. «Badira hamar bat urte gabezia handiak ditugula, ez dugulako gazterik erakartzen. Lehen ez zen halakorik gertatzen», esplikatu zuen Apeztegik. Hain zuzen, sektore horren beharrak ikusirik, kontularitza formakuntza bat irekitzeko desmartxak egin zituen L'Argente lizeoak, eta, duela zenbait urte, BTS mailako formakuntza bat eskaintzea lortu zuten. «Orain arte baxelor diploma eskuratu duten gure ikasle guziek lana lortu dute beren sektorean», erran zuen Maitek. Gisa berean, eraikuntzaren sektoreko enpresek zailtasunak dituzte lanpostuak betetzeko. Piarres Ducassou Aribit Baudry hargintza enpresako buruak adierazi zuen lanean ari direla ikastetxeekin, ofizialeen lanbideak «hobeki ezagutarazteko».
Gazteek kolegioan eta lizeoan orientaziorako izan ditzaketen zailtasunak ere aipatu zituzten, eta, horretarako, Helene Charriton Aldazia orientazio eta trebakuntza enpresako burua eta Garapen Kontseiluko kidea eta Lore Aginaga Etxepare lizeoko orientatzailea izan zituzten gonbidatuak. Azpimarratu zuten zenbaitetan gazteek «presioa» sumatzen dutela orientazio hautuak egitean, eta aholkatu zieten ez izateko «tronpatzearen beldur».