Rap kantaria

Odei: «Batzuetan zaila egin zait nire izaera eta rap kantariaren irudia ezkontzen»

Odei Barrosok, 2zio taldean hiru disko egin ondotik, 'Terapia' bakarkako lehen lana plazaratu zuen 2022an. Martxoaren 21ean 'Goizegi hiltzeko' lan berria aurkeztuko du Miarritzeko Atabalen. Hamabost kantuz osatua da.

Odei Barroso, otsailaren 15ean, Hendaian, Alkimia estudioan. J.E.
Odei Barroso, otsailaren 15ean, Hendaian, Alkimia estudioan. J.E.
Joanes Etxebarria.
Hendaia
2025eko martxoaren 1a
05:00
Entzun

Bertso munduan ezaguna da Odei Barroso Gomila (Urruña, 1988), baina lehenago hasi zen rapean. 2zio taldearekin, 2012an plazaratu zuten lehen diskoa, eta, hiru disko geroago, bakarkako bidean abiatu zen Odei Alkimia produkzioekin, sorkuntza prozesu guztia bere gain harturik, bideoak barne. 2022an, Terapia diskoa egin zuen. Goizegi hiltzeko deituko da martxoaren 21ean aterako duen diskoa. Miarritzeko Atabalen aurkeztuko ditu hamabost kantu berriak. Kontzertua dohainik izanen da, baina lekuak aitzinetik erreserbatu behar dira. 

Zaila da galdera ez egitea: Odei bertsolaria plazara itzuliko da?

Ez dut uste, ez. Urrun ikusten dut bertsoa nire eguneroko ibilian. Bertsolaritza pixka bat bazter uztea erabaki nuelarik, azkenean beti mila gauzetan aritzearen sentsazioa nuen, gauza anitz egin baina bat bera ere bururaino ez eramatearena. Beti bertsoan eta rapean, baina beti bietan erdizka bezala. Sentsazio hori nuen, eta erabaki nuen bizi pario gisa hartzea musika. Ez dut uste bertsotara itzuliko naizenik. Uste nuen ukanen nuela nostalgia handiagoa saioak ikustean, baina, egia erran, ez dut ukan; ez dut sentitu nahi nukeela hor goian izan.

Nola borobildu da Terapia zure bakarkako lehen diskoaren ibilbidea?

Gorabeheratsua izan da. Egindakoen damurik ez dut, baina batzuetan erabaki txarrak hartu izanaren arantza bai. Hartu nuen bakarrik aritzeko erabakia; ordu arte talde gisa ari nintzen, babes handiagoarekin. Azkenean, bakarrik zoazelarik, bakarrik zoaz. Ekipo bat badut, biziki inguratua naiz, sostengu handia ematen didate ekipoan diren guztiek beti, eta beti galdegiten dut iritzia eta partekatzen dut dena. Baina izena norberarena da; loreak direnean, ongi, baina harriak direnean, zailago izaten da. Baina terapia bat da hori ere. Behar bat banuen ene baitan, Terapia diskoa egin behar nuen zerbait zen. Nihauren buruarentzat ere idatzi behar nituen testu mota horiek; ordu arte egindako bideetan ez nuen hori adierazteko aukerarik izan, edo atzeman. Zinez barnerako bidaia bat izan zen, eta kontent naiz egin izanaz. Batzuetan biluzten zaren sentsazio hori duzu, baina, hala ere, orain ohartzen naiz hautatu dudala zer erakutsi eta zer ez. Terapia izena zerbaitengatik zuen, zinezko terapia bat zelako niretzat; pixka bat askeago sentitzen naiz hori ateratzeagatik eta hori atera dudanetik. 

Odei Barroso
Odei, otsailaren 15ean, Hendaiako Alkimia estudioan. Han grabatu du disko berria. J.E.
Erran duzu gorabeheratsua izan dela.

Ez da erraza izan beti. Hainbat jenderekin aritu naiz lanean; esperientzia guztiak izan dira aberasgarriak, baina batzuk gogorrak ere bai. Beharbada, ez nintzen hain prest kolpe batzuk hartzeko, nolabait errateko. Beti erraten dut eta uste dut Terapia entzuten duenak ikusten duela ez naizela hain ausarta, nihauren buruaz hain segur... Iduri luke rap kantari bat beti dela bere buruaz segur. Ez pentsa! Beste edonork dituen korapiloak ditut, beldurrak, eta konfiantza eskasia izugarriak ere bai tarteka. Batzuetan zaila egin zait nire izaera eta rap kantariaren irudia ezkontzen. Bertsotan iruditzen zait errazago ulertzen dela umiltasuna; rapean, beste kode bat denez, iduri du ez direla existitzen umiltasuna eta hauskortasuna. 

«Enpresek dirua nahi dute, eta beste proposamen batzuekin zailagoa da, belarrien beste heziketa bat eskatzen baitute»

Gehienetan, askatasunak prezio bat badu. Raparen estereotipoez kanpo aritzea garesti atera da?

Erran nahi dut posible dela rap kantariaren beste eredu bat izatea. Rapzale amorratua naiz ttipitik, eta ikasi dut maluruski kantu matxistak ere entzuten; eduki anitz baztertzen ikasi du ene belarriak rap kantari horiek egiten duten beste zerbait entzuteko. Egia da ez dela beti erraza rapa beste modu honetan egitea. Erranen dizute seriosegia zarela, Terapia ongi dela baina gaualdi batean entzuteko pisuegia dela... Gure herrian musika beti bestari lotua denez, maiz kontzertuak besta baten barnean egiten ditugu. Hor zaila du  bere lekua atzematen nire proposamenak, ez baita ohiko rapa. Ezinezkoa zait matxista izatea holako rap kantariak bezala, eta eduki arinak ez zaizkit ateratzen. Rapa hain kokatua dugu lau paretaren artean, jendeari ere zaila baitzaio entzutea beste rap mota bat. Horregatik inork ez du apustu egin nire alde, argiki errateko.

Erran izan duzu ez zenuela musikaren industriako enpresekin lan egin nahi.

Oso zaila da musikan lekua egitea ez duzularik makineria bat atzean: zaila da emanaldiak ukaitea, zaila irratietan pasatzea. Ikusi nuen talde bat nire filosofiatik aski hurbil zena, baina nik egiten dudana ez zaio inori interesatzen. Haien terminoetan, ez da salgarria. Ez dute apusturik egin nahi holako musikaren alde, holako edukien alde. Horregatik nago ni aski haserre jende horrekin. Zer proposatzen ari gara? Gaztea irratiak erraten dizu ez duela musika hau pasatzen jendeak ez duelako entzuten. Eta nik erranen dizut: «Ez! Jendeak entzuten du zuk pasatzen duzuna, txo!». Enpresek dirua nahi dute, eta beste proposamen batzuekin zailagoa da, belarrien beste heziketa bat eskatzen baitute, beste ikuskera bat... eta hori ez zaio interesatzen sistema horri. Orain, gainera, berdin zait hau erratea; orain arte ez naute lagundu, eta ez naute lagunduko. Jende horrek ordutegiak aldatu dizkit kontzertuetan, haien taldeak jartzeko! Ez ditut izen-abizenak emanen, baina holako gauzak gertatzen dira gure herrian.

2016ko uztailaren 1ean, EHZ festibalean, 2zio taldearekin. Hiru disko atera zituen taldeak Ødei bakarka hasi aitzin. BOB EDME
Odei Barroso, 2016ko uztailaren 1ean, Lekornen, EHZ festibalean, 2zio taldearekin. Odei bakarka hasi aitzin, hiru disko atera zituen taldeak. BOB EDME
Kanpotik ikusirik, halere, iduri luke zure izena ezaguna dela.

Kontent naiz ukan dudan oihartzunagatik eta ditudan aukerengatik. Agian hala iduri lezake nire proposamenari edo beste batzuei sentsiblea zaien ingurune batean, baina ez da hainbesterako, halere. Ez dut batere maite hola mintzatzea, baina ulertzeko zer erran nahi dudan, iruditzen zait talde ttipien eta handien arteko ziloa handituz doala, eta geroz eta zailagoa dela hor mugitzea. Ordainsari handia dutenak daude, eta ttipi-ttipia dutenak. Non daude erdibidekoak? Kontent naiz, ahantzi gabe independentea naizela, lagundua eta jende oso onez inguratua, baina izen handirik gabe gibelean. 

Usu aipatzen duzu periferia. Zentzu guztietan sentitzen zara bazterrekoa?

Egia da, periferiekin sentsibilitate handia dut. Gure hiru herrialdeak hartzen baditugu hemen, Lapurdi ez da periferia, eta biziki kontziente naiz. Baina Euskal Herriari so, hiru lurraldeak dira periferia. Gero Euskal Herriaren barnean ere zenbat periferia ditugun!... Baionan ZUP auzotik hurbil bizi naiz, Maubec karrikan. Halere, iruditzen zait periferian naizela geografikoki. Musika aldetik, nahiz Frantzian eta AEBetan gehien entzuten den musika izan, Euskal Herrian ez da hala inondik inora. Bazter bateko musika da. Eduki aldetik ere ez da gehien entzuten den eduki mota, ez da besta. Min ematen du; egiak ez al du min ematen? Periferietan nago, eta ertz horiekin identifikatzen naiz. 

Soinuaz gain, bideoklipak ere egiten dituzu. Dena kontrolatu nahi duzu?

Nire proiektuari dagokion horretan maite dut eskua denetan ukaitea, eta erabakitzea zer eta nola, dena erabakitzea. Zerbait irudira daramadanean, irudia ere kontrolatu nahi dut. Askotan horrek kalitate apalagoa ekartzen du, izan daiteke. Azken bideoklipean elkarlanean aritu naiz Aitor Arrutirekin, hark egin baitu bideoa; elkarrekin landu dugu, eta maite dut jendearekin lan egitea, baina maite dut denetan eskua ukaitea. Soinuan, disko honetarako, nire mugak nituen gauza batzuk egiteko; LagunArte estudioan grabatu dut disko honetako ahotsa, Bastidan, joan-jin anitzekin, baina uste dut biak kontent ginela azkenean.

Featuring anitz egin dituzu. Euskal rap komunitaterik ba ote da?

Baionan RTZ kolektiboa sortu zuten Zizpan egiten ziren tailerretatik abiatuz. Euskal Herrian rap komunitatea aski enpatikoa da, ene iduriko. Ttipia denez, elkar laguntzeko komunitate bat da. Baionan sentitzen dut giro hori, familia bat da, hautatzen den familia bat. Uste dut raparen familia pixkanaka handituz doala, eta pozik hartuko nuke gehiago izatea; bereziki, euskararen inguruan. Azken urteetan, geroz eta talde gehiagok bi hizkuntzetan egiten dute, eta iduri zait euskara hutsez egiten dugunok zailago dugula hedapena izatea. Uste dut apustuen istorioan hori ere sartzen dela: geroz eta talde gehiago bi hizkuntzetan ari dira. 

«Musika sortu eta entzuten dudanean dut emozio handiena; horrek ez du parekorik. Baina egia da maite dudala jotzea ere»

Disko bat prestatzen duzunean, badu eragina jakiteak nork entzuten zaituen?

Bai, noski, eragina du. Terapia idaztean ez nintzen hain kontziente, beharbada. Disko hau idazteko, kontzienteago nintzen nork entzuten nauen. Baina saiatu naiz berriz ere ez horiei idazten. Senak eskatzen didan hori idazten dut: badira kantuak oso rapekoak, egotrip deitzen dudana baina nire moduan, ez ezagutzen dugun kodeetan. Badira raparen kodeak, baina nire moduan eginak. Badakigu nori idazten diogun, baina beti saiatzen naiz distantzia atxikitzen horrek ez eragiteko idazten dudan horretan. Disko honetan, irekidura handi bat egin dut musika aldetik. Sanpleetan ez da hain iluna, baina eduki aldetik hermetikoa naiz, nahitara. Badut, adibidez, industriaren kontrako kantu bat, senetik atera zaidalako. Kantuak hola dio: «Ez dut lekurik industrian, industriak ez du lekurik Alkimian». Ez dut idatzi pentsatuz nire mendekua dela.

Rapean ohikoa da herra nagusitzea tripak hustean. 

Ateratzen zitzaidana proposatu nahi nuen. Eta uste dut proposa nezakeen bakarra dela, ez gehiago, ez gutxiago, inongo pretentsiorik gabe. Disko honetan bada herra; presentzia polizialari buruzko kantu batean, adibidez. Baionako geltokian bizi naiz, eta Hendaiako geltokira etortzen naiz [Alkimia estudiora]; etxetik ateratzean, poliziaz inguratua naiz: etxeko atean militarrak daude parean sinagoga bat dagoelako. Zer bortizkeriara eta presentzia polizialera ohitu garen! Gauza bera Hendaian etorkinekin... Hor herra ateratzen zait, eta idatzi behar dut; ez dut inoiz pertsonaia bat asmatzen. Bada herrazko kantu bat, industriari buruzko bat, bada euskal esaera zaharrak eta nire esaldiak nahasiak dituen kantu bat, bada maitasunezko kantu bat nire maneran idatzia. Bada rapa ulertzeko dudan modua.

Diskoa martxoaren 21ean plazaratuko duzu. Zertarako gogoz zara?

Jotzeko gogoz. Egia da gehien maite dudan fasea nire kobazulokoa dela, sortzen dudanekoa. Sortu eta entzuten dudanean dut emozio handiena; horrek ez du parekorik. Baina egia da maite dudala jotzea ere, eskaintzea nonbait. Ni eta ekipo guztia gogoz gara jotzeko, mugitzeko. Badu hamabost bat urte rapa egiten dudala, eta ongi bizitzeko nahian ezartzen dut fokua; ez dut anitz sufritu nahi, ahal bada. Nahi nuke ahalik eta gutxien sufritu eta ahalik eta gehien gozatu bide honetaz. Diskoa zazpi lurraldeetan aurkeztuko dugu, eta gero gerokoak.

Motzean

  • Rap kantari bat? Gaur egun entzuten dudana, kode anitz hautsi eta traba egiten duelako: Freeze Corleone. 
  • Bertsolari bat? Maialen Lunjanbio.
  • Herri bat? Baiona.
  • Errima bat? Multisilabikoa: Extremaduratik.
  • Kontzertu gela bat? Atabal.
  • Gai bat? Periferia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.