Baserriko Uzta etxalde ttipien egitasmo kulturala Lohitzünen iraganen da

Agroekologian ari diren etxalde ttipien EHKO kolektiboak antolatzen du urte oroz ekinbidea. Etxaldeak ezagutzeko parada eskaintzen duen ondoko saioa urriaren 12an iraganen da.

Baserriko Uzta
Joan den ekainaren 22ko Baserriko Uzta, Itsason, Gipuzkoan. EHKO
Joanes Etxebarria.
2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

Euskal Herri osoko etxalde ttipiek eta herritarrek osatzen dute EHKO kolektiboa. Agroekologian oinarritua da, eta, zertifikazio bat martxan ezartzeko xedearekin, herrialde guztien arteko harremana ehuntzen du taldeak. Bide horretan, etxaldeak kulturgune bilakatzen dituzte. 2017az geroztik, urtez urte, hainbat etxaldetan trukaketa momentuak antolatu dituzte, beti musikaz lagundurik. Heldu den urriaren 12an izanen da ondoko Baserriko Uzta egitasmoa, Lohitzüne-Oihergiko Pedronia etxaldean.

2007an BLE Biharko Lurraren Elkarteak «alarma jo» zuela gogoan du Olivier Doihenart laborari arbonar eta EHKO kolektiboko kideak: «Laborantza biologikoaren zigilupean, etxalde ttipiez gain, baziren industria itxurako baserri handiak zertifikazioa lortzen zutenak ere, eta sozialki eta ekonomikoki gure balioekin bat egiten ez zutenak», oroitarazi du. Hortik aitzina, agroekologian ari eta autonomia xede duten Euskal Herri osoko etxalde ttipien dinamika abiatu zuten.

Identifikazioa begi bistan

Industrialak biologikoaren zigiluaz baliatzen direnez, EHKO kolektiboko parte diren 220 kideek «marka» berri bat sortzeko beharra ikusten dute laborari eta herritarren artean. Europako arauez gain, estatu bakoitzak bere arauak ditu, eta kolektiboaren partaideek, Doihenarten erranetan, «araudiak errespetatzen» dituzte, baina, gainera, «bertze irizpide batzuk gehitzen» dituzte, izan «lan molde ekologikoari buruz edo harreman sozialei buruz». 

Laborarientzat ez da aise denbora libratzea, are gutiago geografikoki urrun diren laborariekin elkarlan erregularra segitzeko, baina elkarlan hori egitea interesgarria zaio arbonarrari: «Distantzia bada muga bat, baina bada aberastasun bat ere. Gure ofizioa ikusteko manera desberdinak ikusten dira kilometro batzuk eginez». 

«Laster 60 urte ukanen ditut, eta berantenik lau urteren buruan ez naiz gehiago laborari izanen. Utzi baino lehen argi dut ederra litzatekeela Euskal Herriaren parte den dinamika horri harrera egitea»

ANITA DUHAUEHKOko kidea

Orain arte zigilu sistemarik gabe aritu badira ere, orain etxaldeetako mozkinak komertzializatzeko berme sistema parte hartzailea plantan ezartzen ari dira. Marka batek iragartzen dituen balioak lantzen ari dira, Doihenarten erranetan: «Gogoetan aritu gara genero ikuspegitik, gizon eta emazte arteko tratamenduen ikerketei buruz, egoera zaurgarrian direnei buruz, elikadura eskubideari buruz...». Azkenean, hainbat gogoetak elikatzen dituzte EHKO kolektiboaren markak garraiatuko dituen balio desberdinak.

Baserriko Uzta

2017. urteaz geroztik, dinamikaren berri emateko, Baserriko Uzta egitasmoa abian ezarri zuen kolektiboak. Lehen urtean Anari kantaria aritu zen, eta ondotik, urtez urte, etxaldeetara musikari eta kantariak eramaten dituzte kulturaz eta laborantzaz gozarazteko intentzioarekin. Iragan ekainean Gipuzkoan egin zen ekitaldi bat; iragan urtean, Arbonan izan zen, Doihenarten etxaldean; eta ondokoa urriaren 12an izanen da, Lohitzüne-Oihergiko Pedronia etxaldean.

Maddi Oihenart eta Claudine Arhantzet ariko dira kantuan urriaren 12an, eta etxaldea bera ezagutzeko parada izanen da. Anita Duhau Pedroniako laborari eta EHKOko kideari erretretara joan aitzin hunkigarria zaio dinamika berera eramatea: «Laster 60 urte ukanen ditut, eta berantenik lau urteren buruan ez naiz gehiago laborari izanen. Utzi baino lehen argi dut ederra litzatekeela Euskal Herriaren parte den dinamika horri harrera egitea».

Eguna Duhauren ahuntz hazkuntzako etxaldearen bisitarekin hasiko da, eta bisita kantaldiarekin bukatuko. Bukatzeko, etxaldeetako ekoizpenekin eginen dute bazkaria. Etxaldeko laborantzaz gain, Pedronian «interesgarria da sozialki egin duten lana. Beti anitz ikasten da beste etxaldeengana hurbilduz», Doihenarten erranetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.