Baserriak berritu zurginak trebatuz

Euskal Herrian, baserri anitz segidarik gabe gelditu eta bazter utziak izan dira. Halakoak arraberritzeko proiektu bat abiatu dute orain, Ipar eta Hego Euskal Herriko langabeak zurgintzan trebatzeko.

Tomasenea baserria, Urdazubin.
Urdazubiko Tomasenea baserria, artxiboko irudi batean. IBAN DE LA FUENTE
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Baserri zaharrak berritzeko kostua biziki handia izan daiteke, eta, anitzendako, ezinezkoa da hori diruztatzea. Gero eta baserri gehiago galtzen dira horrela; anitz arraberritu gabe dira, eta andeatzen ari dira. Gipuzkoako, Lapurdiko eta Nafarroako mugaldean, anitz etxe dira kasu horretan. Hori izan da Baserriberri proiektuaren abiapuntuan den gogoeta, eta, orain, aterabide bat plantan ezartzea lortu dute hainbat eragilek, Europako Poctefa Mugaz Gaindiko Lankidetza Programaren laguntzari esker. Heldu den irailetik goiti, Ipar eta Hego Euskal Herriko hamabi langabe zurgintzan trebatuko dituzte Urdazubiko (Nafarroa) Tomasenea baserria berrituz. Proiektu pilotua izanen da, eta, lehen deialdiak 2026ra arte iraunen du, 30 hilabeterako diruztapena lortu baitute.

Partaide anitz bildu dira proiektuaren inguruan: Peio Martikorena fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Ipar Euskal Herriko Misio Lokala, Oarsoaldea Garapen Agentzia, Angeluko Goi Ofizialeen Formakuntza Zentroa (CFA des Compagnons), Irungo Bidasoa campusa, Donostiako Easo Politeknikoa eta Iruñeko Donibane Lanbide Heziketa Institutua. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren %65 diruztatu du, Poctefaren bidez.

Langabeez gain, partaide diren eskoletako aprendizek ere proiektuan parte hartuko dute, ateraldi bereziak eginez. Martxoan aurkeztu zuten egitasmoa, «epe luzeko lankidetza baten hasiera gisa». Gerora begira, eta proiektu hori abiapuntua izanik, mugaz gaindiko formakuntza gune bat sortu nahi dute partaideek, lan merkatuaren errealitatera egokituz.

Langabeei zuzendua

Zigor Goieaskoetxea Ipar Euskal Herriko Misio Lokaleko hezitzaileak adierazi du, hasteko, Baserriberri proiektuaren helburua langabeak laneratzeko metodologia bat plantan ezartzea dela, zeinak mugaz gaindiko errealitateentzat balioko duen. «Hego eta Ipar Euskal Herriko langabeen jarraipena egiteko metodologia bateratu bat plantan ezarri nahi dugu gauden partaideen artean. Hari gorria baserri bat arraberritzea izanen da, eraikuntza obra formatzaile baten bidez».

Formakuntza egin ondotik, diploma bikoitza eskuratuko dute hamabi gazteek: Hegoaldekoa eta Iparraldekoa. «Gazte horiei aukera eman nahi diegu lan egiteko bi aldeetan», zehaztu du Goieaskoetxeak. Misio Lokalaren ekarpena, bestalde, langabeak formakuntzaren bururaino joanen direla segurtatzea izanen da, eta, ondotik, lana bilatzen laguntzea.

Zurgintza ardatz

Zehazki, zurgintza eta teilatugintza ikasiko dituzte formakuntza denboran. Iban De la Fuente Angeluko Goi Ofizialeen Formakuntza Zentroko zurgintzako goi ofiziale eta formatzaileak esplikatu du ikasleek egurrezko egiturak egiten ikasiko dutela, baserria arraberrituz. «Gure ondareak berriztatzea da helburua, eta galdu diren gure lanbide horiek berreskuratzea. Ikasleek obrak egiten dituzten bitartean ikasiko dute». Proiektuaren aurkezpenean azaldu zutenez, erraterako, geroz eta baserri gehiago bazter utziak dira. Arrazoi bat baino gehiago badira horren gibelean: landa eremuak jendez husten ari dira, laborari geroz eta gutxiago bada, eta baserriak arraberritzeak kostu handia du. Gainera, obra mota horiek egiteko espezializatuak diren ofizialeak eskas dira.

«Gure ondareak berriztatzea da helburua, eta galdu diren gure lanbide horiek berreskuratzea. Ikasleek obrak egiten dituzten bitartean ikasiko dute».

IBAN DE LA FUENTE Zurgintzako goi ofizialea

De la Fuentek uste du sustut Hego Euskal Herrian egurrezko egituren egiteko lanbideak galdu direla: «Altzarigintza oraindik egiten da; teilatugintza, haatik, ez». Proiektuaren bidez, lanbide horiek «berriz sustatu» nahi dituzte. Aldi berean, zurgintzaren arloan Hego Euskal Herrian eskulan beharra badela esplikatu du De la Fuentek, eraikuntzaren arloa garatzen ari baita. Mugaz gaindiko proiektua denez, parte hartzen duten beste lanbide-heziketa eskolekin batean, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz izanen diren klaseak prestatzen ari dira ikasleak trebatzeko. Gero testuliburu bat argitaratzea da asmoa, hiru hizkuntzetan erabili ahal izanen dutena.

«Eraikuntza obra bidezko formakuntzari esker, lanbidea ikasiko dute aldi berean praktikak eginez. Produzituko duten horretan oinarrituko da haien ikasketa prozesua».

ZIGOR GOIEASKOETXEA Hezitzailea

Formakuntzaren gauzatzeko moldeak «alde onak» dituela uste du Goieaskoetxeak. «Eraikuntza obra bidezko formakuntzari esker, lanbidea ikasiko dute aldi berean praktikak eginez. Produzituko duten horretan oinarrituko da haien ikasketa prozesua». De la Fuentek argi du «teoria praktikan» ezartzeko balioko duela egitasmoak.

Ondarea berreskuratu

Baserriberri proiektuak badu aurrekaririk. Erraterako, Gaztegur proiektuan parte hartu zuten jadanik formakuntza zentro batzuek; tartean, Angeluko Goi Ofizialeen Formakuntza Zentroak. Gaztegur proiektuan, Pasaiako (Gipuzkoa) Albaola itsasontzia eraikitzen ari diren lekuan, zurezko jangela eraiki zuten aprendizek. «Horren ondorio ere bada Baserriberri proiektua, eta, bietan, arkitekto bera da: Jabier Lekuona».

Lehen urratsa Tomaseneko obrak egitea izanen da, baina, epe luzera, helburu dute baserri horretan gazteak bizi ahal izatea. Tomasenea lehen esperientzia izanen da, baina De la Fuentek espero du gerora segituko duela egitasmoak eta ezinean diren laborari batzuei ere aukera emanen zaiela ondare hori berritzen laguntzeko. Bestalde, Albaolako itsasontzia berritzeko obretan egiten ari diren bezala, Tomaseneko obrak bisitariei irekitzeko asmoa dute. Pasaian bezala, baserriaren ondoan obrak prestatzeko atelier bat muntatuko dute, eta, ahalaz, parte hartzaileentzako lo egiteko toki bat.

Trukea

Langabeei formakuntza bat emateaz gain, «proiektu kultural bat» ere bada, De la Fuenteren ustez, Euskal Herriko ondare bat berreskuratzeko lan eginen baitute, baita lanbide bat berreskuratzeko ere. Hilabete guziz ateraldiak antolatuko dituzte langabeek partaidetzan diren ikastetxeetako ikasle aprendizekin batera. «Alde bateko eta besteko lantegiak, eskolak eta erakustokiak ezagutzeko izanen dira ateraldi horiek, gazteek elkar ezagutzea sustatzeko eta harremanak indartzeko», esplikatu du Goieaskoetxeak. De la Fuentek zehaztu du ateraldiek ondarearen ezagutzarekin lotura izanen dutela, eta «praktikoak eta ludikoak» izanen direla.

12

Langabe partaideak. Baserriberri proiektu pilotua izanen da, aurtengo irailetik goiti. Hasteko, hamabi gazte langabek parte hartuko dute: Iparraldeko lauk eta Hegoaldeko zortzik. Zurgintza diploma bikoitza eskuratuko dute formakuntzaren bukaeran.

Gazteen arteko harremanak bai, baina eragileen artekoak ere garatu nahi dituztela esplikatu du Goieaskoetxeak. Batez ere, Misio Lokalak bezala laneratzearen arloan lan egiten duten Hego Euskal Herriko eragileekin lankidetza garatzea espero du. «Laneratze eragileen arteko partaidetza indartzea ere izanen da helburua. Elkarrekin lan bateratu bat eramaten ahal dugu, eta gauzak garatzen ahal ditugu, langabeek Euskal Herri osoan lan egiteko aukera izan dezaten. Hiru administrazio izanik ere, lurralde bakarra da».

Mugaz gaindiko proiektua izanen den heinean, «trabak gainditzeko» aukera gisa ikusten du De la Fuentek proiektua. Egungo egoera hobetzeko balioko duela esperu du: «Ematen du ezetz, baina traba anitz badira Hego Euskal Herriko ikasle bat Ipar Euskal Herrira ikastera etortzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.