Aines Hariztoi

Basapiztiak

2024ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun

Maiatzaren 3an Donibane Lohizuneko hotel batean emazte gazte baten hilotza aurkitu da, urtarrilaz geroztik hainbat aldiz zafratua eta laguntza eske joan zen emazte berarena. Justiziak bere bikotekidea begitan hartua omen zuen. Ez ihizian. Justiziak gauzak serioski hartu izan balitu, hilketa saihets zitekeen. Neskaren izena ez dakigu, prokuradoreak ez du erran nahi izan. Giza salbaikeria hutsaren beste biktima isil bat.

Hortik egun batzuetara, emazteei zuzendutako galdera bat itzulika ibili da sare sozialetan: «Basoan bakarrik bazaude, nahiago duzu gizon batekin edo hartz batekin topo egin?». Galderari ez diot zentzu handirik harrapatu hastapenean, erantzunek aho zabalik utzi arte. Zundatutako %78k hartz bat gurutzatzea nahiago dute. Arrazoiak anitzak dira. Zenbaitek diote hartz batek senez erasotzen duela, eta ez gozamenez. Batzuek gizon baten sexu erasoari beldur handiagoa diote hartz baten eraso hilgarriari baino. Baina asko segur eta fida daude jendarteak gehiago sinesten duela hartz baten erasoari gizon baten jazartzeari baino. Horrek errealitate sozial eta kultural beldurgarri bat adierazten du zalantzarik gabe.

Arrapostu horien aitzinean, gure basapiztiak oihanetik atera dira, hortz, aztapar eta erpe guziak kanpora. Orroaz hasi dira, erraietan gordetako izua aitortu duten emazte hauek mehatxuz eta listuz zaurituz.

2003az geroztik 119 krimen matxista egin dira Euskal Herrian. Zenbat hartzek jendeei eraso egin ote diete? Dakidanaz, ez bakar batek ere. Nor dira egiazko basabereak? Zalantza guti dut erantzunaren inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.