Baziren bi urte aipagai zela, eta azkenean martxo hondarrean sortu zuten elkartea: OPLK, Osasungintzako Profesionalen Lekuko Komunitatea —CPTS frantsesezko sigletan—. Izenak argitzen duen gisan, osasungintzako profesionalak saretzeko elkarte bat da berez, baina lurralde eskala bereziarekin: Garazi, Baigorri, Oztibarre, Irisarri, Amikuze, Atharratze, Maule eta Salbaterra (Biarno) biltzen ditu egitura sortu berriak. 2022an gisa bereko elkarte bat sortu zuten Hego Lapurdin, eta barnealdekoa bigarrena da Ipar Euskal Herrian.
Eskualdeko Osasun Agentziak bultzatu du elkartearen sortzea, eta herritarren joan-jinen azterketa baten ondorioz finkatu zuten osasun lurralde berria, OPLK-ko koordinatzaile Jenofa Lamarque erizainaren erranetan: «Jendea errazki mugitzen da lurralde horien artean». Ibar bakoitzeko ordezkariek osatzen dute administrazio kontseilua, «profesionalen artean komunitate bat sortzea» helburu.
Eremu berezia marraztu da azkenean. Izan ere, bi lurralde administratibotako osasun langileak bilduko ditu elkarteak: Euskal Hirigune Elkargokoak eta Salbaterrako Herri Elkargokoak. Osasun egiturei dagokienez, bi lurraldetakoak barne hartuko ditu: Baionako eta Paueko gizarte segurantzak. Gainera, ospitale batekin baino gehiagorekin aritu beharko dute: Baionako ospitaleak kudeatzen ditu Donapaleu eta Donibane Garaziko adarrak, eta Paueko ospitaletik kudeatzen dituzte Orthezeko (Biarno), Oloroeko (Biarno) eta Mauleko adarrak. Lamarquek onartu du hostopil horrek «zailtasunak edo oztopoak» ekarriko dituela, baina erran du aztertu duten jendeen «mugikortasunaren arabera pentsatua izan» dela.
Interesa pazienteena izanen dela argi du, baina, profesional gisa, Lamarquek uste du osasungintzako ofizio eta eremu desberdinetako langileen artean «informazioa, jakintzak, esperientzia eta problematikak trukatzeko» tresna izanen dela OPLK. Erizainari, barnealdean bereziki egokia irudi zaio eremu zabalagoan antolatzea: «Hiritik kanpoko eskualdeetan bereziki, elkarlana bultzatzeko beharra sentitzen da, informazioa ukaiteko zailtasunak badirelako eta pixka bat bakartuak gaudelako».
Artikulazioa martxan
Elkartearen administrazio kontseiluan hamabi kide dira; horiek horrela, azpilurralde bakoitzeko kideak izanen dira denen ordezkaritza bermatzeko. Horrez gain, arlo desberdinetako profesionalak ordezkatuak izanen dira: medikuak, erizainak, fisioterapeutak... «Azpilurralde guztiak kontuan hartuak dira, eta, profesionalen artean, ez dira bakarrik medikuak izanen», Lamarquek zehaztu duenez. «Osasun lurraldea» antolatzeko bidea da hasi nahi luketena; horretarako, koordinatzaileak profesionalei haien beharrak aztertzeko inkesta bat igorri die, eta herritarren iritzia ere bilduko du ondoko asteetan, lehentasunak finkatzen hasteko.
«Helburu bat izanen da lurraldea erakargarriago izan dadin mediku eta erizain berriak jinarazteko».
JENOFA LAMARQUEErizaina, OPLK-ko koordinatzailea
Hastapena da, baina profesionalen saretzeak pazienteak hobeki artatzeko manera ekar lezakeela uste du erizain amikuztarrak. Medikuentzat eri bat ospitalera igortzea zaila izan daitekeela jakitun, pazienteen «ibilbidea» beste gisaz finkatzea ekarriko du OPLKren lanak, Lamarquen ustez: «Elkarteak xede hori du: eritasun berezi batzuentzat osasun ibilbide berriak sortzea; etxetik medikuarengana, eta medikuarenetik ospitalera, hausturarik izan gabe, eta erraztasun gehiagorekin».
Xedea aurkezteko lehen bilkura publikoa Donapaleun egin zuten, apiril hondarrean, laurogei bat herritar eta osasungintzako profesionalen artean. Elkartearen «interesa» ulertarazteko balio izan zuen. Hilabete batzuen buruan, profesionalen eta herritarren beharrak aztertu ondoan, elkarteak proiektu bat muntatu eta Eskualdeko Osasun Agentziari eta gizarte segurantzari aurkeztuko die, bi egitura horiek baitute diruz lagunduko.
Arazo batzuk identifikatuak dituzte jadanik, hala nola medikuen eskasia: «Medikuak eskas dira; erizainak eta beste profesionalak ere bai. Behar handi bat da, oztopo anitzen iturburua. Helburu bat izanen da lurraldea erakargarriago izan dadin mediku eta erizain berriak jinarazteko», argitu du Lamarquek. Frantziako Estatuko lurralde batzuetan, preseski, arazo horri aterabideak atzeman dizkiote gisa bereko elkarteetan.